GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Naiara Sampedro Donostiako Udaleko Gazteria zinegotzia

Hau guztia da Txantxarreka

Gune autogestionatua izango da, gazteek gazteentzat, auzotarrek auzotarrentzat, egina

Ez da erraza norberaren burua nola gaitzesten duten ikustea. Are gutxiago, gaitzespen hori publikoa denean, denen aurrean, eta denen begi-bistan. Horregatik nire lana azaldu beharra daukat. Aste gogorra izan da honakoa, kritikak entzutea ez baita erraza. Baina egia da babesa ere jaso dudala, eta nire konpromiso politikoetan aurrera egiteko inoiz baino kemen handiagoa daukadala. Donostiako udal gobernuak Antiguako Gaztegunearen proiektua berretsi du aste honetako Udalbatzan. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak berak esperientzia pilotu hau eredugarria dela adierazi du, proiektua bera txalotuz. Eta bat nator ni iritzi horrekin; horrelako proiektuak eredutzat hartu behar dira, eta auzitan jarri beharrean, txalotu egin behar dira. Oposizioko alderdiek ni gaitzetsi naute, baina hau aitzakia baino ez da izan politika egiteko eredu bat gaitzesteko, parte hartzea oinarri duen eredua gaitzesteko, baita, zergatik ez esan, gazteak gaitzesteko ere; azken batean, ni ere gaztea naiz, eta oso kontziente naiz gazteen beharrez.

Politika egiteko bi ereduren arteko talka izan da aste honetan agerian geratu dena, zeharo ezberdinak diren ereduak. Udal gobernu honek gauzak beste modu batera egiten ditu, herritarrak entzunez, kasu honetan gazteak, beraiei hitza emanez, beraiekin elkarlanean arituz, eta prozesu aberasgarri baten ostean, beraien eskura azpiegiturak jarriaz. Guk eredu honetan sinesten dugu, baina, antza denez, beste batzuek, ez.

Antigua auzoan dagoen etxe bat gazteen eskuetan uztea izan da gure delitua. Villa Alegria. Hutsik zegoen eraikinari bizitza eta kolorea emango diote aurrerantzean gazteek, bertan ekintza kulturalak eta sozialak eginaz. Gune autogestionatua izango da, gazteek gazteentzat, auzotarrek auzotarrentzat, egina. Baina lagapena ez da egun batetik bestera egin. Abiapuntuan gazteen aspaldiko eskaera bat dago, behin eta berriz aldarrikatu baitute espazio propio baten beharra, eta guk, irtenbide bat bilatze aldera, prozesu parte-hartzaile bat abiatu genuen urte hasieran gazteekin batera, prozesu aberasgarria, emaitza polita izan duena.

Elkarlanean egindako ariketa izan da. Zortzi hilabetez hogei bileratik gora egin ditugu, proiektuaren oinarriak ezarriz eta ezaugarriak finkatuz. Nekeza izan da batzuetan, baina gauzak bideratzen jakin dugu, eta horri esker jaio da egitasmo eder hau: Donostiako aurreneko gaztegunea, gazteek beren kabuz kudeatuko dutena, autogestioa ardatz.

Gazteok ekarpen asko ditugu egiteko gizartean. Eta gazte aktiboak eta konprometituak garen heinean, guneak behar ditugu elkartzeko, hitz egiteko, hausnarketa sustatzeko, gauzak egiteko.

Hori guztia da Txantxarreka. Esperientzia pilotu bat, gazte guztiei zabalik dagoena, ateak irekiak dituena, eredugarria, eta hiriko beste auzoetara zabaltzea espero duguna. Bide berriak urratzea ez da erraza, baina horretan jarraituko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo