GARA > Idatzia > Euskal Herria

Santurtziko bikote bat zendu da Kuartangon, autobidean behera erorita

GARA | KUARTANGO

Senar-emazte bikote bat hil zen atzo arratsaldean AP-68 errepidean zihoala, Bilborako norabidean, Kuartango parean autoa bidetik atera eta 10-15 metroko altueratik zelai batera erorita. Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, Santurtzin bizi ziren eta 78 eta 76 urte zituzten.

Iturri berek azalduz zutenez, 16.20 aldera gertatu zen istripua eta SOS Deien abisua jaso orduko abiatu ziren Arabako udalerri honetara Osakidetzako anbulantziak, suhiltzaileak eta Ertzaintzaren patruilak. Iritsi zirenean, Ford Mondeo autoaren barruan harrapatuta aurkitu zituzten bidaiariak.

Suhiltzaileek ateratzea lortu zuten eta, behin kanpoan, larrialdi zerbitzuetako langileak suspertzen ahalegindu ziren, baina ezinezkoa izan zen. Zauriak larriak ziren eta bi lagunak hil egin ziren.

Bi heriotza horiez gain, beste sei gertatu dira aste honetan Euskal Herriko errepideetan. Astelehenean hiru pertsona zendu ziren Laudion, Deikaztelun eta Murun, tartean Maria Rosario Sucunza Azcona Lodosako Pablo Sarasate Institutuko zuzendaria. Ostegunean eta asteazkenean, berriz, bi motorzale eta ume bat zendu ziren Astigarragan, Muxikan eta Oionen.

Arrantzale bat zaurituta

Lakuako Segurtasun Sailak beste ezbehar baten berri ere eman zuen. Atzo, 16.00ak inguruan, 30 urteko gazte pasaitar bat helikopteroan eraman behar izan zuten Donostiako Ospitalera, Uliako pasealekuan olatu batek arroka baten kontra bulkatu ondotik. Itsasoa zakar zegoen atzo. Gizonezkoa arrantzan ari zen pasealeku honetatik hurbil, haitz batzuetan, eta, kolpearen ondorioz, bizkarrean zauriak egin zituen. Horiek ez zioten mugitzen uzten.

Zaurituaren adiskide batek SOS Deiei abisua eman, eta, iristeko leku zailean zegoenez, Ertzaintzaren helikoptero baten laguntza behar izan zuten mutila erreskatatu eta erietxera eramateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo