HAUR LITERATura, poesia
Argiz betetako hitzak
Asun AGIRIANO
Liburu batzuen irakurketak ontzen denbora behar du, ardoaren metafora erabiltzen da sarri horrelakoetan; izan ere, zenbait irakurketaz gozatzeko patxada hautatu behar dugu. Poesia-generoak, merkatuaren legeetatik at, horrela eskatzen du, eta, beraz, geuk ere, denbora faltak sortzen digun larritasuna alde batera utzita, ekingo diogu liburuaren iruzkinari.
Azalean Agurtzane Villate marrazkilariak argitzen digu gaia, tximeleta batek hizkiak kolorez betetzen ditu. Hitz joko bitxia izenburuarena ere: “Tximeletrak”. Interesa eta arreta berehala pizten da irakurleengan.
Olerki-koktel bat den aldetik, ez da erraza esaten zer adinetara zuzenduta dagoen, poema batzuk gurasoek haur txikiei irakurtzeko dira, samur ulertzekoak edo abesti ukitua dutenak, “Zeruan zer berri?”, adibidez, edo “Euri tantak”.
Beste batzuek, berriz, ukitu poetikoa nabariago dute eta izan daitezke zailagoak, “Sorgin-gurpil” edo “Ene gorputza”. Aho-korapiloak ere badira tartean, “Haizeak eramandakoa”, kasu.
Olasok sarri egiten dio umoreari keinu, eta bukaeran ezusteko efektua dutenak ere ugari dira, “Euliarena” edo “Surfaria”. Liburua bi ataletan banatua dago: “Tximeletrak esnatzerakoan” eta “Tximeletrak oherakoan”, eta errazago aurkitzeko, amaieran aurkibidea.
Finean, poema narratiboak dira, bere txikian ipuin oso bat dutenak. Olerki jostalariak, animalia, natura eta pertsonen sentimenduaren ingurukoak. Ahots propioa du Olasok, eta herri-tradizioa ondo ezagutzen duela erakusten digu, beti ere, kezka hori aldean.
Irakasle zein gurasoek jakin badakite zenbat maite dituen haurrak ahozko kontakizunak, hitzak dastatzeko beste modu bat baitira. Zentzu honetan, irakurri baino, olerkiak buruz barneratzea da onena, hor sortzen baita heldu eta haurren arteko magia eta komunikazioa, hortxe sortu jolasa eta berotasuna. Rabelais-en hitzetan, ahoz esanak, mintzatuak, berotu egiten omen du, biziarazi. Eta Juan Kruz Igerabidek dio ipuin edo poemak, ozenki adierazita, adimenaren eta izaeraren leku ezkutuak berotu egiten dituela, irudi berriak sorraraziz. Hauxe dugu liburu honen indarra, ozenki irakurritako hitzen erritmoak haurrengan zirrarak sortzen dituela. Horregatik da aurrez aurre ezagutzeko liburua.
Hitz hauek argia ikusi baino lehen, jakin dugu aurtengo Haur Literaturako Euskadi Saria liburu honi eman diotela. Zorionak Olasori, eta zorionekoak gu.