Egiaren bilaketa muin hartuta idatzi du Xabier Etxaniz Rojok «Sirena hotsak» ipuin bilduma
A. A. | DONOSTIA
Azken lanetako ildoari eutsita aurkeztu du Xabier Etxaniz Rojok «Sirena hotsak» ipuin-bilduma: maitasuna, hirugarren adineko gorabeherak eta gatazka politikoa. Halaxe azaldu zuen idazle pasaitarrak liburuaren aurkezpen ekitaldian, eta bere idazketan aldaerarik izan dela gaineratu zuen: «Ipuin luzeagoak atera zaizkit; lehen saiatzen nintzen gauza asko kontatzen modu motzean eta, orain, arnas luzeko idazketa atera zait».
Lau ipuinek osatzen dute «Sirena hotsak» eta lehena da horietatik luzeena, «Machu Picchu» izeneko kontakizuna, zeinak «guk egin nahi ez ditugun lanak egitera» Nikaraguatik Euskal Herrira etorritako emakumezkoa duen protagonista. Bigarrenean, «Akelarrea» izenekoa, bere aita zenaren liburu sonatuak berreskuratzen dituen liburuzaina da kontakizunaren muina. Hirugarrenak EREan dagoen eta AEBetara Lakers-en saskibaloi partida bat ikustera joatea amesten duen langilearen istorioa kontatzen du. Laugarrenak, azkenik, «gazte garaian kale borrokan aritutako hiru lagun» ditu protagonista. Lau istorio ezberdin baina, idazleak esan bezala, helburu bera dutenak: egiaren bilaketa.