GARA > Idatzia > Euskal Herria

Urko padurari dagokion itxura eta izaera itzuli nahi dio Sopelako Udalak

Sopelako Udalak Urko paduran proiektu bat abiarazi du, baina ez urbanizatzeko, hango naturaren osasuna berreskuratzeko baizik. Bertoko espezieez osaturiko baso bat birsortuko dute, baita putzu bi hezegunearen biodibertsitatea aberasteko, herritar guztientzat ekarriko dituen onurak dirutan neurtu ezin diren egitasmoan.

p016_f01.jpg

Nerea GOTI

Sopelako Larrabasterra auzoan, Urko padura berreskuratzeko lanak duela aste batzuk hasi ziren. Inguruan egin diren lurren mugimenduak ez dira oraingoan deus eraikitzeko izango. Lan horien atzean ez dago Bizkaiko kostaldeko inguru horretan orain gutxira arte hain ohikoak izan diren urbanizazio egitasmorik batere. Udalak abian jarritako ekimenak helburu nagusi bat du: padura horren eremu bat ingurumen aldetik berreskuratzea, eta ondorioz, herritarrek ere «inguru natural eta berde batez gozatzeko aukera» izatea.

Esan eta egin, lanak martxan daude eta abendurako bukatuta egotea espero dute 14.420 metro koadroko azaleran egingo den jarduketa. Udalak bultzatutako proiektu honek 200.000 euro inguruko kostua du, eta horren %80ko finantziazioa lortu du Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lakuako Gobernuaren diru-laguntzetan.

Aurreko arau subsidiarioetan, kirolgunea egitea aurreikusita zegoen orain lehengoratu nahi den inguruan. Eremu hori, baina, jatorriz hezegunea da. Ibai bi igarotzen dira handik: Gobela eta Lemotza, eta euriteekin, urak berea bereganatu nahi izaten du.

Azken urteetan natura eremu hori hondatzen joan da. Hainbat zati txintxorrez beteta zeuden, eta sastrakek eta espezie inbaditzaileek hartua zuten ingurua, batez ere «mustuka» ezagunek.

Horregatik, abendura bitartean egingo diren lanek bertako landaredia berreskuratuko dute, habitat berriak ezartzeari begira. Urkoko berezko ekosistemak birsortzea eta bioaniztasuna handitzea dira helburu nagusiak, eta horretarako, Gobela eta Lemotza ibaien artean bertako espezieetako zuhaitzen baso bat ere sortuko dute. Barruko aldean haritzak landatuko dituzte, eta putzu bi egokitu dira, gune hezeko biodibertsitatea handitzeko eta mehatxupean dauden espezieak (anfibioak, hegaztiak...) eremu horretara egokitu daitezen.

LaSuma Paisajistak lan horien ardura duen taldeko teknikari Gaizka Zuazok proiektuak «ekologia aplikatua» duela ardatz azaldu zuen. «Toki horretan, berez, segida ekologikoa sortuko litzateke prozesu baten bidez. Horrek esan nahi du, adibidez, orain sastrakak eta sasiak dauden tokietan honelako ibai-gune bateko espezieak, hots, zuhaixkak eta zuhaitzak agertuko liratekeela. Orain oso balio ekologiko urria duen eremu horretan naturari berez izan behar duen segida hori izaten lagunduko diogu, sastraka batzuk garbitu, kendu, eta landaketa txiki batzuk egin prozesu hori bultzatzeko». «Orain badaude animalia batzuk, ikusten da zeozer, baina berreskurapen ekologikoarekin berpiztuko da», zehaztu zuen.

Babestu beharrekoa berreskuratu

Saioa Villanueva Sopelako alkatearen iritziz, egitasmoak bi zeregin nagusi ditu: «Oso andeatuta zegoen natura gune bat berezko dituen ezaugarrien arabera berreskuratu» eta herritarrei berdegune zabal bat eskaintzea, batez ere Larrabasterra auzoari «onura eta bultzada» ekarriko diona.

Aurreko udal gobernuek egindako kudeaketaren aldean oso bestelako egitasmoa da. «Ingurumen arloan garrantzitsuak diren lurrak porlanez betetzeari uztea eta naturari dagokion eremua itzultzea» defenditzen du udal gobernuak. Horregatik, eraikitzea xede nagusi izan duten aurreko udal kudeaketen aurka, beste norabide bat hartu du Bilduk. «Guztiz urbanizatuta daukagun kostaldean, interbentzioak eraikitzeari begirakoak izan dira babestuta egon beharko liratekeen eremuetan ere eta beste ildo batetik joan nahi dugu, jatorriz balio espezifikoak dituzten gune horiek babestu behar ditugula uste dugu, zaindu eta berreskuratu», azaldu zion GARAri Villanuevak. Urkoko egitasmoa «urrats garrantzitsua da, eta norabide berean urrats gehiago» egiteko asmoa azaldu du Alkatetzak.

Sopelarrek egitasmoan parte hartzeko aukera izango dute. Abendu hasieran hitzordua dute herritarrek zati bat auzolanean landatzeko, eta egindakoaren azalpenak emango dizkiete herritarrei. «Komunikatzen eta gauzak azaltzen ahalegintzen ari da Udala, eta inportantea da bertan egin dena ulertzea, zergatik ikusiko dituzten landare txikiak, horren atzean etapa ezberdinak daudela... proiektuak harrera ona izan du», nabarmendu zuen Zuazok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo