GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

mendi lasterketak EMF-ren hitzorduak

Agirrezabala eta Zinca sasoikoenak izan dira azken bi proba ofizialetan

Leire Agirrezabalak eta Ionut Zincak Euskadiko Txapelketarako baliagarria zen Gorbeia Suzien lasterketa irabazi dute. Bi lasterkariok, Euskadi Kopako azken lehia ere, Goierri Garaia proba, eskuratu dute.

p049_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Aurreko kronika batean aipatu genuen mendi lasterketen denboraldiak laster itxiko dituela ateak. Euskal Mendizale Federazioak antolatutako hitzordu ofizial guztiak jokatu dira bederen. Azkenak, Euskadiko Txapelketako zein Kopako azken proba.

Urriaren 19an, Gorbeia Suzien lasterketaren bigarren edizioari egokitu zitzaion txanda. Nahiz eta Euskadiko Txapelketarako baliagarria zen, aitortu behar da espainiar Estatuko lasterkari garrantzitsuenetariko batzuk Zeanuriko irteera puntuan zeudela. Han ziren, besteren artean, Tofol Castañer, Miguel Heras eta Zaid Ait Malek.

Aritz Egea oso indartsu hasi zen, baina atzean, oso denbora gutxira, Ionut Zinca zuen. Gorbeiako tontorra iritsi bezain laster, jaitsieran, Zinca lasterketaren buru jarri zen eta halaxe iritsi zen helmugaraino. Irabazleak 2 ordu eta 28 minutu behar izan zituen, eta, denbora horri esker, errekorra ezarri zuen. Bigarren postuan Jabier Crespo helmugaratu zen, eta Ait Malek, hirugarrenean.

Nesketan, bestalde, Leire Agirrezabalak ez zuen batere arazorik izan proba irabazteko. Lasterketa kontrolpean izan zuen une oro, hasieratik amaieraraino. 3 ordu eta 3 minutuko denbora egin zuen. Elena Loyok bigarren postua sinatu zuen, eta Nuria Picasek, hirugarrena.

Beste euskal txapelak era honetan banatu ziren. Kadeteetan, irabazleak Leire Fernandez eta Asier Isusi izan ziren. Juniorretan, berriz, Ander Garmendiak irabazi zuen. Andrea Garai eta Joseba Urbano izan ziren azkarrenak promesetan. Beteranoetan, berriz, Alizia Olazabal eta Mikel Iruretagoiena.

Azken proba

Euskadiko Koparen azken hitzordua, bestalde, urriaren 29an izan zen. Goierri Garaia proban 200 lasterkarik hartu zuten parte, eta Euskadiko Txapelketan bezala, Agirrezabalak eta Zincak ez zuten buruhausterik izan proba hori irabazteko.

Lehen esan dugunez, gizonezkoetan, Zinca izan zen azkarrena. Pedro Jose Hernandez bigarren postuan helmugaratu zen, eta Imanol Goñi, hirugarrenean. Hain zuzen, Goñi Euskadi Kopan izan den korrikalaririk erregularrena izan da, eta berarentzat izan da aurtengo ekitaldia.

Emakumezkoetan ere ez zen ezustekorik izan, eta Agirrezabalak aise irabazi zuen Goierri Garaia lasterketa. Bigarren postua Aitziber Ibarbiarentzat izan zen; irabazlearengandik bederatzi minutura heldu zen. Montserrat Vazquezek hirugarren postua lortu zuen; Agirrezabalak 17 minutuko aldea atera zion.

Nahiz eta azken proba horretan ez zuen parte hartu, Alizia Olazabalek eskuratu du Euskadiko Kopako garaikurra. Jokatu diren sei probetatik erregularrena izan da.

Aipatu beharra dugu ere talde indartsuena Arrolape izan dela. Graficas Sestao talde handiaren aurretik geratu da. Gogoratu behar da talde bizkaitarrak Espainiako Taldekako Txapelketa irabazi zuela.

indartsuenak

Leire Agirrezabalak eta Ionut Zincak EMFren azken bi hitzordu ofizialak irabazi dituzte: Gorbeia Suzien eta Goierri Garaia lasterketak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo