GARA > Idatzia > Kultura

KRónica | Tolosako 45. abesbatza lehiaketa

Suediarrek asmatu zuten Leidor bereganatzen

Tolosako 45. Abesbatza Lehiaketako helduen bost txapelak eskuratzeaz gainera, publikoa ere bereganatu zuen St. Jacobs gazte abesbatzak. Hogei urte igarota, berriro ere suediarren freskotasun eta gaztetasunak ahoa bete hortz utzi zituen Leidorren bildutakoak.

p056_f04.jpg

Amalur ARTOLA

Preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzeak egin zien ongietorria atzoko goiz euritsuan Tolosako 45. Abesbatza Lehiaketa ikusteko asmoz Leidor antzokiko atarian bildu zirenei. Batzuek kuriositatez aztertu zituzten zuhaitzetik zuhaitzera lotutako soketatik zintzilik zeuden dispertsioaren ondorioen gaineko kartelak; beste batzuek reflexak atera eta «Preso eta iheslarien eskubideen alde. Tantaz tanta itsasoa gara» lemaren atzean pilatutakoei argazkiak ateratzen jardun ziren. Hala bildu ziren, apurka-apurka, giza ahotsek bat egiten dutenean sortzen den arteak erakarritako hamaika jatorri eta nazionalitateko ehunka pertsona.

Ekitaldia hasi baino ordu laurden lehenago, 11.15ean, ireki zituzten Leidorreko ateak eta, sarrerak eskuan, horien bueltan pilatu ziren ikusleak, kanpoko hotzari aurre egiteko epeltasun bila. Behin barrura sartutakoan, batzuek nahiko lan izan zuten esku artean zuten txarteltxoak zehazten zien ilara eta eserlekua aurkitzeko eta aretoko argiak apaltzen hasi arte ez zen eten jendearen burrunba, ezta beroki eta aterkien dantza ere. Orduantxe hasi zen ahotsen festa.

Suedia, bost aldiz txapeldun

Txapelketa bat bost urtetan irabaztea zaila bada, zer esan txapelketa berean jokatzen diren bost txapelak eskuratzen direnean? Mikael Wedarren gidaritzapean, Suediako St. Jacobs gazte abesbatzak maila bikaina izateaz gainera, bere nagusitasuna erakutsi du aurtengo edizioan eta, orain hogei urte egin bezala, Sari Nagusia ere etxera eramatea lortu du.

Abesbatzak ekitaldia hasi orduko jaso zuen lehen saria, entzuleena, Jan Sandströmen “Biegga Luothe” obrarekin. Suediarrek minutu erdia nahikoa izan zuten publikoa bereganatzeko; beltzez jantzita, eskuko danbor baten bidez ukitu tribala, erritmikoa eta energiaz beterikoa eman zioten emanaldiari. Motorrak berotzen hasteko primerakoa.

Segidan etorri zen iazko hutsunearen ondoren aurten berreskuratu den atala: haurren lehiaketa. Petr Louzenskyk gidatutako Txekiar Errepublikako Prague Philharmonic Children’s Choir-ek eraman zuen urrezko garaikurra eta bi abesti eskaini zituen, Otmar Macharen “Lasska halekacka” eta haurren abesbatzek derrigor abestu beharreko “Notezia jai on bat”, atzo publiko artean zen Julio Dominguezena. Abesti leuna goxotasun eta dotoreziaz josi zuten txekiarrek. Bigarren saria Errusiako Vesnianka abesbatzak eraman zuen, eta hirugarrena Kataluniara joan zen, Cor Vivaldiren emanaldi ederrari esker.

Sorpresa gutxi izan zen ordutik aurrera, helduen sariketako bi sariek, euskarazko lan onenarenak eta sari nagusiak izen bera baitzeramaten: St. Jacobs.

Sorpresa gutxi

Sariketa, ohi denez, atzekoz aurrerakoa izan zen eta, hala, ganbera-musikako polifonia atalean brontzezko garaikurra eskuratu zuten estatubatuarrak izan ziren taula gaina zapaltzen lehenak. Andrew Cranen zuzendaritzapean, East Carolina University Chamber Singers-eko kideek J.P. Sweelincken «Gaude et laetare» abestu zuten. Zilarra Alemaniara joan zen, Georg Grünek gidatutako Kammerchor Saarbrückeni esker. Eta, urrezkoa, bigarrenez Suediara. Berriro ere publikoak begi onez ikusi eta eskertu zuen freskotasuna ekarri zuten taula gainera «Didn't my Lord deliver Daniel» obrarekin eta, derrigorrezko lanean (Josu Elberdinen «Cantate Domino») erregistro tradizionalagoetan ere badutela zer eman erakutsi zuten. Zuzendari suediarra ordurako bere baitan kabitzen ez zela zegoen eta umoretsu jaso zuen Tolosako alkate Ibai Iriartek paratu zion txapela.

Folklorearen atala bide beretik joan zen: AEBetako eta Alemaniako abesbatzek postuak trukatu zituzten (lehen zilarra eraman zuenak orain brontzea, eta alderantziz) eta dagoeneko publikoarekin konplizitatea eskuratu zuen suediarrak jaso zuen, hirugarrenez, urrea. Aurkezleak ere, irribarre artean, «aurpegi ezagunak ikusten jarraituz» esanarekin eman zion bidea sariketari eta, St. Jacobseko kideek, berriro ere publikoa ase zuten «Hurra, här komm de gossar» abestiaren moldaketarekin. Oraingoan, hatzak eta eskuak elkar kolpekatuz eman zioten erritmoa eta bizitasuna interpretazioari eta, amaieran, lurra oinarekin kolpekatzeaz batera eurenganatu zituzten publikoaren txaloak.

Tolosako sariketan euskal obra baten interpretazio onena ere saritzen dute eta, hemen ere, sorpresa gutxi: David Azurzak moldatutako «Biolin musikaz» abestiarekin suediarrek egindako lana izan zen saritua. Aipatzekoa da, gainera, ahoskerarekiko erakutsi zuten aditasun eta egokitasuna.

Eta azkenak ere, Sari Nagusiak, Eskandinaviarako bidea hartu zuen. Jada emozioak hunkituta, Wedarrek belauniko jaso zuen saria, umoretsu, publikoaren artean denetariko barre eta txaloak askatuz. St. Jacobs izango da, beraz, 2014ko martxoan Hungarian jokatuko den Europako Sari Nagusian Tolosa ordezkatuko duena.

Ohi denez, paperak aldatuz eman zioten amaiera aurtengoari: David Azurza tolosarraren gidaritzapean, publikoak «Agur Jaunak» abestu zieten saritu nagusiei. Esan gabe doa zuzendari suediarrak, abesbatza osoak bezala, gogoz eskertu zuela publikoaren eskaintza, eta taula eta eserlekuen arteko muga ikusezinean elkarri txaloka amaitu zen ekitaldia.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo