GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

5Gora zigilu berriarekin, autoekoizpenerako jauzia

 

A.A. | BARDOZE

Bosgarren diskoa 5Gora zigiluarekin kaleratuko da. «Esne Beltzak orain arte, osorik ez bazen ere, bere diskoak autoekoizten zituen. Falta zitzaion azken zatia, komertzializatzea edo kaleratzea», azaldu zuen Amallobietak. Horretarako sortu da zigilu berria, beste proiektu batzuei ere tokia emango diena; Patxukoren proiektu pertsonalari adibidez.

«Ikusten genuena da Esne Beltzaz gain gauza gehiago egiten ditugula -gaineratu zuen Solanok-. Adibidez, DZ-k eta biok `Gazta zati bat' dokumentalaren soinu banda atera genuen, laster Txuriyarekin beste olerki-disko bat aterako dugu... Eta hori guztia plazaratzeko behar genuen. Normalean ez da pegarik jartzen diskoetxetik, baina agian zerbaitetarako eskatzen digute abesti bat eta baimena eskatu behar genuen. Desegokia iruditzen zitzaigun; azkenean, gurea da eta guk ikusi behar dugu zer egin berarekin».

Amallobietaren ustez, «zu gai bazara zerbait egiteko, pentsatu behar duzu zer ematen dizun beste horrek. Zure kabuz egin ezin dezakezuna behar du izan. Egia da taldeak berak baino hobeto inork ez duela tratatzen bere diskoa. Zuk diskoetxe bati ematen diozu eta diskoetxeak dagoeneko eratua daukan sare batean jartzen du eta kito. Gero dauzka beste hamar-hamabost zurekin batera...».

Diskoetxeen kontzeptua ere aldatu egin dela erantsi zuen Zigor DZk. «Lehen baziren zigilu batzuk, erreferentzia zirenak, ateratzen zituztenak disko batzuk, eta jendeak segitzen zituen zigilu horiek. Gaur egun, jendeak taldeak segitzen ditu zigiluak baino. Zigiluek galdu dute identitate hori. Ez dute jarraitzen tendentzia edo koherentzia bat. Lehen bazegoen adibidez Esan Ozenki, eta bazenekien zein bide zeukan. Itxaroten zenuen beraiek kaleratzen zutena. Oihukak zeukan beste ildo bat, rockeroagoa edo. Identitate bat zeukaten, gustatu ala ez. Gaur egun, Euskal Herrian diskoetxeek ez daukate identitate hori, taldeek hartu dugu».

Teknologia berriek ere erraztu egin dute disko bat grabatzea, «edonork grabatu dezake etxean», esan zuen Solanok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo