Berriz ere polemika: Nork hartu du olatu handiena?
Carlos Burlek Nazaren hartutako olatu erraldoiak hautsak harrotu ditu. Sekula surflari batek hartutako olatu handiena izan liteke.
Haritz Larrañaga Altuna
Portugalen, Nazareko urautsian olatuak lehertzen diren bakoitzean sua pizten dela dirudi. Lehen polemika 2011n sortu zen, ea Garret McNamarak hartutako olatua inoizko handiena zen ala ez. Iaz berdin gertatu zen, McNamarak hartutako olatu batek eztabaida bizia sortu zuen. Aurten, eztabaida sortu duen olatua Carlos Burle brasildarrak hartu du.
Nazare punping
Portugalgo kostaldea, gero eta ezagunagoa da surf munduan. Bertako olatuak oso onak direla aspalditik jakina da, baina azken urteetan, WCT zirkuituko txapelketekin eta olatu handietako irudiekin are eta izen handiagoa hartu du.
Praia do Norten olatu erraldoiak altxatzearen arrazoia bitxia da. Batetik, Portugal itsaski handiei irekia dagoen kostaldea da, eta, bestalde, «Nazareko kanoiaren fenomenoa» izendatzen dutena hartu behar da kontuan.
Dirudienez, kostalde horretan Europako ur azpiko haitzarte handiena dago, 230 kilometroko zabalera eta 5.000 metroko sakonera duena. Kanoiaren orientazioak eta itsaskiaren norabideak bat egiten dutenean, olatuak are eta handiagoak dira, antza denez.
2011ko azaroan egin zen ezagun Nazareko olatua. Izan ere, Garret McNamara iparramerikarrak itzelezko olatua hartu zuen bertan. Ordura arte inoiz hartu zen olatu handienetako bat izan zen hura. Adituek esan zutenaren arabera, 30 metroko altuera zuen olatu hark, baina kritika asko jaso zituen Macnamarak, irudiak ez zirelako oso argiak.
Sekulako zeresana eman zuten irudi haiekin, ordea, Portugalgo olatuen potentziala eta indarra agerian geratu zen, eta ordura arte famatuenak Hawaii eta Kalifornia iparraldeko itsaski handiak baziren, pixkanaka Europako olatuak ere izena hartzen hasi ziren.
Urte bat geroago, berriz ere itsaski handien zain egon ostean Nazareko olatuak aukeratu zituen MacNamarak XXL izendapenetan hautatua izateko, baina berriz ere polemika sortu zen. Negu osoa pasa zuen McNamarak Portugalen. 2012ko azaroan olatu handiak hartu zituen, baina olatu handiena urtarrilaren 28an hartu zuen. Komunikabideek inoiz hartu den olatu handiena zela zioten, adituak isilik zeuden eta surflarien artean aldeko zein kontrako iritziak entzuten ziren.
Nahiz eta olatu erraldoia izan, olatu handietako surflari batzuek ez zela hainbesterako esan zuten. Edonola ere, Billabong XXL hautapenerako faboritoetako bat zen, dudarik gabe; izan ere, McNamarak hasiera batean parte hartu zuen XXL hautapenean. Bere olatuaren irudiak lehiaketan aurkeztu zituen. Antolatzaileek Tow-in kategorian hautatuen zerrendan onartu zuten, eta izendatua izateko aukera asko zituen. Alegia, kategoria horretan irabazi eta diru sari garrantzitsu bat jaso zezakeen.
Azken momentuan, ordea, McNamarak atzera egin zuen. Alkoholdun edari markak babesle diren lehiaketa batean parte hartzeko asmorik ez zuela esan zuen. XXL hautapenean babesleetako bat Pacifico garagardoa da. Honela mintzatu zen MacNamara: «Nire hautagaitza erretiratzea erabaki dut. Mundu honi zein ekarpen egiten diogun pentsatzen aritu naiz eta egunaren amaieran erabakiak hartu behar dira. Ez dut nahi haurrek pentsa dezaten alkohola edaten euren helburuak lortuko dituztela».
Hau esanda berriz ere eztabaida piztu zen. «Izendapenetan irabaziko ez zuen beldur zelako erretiratu ote da?», galdetzen zuten surflariek. XXL izendapena irabaziko ez balu, beste norbaitek berea baino olatu handiago bat hartu duela frogatuko litzateke, eta horrela gertatuko balitz, berea ez litzateke izango orain artean surflari batek hartu duen olatu garaiena.
Joan den astean, berriz, Carlos Burle brasildarra izan zen Nazaren hartutako olatu ikaragarri handi batekin eztabaida piztu zuena. Berriz ere, «orain artean surflari batek hartu duen olatu handiena» zela zioten komunikabideek. Itxura guztien arabera, Guiness errekor berri bat izan daiteke Burleren balentria.
Carlos Burle
1998an Reef Brazil Big Wave World Championship txapelketa irabazi zuen, Mexikon, Todos Santos olatu beldurgarri eta arriskutsuan. Hurrengo urtean, ordea, ez zen olatu handietako bi txapelketa ospetsuenetara gonbidatua izan, Waimeako Eddie Aikau eta Maverick's-eko txapelketara, hain zuzen ere.
Garai hartan, Burle, oilo hazle baten semea, ezezaguna zen eta tamainako txapelketa irabazi ostean gonbidapenik jaso ez izana antolatzaileek beraiek aitortu behar izan zuten ez zela batere justua izan, inondik inora ere. Beraz, ez da erraza izan Burlek egin duen ibilbidea, baina oztopoak oztopo sekulako curriculuma du.
Burle, 1987tik surflari profesionala, Pazko uhartean olatu erraldoien bila jardun zen, eta bertan, «alargun egile» deitzen duten leku batean olatu handiak hartzen agertu zen «Surfer» aldizkarian 1989an. Ordutik, pixkanaka gero eta ezagunagoa egin da olatu handietako surflarien komunitatean.
Joan den astean, Burlek Maya Gabeiraren bizia salbatu zuen Nazaren, eta horren ostean berriz ere uretara itzuli eta sekulako olatua hartu zuen, eta berriz ere, Nazaren hartutako olatu bat orain artean inoiz hartu den olatu handiena izan ote den eztabaidatzen hasi dira surflariak eta haien jarraitzaileak.
Polemika
Carlos Burleren olatua baliozkoa den edo ez, olatua benetan dioten bezain handia den, olatua baino uhina ote den edo orain arte surflari batek hartutako olaturik handiena den adituek erabakiko dute, eta horretarako denbora beharko dute, baina bitartean beste behin ere eztabaida sortu da.
Laird Hamilton, Tow-in modalitatearen sortzaile nagusienetako bat da eta irudiak ikusi ostean honakoa esan du: «Ez du olatua bere osotasunean egitea lortu; beraz, olatu hori ez da baliozkoa». Burle olatuaren aparrak irentsi zuelako dio hori Hamiltonek, baina Burlek olatua oso-osorik jaistea lortu zuela erantzuten du.
Horrez gain, Carlos Burlek konortea galdutako Maya Gabeira uretatik nola atera zuen eta erreanimazio ariketak nola egin zituen ere kritikatu du Laird Hamiltonek, nahiz eta adituek Burlek egindakoa erreskate bikaina izan zela esan.
Burlek, olatua neurtu eta zenbaterainokoa izan den esatea adituen eskuetan uzten du. Gabeiraren erreskateari dagokionean, hau dio: «Garrantzitsuena zera da, neskatoa ongi dagoela». Hamiltonek egindako beste zenbait kritika ere erantzun ditu brasildarrak eta, minduta, ile horia «gaizki hazitako haurra» dela esan du.
Burlek jatorri desberdinak izateak sor ditzakeen ezin ulertuak izan zituen hizpide: «Ez naute harritu Hamiltonen kritikek. Gainditu gabeko aurreiritzi asko dago eta ez dut inoiz haien babesik jaso. Badakit mundu desberdinetatik gatozela eta haien errealitatea oso bestelakoa dela».
Aukera gutxiago dutenek sortzen den aukera oro hartu behar dutela ere esan zuen: «Haiek lehen munduan hazi eta hezi dira. Haiek gainbeheran joan dira. Ez da nire kasua, nik beti izan ditut gainditu beharreko trabak; beraz, ez noa gainbehera. Materialari dagokionez, hobeto egin nezakeen? Bai, noski, baina nahi bezala hornituta egoteko arazoak ditugunok bidean sortzen diren aukerak pasatzen ezin utz ditzakegu, eta horixe da, hain zuzen ere, nik egin nuena».
Joan den astean GARAk orriotan Maya Gabeirari buruzko erreportajea argitaratzen zuen bitartean, Rio de Janeiroko neskatoa hilzorian zen Portugalen. Carlos Burlek konortea galduta eta orkatila hautsita atera zuen uretatik. Berari esker dago gaur bizirik.
«Haiek lehen munduan hazi eta hezi dira eta gainbeheran joan dira. Nik beti izan ditut gainditu beharreko trabak. Nahi bezala hornituta egoteko arazoak ditugunok bidean sortzen diren aukerak ezin utz ditzakegu pasatzen, eta horixe da egin dudana».