GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | ESNE BELTZAREN DISKOAREN GRABAKETARA BISITA

Esne Beltza Bardozen ari da egosten bere bosgarren diskoa

Konturatzerako gainera etorri zaie udazkena -eta berarekin Durangoko Azokaren itzala- Esne Beltzakoei. Talde erdia biran izan da Fermin Muguruzarekin eta, atsedenerako astirik gabe, estudioan sartuta daude bosgarren diskoa prestatzen. Mundu osoko kolaboratzaileen joan-etorri etengabean murgildu dute Bardoze.

p006_f01.jpg

Ane ARRUTI

Bost urtetan, bost disko. Grabaketak bukatuta, azkeneko fasea baino ez zaio falta Esne Beltzaren bosgarrenari, nahasketena. Azaroaren bukaera aldera argitaratzea espero dute. Ez diote lan makala utzi Paxkal Etxepare teknikariari. «Esaten da kantu batek gehienez 40-50 pista eduki behar dituela soinu ona izateko eta gureek ehundik gora dituzte batzuetan...», dio Zigor DZ taldekideak. Etxeparek badu, hala ere, eskarmentua, bigarren diskotik ia taldekide bat gehiago bihurtu baita Esne Beltza familia handian. Bardozeko bere etxeko estudiora joan-etorrian dabiltza bederatzi musikariak, Jon Garmendia hitzen egilea, Jon Amallobieta koordinatzailea... eta kolaboratzaileak.

Estudioa sorkuntza gunea da Esne Beltzarentzat, bertan joaten dira forma hartzen kantuak, baina lan handia dago aurretik; «disko hau izan da lanik gehien egin dugun diskoa, gehien prestatu duguna, eta ekoizpen aldetik gehien daukana», dio Xabi Solanok. «Zortea eduki dugu taldeko bost biran ibili garela eta ni beti nenbilen nire portatilarekin eta aurikularrekin, bai furgonetan, bai hegazkinean... toki guztietan. Zigor eta biok logela berean geunden beti eta lan asko egin dugu bion artean».

Joan den martxoan, Baionan, Korrikaren amaierako jaian igo zen oholtza baten gainera Esne Beltza azkenengoz. Abuztuaren 31n bukatu zuten bost taldekidek Muguruzaren bira Bonberenea Sutan jaialdian eta, jarraian, bi egunez behin gelditzen hasi ziren, urrian estudioan sartzeko. «Biran geundela dropbox bat ireki genuen. Gu musika igotzen joaten ginen eta taldekide guztiak adi egoten ziren ea zer sartzen genuen. Txuriyarena lan gogorragoa izan da, hitzak egiteko abestuta behar zituelako kantak. Baina disko honetan ezberdin egin dugu lan. Lehen beti lehenengo ateratzen genuen melodia, eta gero, musika. Oraingoan, musika atera dugu aurrena, eta gero, melodia. Txuriya itxoiten eduki dugu hitzekin hasteko».

Haize-instrumentuetan gainera, taldekide berri bat izango dute hemendik aurrera, Zumaiako Oier Zeberio gaztea ariko da saxofoiarekin. «Gaztetasun horrek freskura emango dio diskoari, urtetan aurrera goaz- eta gu ere. Gero eta burugogorragoak gara», aitortu du Solanok.

Ereñozutik Bardozera

Bi zatitan grabatu dute diskoa; instrumentu gehienak Ereñozun, Pello Gorrotxategi taldeko teklatu jotzaileak daukan Aieka estudioan. «Bertan entseatzen dugu eta erosoa da guretzat», dio Solanok. Ahotsak, haizeak eta Zigor DZ, berriz, Bardozen grabatu dituzte. «Egia da Bardoze oso urruti gelditzen zaigula, Euskal Herria txikia da, baina egunero etortzeko... Baina Paxkalekin nahi dugu lan egin, oso gustura gaude berarekin, badaki nola funtzionatzen dugun, ulertzen gaitu. Eta Txuriya ere hemen bizi da».

Garrantzia handia ematen diete ahotsak grabatzeko orduan, hitzen egilea, papera eta boligrafoa eskuan, bertan egoteari. «Abestia beti letrarekin joango da, denborara jendearengana iristen bada, musika eta hitzak batera doaz. Badira hogei bat urte Xabik eta biok elkar ezagutzen dugula. `Presoak Euskadira' kantua egin genuenetik Etzakit-ekin», azaldu du Garmendiak, eta Solanok grabatu dituen azken ahotsetan egiaztatu dugu hartu-eman hori, azken unean hitz pare bat aldatuz. «Niretzat oso garrantzitsua da hori. Hortik urte batzuetara entzun behar dudalako kantu hori eta ez didalako minik egin behar belarrira», dio Garmendiak. «Agian, nik hitz bat esaten dut eta ez zaio hainbeste gustatzen hitz hori nola gelditzen den nik esanda -erantsi du Solanok-, orduan aldatu egiten dit momentuan. Eta egia da asmatzen duela beti, abestiak galdu gabe bere esanahia».

Kolaborazioak

Ohikoa da Esne Beltzaren kantuak kolaborazioz josita egotea. Batzuk estudiora bertara joaten dira, beste batzuk biran zebiltzan bitartean grabatu dituzte, besteek Internetez bidaltzen dute... Bosgarren lan honetan ere hala izango da, baina «saiatu gara kolaborazio berriak sartzen, ahal zela ez errepikatzen, freskoagoa izateko -dio Solanok-. Batzuekin, bizitza horrela da eta jarraitu dugu. La Pegatinakoak adibidez, edo Fermin, nola ez. Daniel Rey ere egon da, lehenengo diskoan bezala».

Izen eta jatorri batzuk zabaldu dira dagoeneko sare sozialetan, Kalifornia, New York, Argentina, Latinoamerika, frantziar eta espainiar Estatuak, Katalunia... «Kanpoan ibili garela, harremanak ere egin ditugu, Latinoamerika oso puntu berezia izan da guretzat eta uste dut diskoan ere nabaritzen dela hori».

D´Callaos taldeko La Canija edo Alos Quartet soka laukotea ere diskoan izango dira. Malagatik etorri da «guretzat sorpresa handia eta oso aberasgarria izan dena», dio Jon Amallobietak. Little Pepe reggae abeslariarekin «oso gustura gelditu gara. Kristoren arrakasta dauka. Facebooken jarri dugunean jende askok idatzi du poztu dela esanez».

Diskoaz berriketan ari garela, e-mail bat jaso dute. Esku artean zuten kantu zerrendatik lauzpabost diskotik kanpo uztea erabaki dute eta kolaborazio bat hitzartuta zuten horietako batean. Beste kantu batean egin nahi diete tokia eta, horretarako, hitzak frantsesera itzuli behar dituzte eta kantuaren gaiari buruzko informazioa osatu, kolaboratuko duenak kantua ulertu eta bere egin dezan. «Guk bidaltzen diegu tematika, zeri buruz kantatuko dugun. Adibidez, herri harresiaren inguruan badago kantu bat eta kolaboratzailea argentinarra da. Amallok bidali zion herri harresia zer den, bideoak, GARAren dossierra, material guztia... Berak uler zezan hain hemengoa den gauza bat. Azkenean, zure problematika hori zabaltzeko manera bat da», azaldu du Garmendiak.

Izen guztiak ez dituzte ezagutarazi nahi, ezta diskoak zein izen izango duen ere. Hamabost kantu inguru izango ditu eta otsailean hasiko dira zuzenean aurkezten. Musikari dagokionez, «oso berritzailea» izango dela diote, «baina ez du esan nahi musika estilo berri bat sortu dugunik -argitu du Solanok-. Guretzat berritzailea da musikalki lan egiteko eragatik, musikalki daukan tinbrea melodiatan. Entzutean nabaritzen da soinu modernoa duela. Horretan Paxkalek lan piloa eduki du. Kristoren pista pila daude, eta instrumentu bakoitzari bere tinbrea bilatzea oso zaila da. Eta disko honetan hori lortzen ari gara. Lehen dena nahasten genuen. Badaude gauza berriak lehendik eginak ez genituenak. Eta egina daukaguna guretzat hobetu egin dugu, horregatik da berritzailea guretzat».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo