GARA > Idatzia > Kultura

Anari, Daughn Gibson eta Bide Ertzeanen kontzertu-solasaldiak, liburu dendako intimitatean

Zarauzko Garoa liburu dendan, kontzertu-solasaldi intimo bat egingo da hilero, berrogei pertsonarentzat. Lehenengo hiruhilekoan Anari, Daughn Gibson eta Bide Ertzean izango dira gonbidatuak.

Ane ARRUTI | ZARAUTZ

Irakurtzea eta musika entzutea, intimitatean egin ohi diren bi jarduera jendartean egiteko, «Paperezko kontzertuak» ekimena abiatu du Zarauzko Garoa liburu dendak. Hilean behin, berrogei pertsonak parte hartzeko aukera izango duten kontzertu-solasaldiak egingo dira, ahal dela igande goizetan, liburu dendan bertan. «Liburu denda beti ikusi dugu kultura lantzeko toki bizi bat bezala. Hitz egin, partekatu... bai liburuak, baita musika ere, zergatik ez?», esan zuen atzo Garoako Eneko Agirrek.

Egitasmoaren helburua «musikazaleak eta artistak elkartuko dituen plaza ezberdin bat sortzea» izango da, Oier Aranzabal antolatzaileak azaldu zuenez. «Ohiko plazetan egoten den hierarkia hori gabe, musikazalea eta artista leku intimo batean, une bereziak sortu nahi ditugu», gaineratu zuen.

Emanaldiak bere horretan gera ez daitezen, grabatu eta sareratzeko asmoa dute antolatzaileek. «Sarean bilduma bat sortu nahi dugu», azaldu zuten, «gordin sortutako abestiak eta solasaldiko uneekin egindako bideoekin». Horretarako, Debolex Films ekoiztetxearen laguntza izango dute. Ekimen honen ideia Ameriketako Estatu Batuetako National Public Radio (NPR) irratitik hartu dute, «Tiny desk concerts» izenekotik. «Ikusi dugu munduko leku ezberdinetan ikus-entzunezko formatu honek arrakasta izan duela eta ea Euskal Herrian ere horrela den», esan zuen Aranzabalek.

Hiru egunetarako «pack»-ak

Lehenengo hiruhilekoa aurkeztu zuten atzo. 11.30ean hasita, azaroaren 17an Anari azkoitiarra arituko da; abenduan -eguna zehazteke duten arren abenduaren 7-8ko asteburuan-, Daughn Gibson pennsylvaniarraren txanda izango da (abenduaren 9an Donostiako Le Bukowskin izango dela aprobetxatuz); eta urtarrilean, Bide Ertzean tolosarrena. Hiru hilean behin, kasu honetan bezala, nazioarteko artista bat izango da gonbidatua.

Kontzertu eta solasaldi bakoitza liburu bati eskainiko zaio eta dinamizatzaile batek gidatuko du. Lehendabiziko hiruhilekoan Jon Eskisabel kazetaria arituko da lan horretan.

Berrogei pertsonarentzat izango da lekua emanaldi bakoitzean eta antolatzaileek nolabaiteko lotura sortu nahi dute ikusleekin. Horregatik, hiru saiotarako sarrerak jarriko dira salgai 30 euroan, Garoan bertan. Telefonoz erreserbak ere hartuko dituztela adierazi zuen Agirrek. «Melomanoentzako kluba sortu nahi genuen», esan zuen Aranzabalek.

SARRERAK

Hiru emanalditarako sarrera 30 euroan jarri dute salgai Garoa liburu dendan. Berrogei pertsonarentzako tokia izango da emanaldi bakoitzean.

Egitaraua

Non: Garoa liburu denda, Zarautz.

Ordua: 11.30.

Noiz:

- Azaroak 17: Anari.

- Abenduak 7/8: Daughn Gibson.

- Urtarrilak 12: Bide Ertzean.

Hiru emanalditarako prezioa:

30 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo