GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Tantaka batzuk, tartaka besteak

Asteak ekarritako albisteei egin diet asteburuko errepasoa, nire burua ordenatze aldera sikiera, datorren astean etorri daitezkeenei lekua egiteko asmoz. Hortaz, nire aitak esaten zidan, umea nintzela, jakiteak ez duela lekurik betetzen; bai zera!, horretan nengoen ni ere, jakiteko bidean gogoz hasi arte! Hasieran ondo, burura sartzen nuen guztiak bazuen lekua, eta ideiak txoko batetik bestera mugitzeko ere lekua sobera, nire buruan. Kontuz!, ez diot buruhandia naizenik! Gerora etorriko ziren komeriak, jakin-mina gero eta minagoa nuen, galdera guztientzat nire erantzuna nahi eta behar nuen; are gehiago, galdera berriak ere gura nituen egin, eta erantzun... Total, akabo espazioa! Eta ez, ez nuen errotondarik nahi nire ideien bide-orrian, zorabiatu ez zitezen. Sakoneko erabakia hartu nuen, geroa abiapuntu!, kooperatiba serioa banintz bezala. Ideia zaharrez desjabetzen hasi nintzen, tabuak berak bizkarra amaitzen den lekutik itzuli nituen kanpoko ingurura, komuneko zisternari bi aldiz helduta. Eta hola lekua egiten hasi nintzen, paradigma berriak eta berrituak aise eta fresko mugitzeko beste leku.

Zertara dator epistola hau? A, bai, demonio!, asteburuko errepasoaz nengoen. Bada hori, nazioarteak berri bitxiak ekarri ditu honetan. Batzuk klimari lotuak; hara!, tifoi bortitza ari da Filipinetako bazterretan oldartzen; hona!, euriak segitzen du San Mames berriko bazkideen txartela blaitzen. Nazioarteko ekonomian zerbitzuak izan dira albiste, zerbitzu sekretuak, jakina. Bretainia Handikoak kameren aurrean azaleratu egin dira, benetan sekretu izateari eusten dioten bakarrak gure beheko Estatu antzeko zer horrenak omen direla, ezkutuan uzten ez duten bakarra kableak direla; horiek behintzat badakite entzuten! Amen. Bestalde, tantaka baina ari dira etxeratzen, azken kilometroak egiten, espetxea atzean behingoz utzita; atzera egin ez, abiada hartzeko bada ere ez! Tantaz tanta egiten da ur-bidea, ur-oldea izan arte. Tantaka batzuk, tartaka besteak. Ez dakit zergatik haserretzen diren hainbat agintari tarteka tartaka hartuak direnetan. Onartu beharko lukete, sikiera, horren sentsazio gazi-gozoa! Diot nik. Tira, harira! Lekua behintzat egin dut, ganoraz etorri daitekeenari begira. Eta bestea, hor konpost!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo