GARA > Idatzia > Kultura

Patxo telleria eta mikel martinez | antzerkigileak

«Kritika zorrotz eta azidoak komediaren bitartez heltzen zaizkigu askotan»

Tartean Teatrorekin bertsoz errimatutako «Pankreas» komedia modernoa eszenaratzea dute 2014rako erronka nagusia Patxo Telleria eta Mikel Martinez eskarmentu handiko antzerki gizonek. Bitartean, «Lingua nabajorum» lanarekin dabiltza Euskal Herrian barna, «euskararen historia txoroa» ezagutzera ematen.

p050_f03.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Patxo Telleria eta Mikel Martinezek historia eskolak emango dituzte etzi eta etzidamu Bilboko Arriagan, antzokiko oholtza dotorean «Lingua nabajorum» antzeztuta; bikotearekin antzerkigintzaz berba egiteko baliatu dugu hitzordua.

Eskarmentu handiko antzerkigile, Tartean Teatroko kideak bide luzea egin dute «Marxkarada» taularatu zutenetik, eta bikote artistiko gisa kasik oharkabean estilo bat sortu Ez Dok Hiru zigilupean. «Bion arteko elkarrizketetan oinarrituta eta testua protagonista dela, formatu malgua dute gure ikuskizunek, argia edo eszenografiaren gainetik hitza baita protagonista», dio Telleriak, eta «guk geuk euskara hutsean sortutakoak dira taularatzen ditugun dramaturgiak», gehitu Martinezek. Esan gabe doa, guztiak ere umore puntu berezi-bereziarekin.

Ez Dok Hiru zigilupean tetralogia sortu eta taularatua dute, «Euskara sencilloaren manifestua» eta «Larru haizetara»-tik «Euskarazetamol» eta «Lingua nabajorum»-era. «Lehenengo ikuskizun biek bazuten abiapuntutzat euskaldun berrien kontua; eta gu bilbotar euskaldun berriak izanda hizkuntza oso erdaratua genuenez, sumatzen genuen esaterako Ipar Euskal Herrian umore klabe edo gag batzuk galdu egiten zituztela. Azken honetan ordea, `Lingua nabajorum'-en, aldenduta gaude leitmotiv horretatik eta berdin uler daiteke euskara batua ulertzen den edozein tokitan». Gainera, aipagai dugun lanak «jantziagoak ditu gag-ak, ikusgarriagoak eta antzeztuagoak», antzezleen hitzetan.

«Lingua nabajorum» antzezlanak, «euskararen historia txoroa» kontatzen ei du, Neolitoan hasi eta gaur egunera. «Bada erdaraz liburu bat asko gustatzen zaidana -Telleria mintzo zaigu-, Stefan Zweigen `Momentos estelares de la humanidad', eta aspaldi nuen gauza historiko bat egiteko gogoa. Eta gure asmoa inolaz ere didaktikoa ez den arren, barre egiteko abiapuntu absurdo eta ero horretatik... gazteek zeozer ikasten dute, aizu!».

Umore hiritarra

Bilbotarren aburuz, «gure umorearen ezaugarria hiritarra izatea da. Orain arte euskaldunon umorea arlotekeriekin lotu izan da sarri, baserritarraren hitz egiteko modua, Pernando Amezketarra... Eta gu antipodetan gara, gure umorea oso urbanoa da. Kontua da, Atxagak aipatzen zuen Euskal Hiri hau hiritarrez betea dagoela, jende modernoa bizi da hemen. Eta gutxitan gertatu zaigu toki batera joan eta publikoak ez ulertzea; gero eta gutxiago».

Umorea aipatuta, komediaz galdetu diogu bikoteari, sarri esan baita nekeza dela barrea eragitea. «Komertziala dela ere esaten dute», erantzun digu Martinezek, «baina guk eroso egiten dugulako hautatu dugu, modu espontaneoan». Telleriaren esanetan, «drama izan komedia izan, gauzak ondo egitea beti da zaila; baina komedia batean biluztu egiten zara, dena dago agerian eta publikoaren erreakzioa ezinbestekoa da. Erraza da jakitea ona ez bada irriak-eta neurtuta. Ezin da disimulatu draman bezala, eta beraz, joskera finagoa behar du». Guzti honekin antzerkigileak ez du komedia ezeren aurretik aldarrikatzen -egun pelikula bat idazten ari da, drama bat-, «baina protesta egiten dut daukan gutxiespena ez zaidalako bidezkoa begitantzen. Aurreiritziak aurreiritzi, komedia ez da drama baino burgesagoa, kritika zorrotz eta azidoak komediaren bitartez heltzen zaizkigu askotan».

Bikoteak taularatzen dituen antzezlanak Telleriak idatzi ohi ditu. «Nondik jo aurkitzea izaten da zailena -uste du Martinezek-, baina behin gaia hartuta Patxok erraztasuna du ideiak asmatu eta hitz bat bestearen atzetik jartzeko». Idazterakoan, asmatzen dituen pertsonaiak nork antzeztuko dituen argi omen du Telleriak, zergatik azaltzera heltzen ez den arren. «Gidoian bertan `Mikel' eta `Patxo' idatzi ohi dut eta eszenan ere izen horiekin zuzentzen gatzaizkio publikoari. Hori bai, antzezlan guztiek izan behar dute derrigorrez Mikelen sudurrari buruzko aipamenen bat!». Euskara hutsez sortuak izateaz gain, sarri euskara bera izan dute mintzagai taularatzen dituzten ikuskizunek. «Akaso ikusleria txikiagoa izango dugu horrela», Martinezen aburuz, «baina gure publikoa euskalduna edo euskara ikaslea izateak abantaila bat ematen digu, ondo ezagutzen dugula; badakigu hauei barrea eragiten».

Euskal Herrian zehar makina bat ikuskizun ematen ditu bikoteak Ez Dok Hiru zigilupean. Eta gustura dago jasotzen duen erantzunarekin, jendea aretoetara erakartzen baitu; «gure lanak egia esan ondo pasatzeko modukoak direlako». «Lingua nabajorum», esaterako, Arriaga antzokiaren ondotik Beran (azaroak 16), Berriozarren (azaroak 17), Hernanin (azaroak 21), Zigoitian (azaroak 29) eta Amurrion (azaroak 30) izango da. «Bizkaian ibiltzen gara gehien eta Nafarroan, esaterako, azkenaldian apur bat behera egin dugu. Eta Ipar Euskal Herrira iristea kostatzen zaigu. Bidea luzea den arren, pozik joaten gara». Gaur, azaroak 10, Barkoxen izango da bikotea, Zuberoan.

Ardiak jetzi eta...

Ipar Euskal Herria aipatu dugula-eta, aspaldiko kontuak etorri zaizkio burura Telleriari. «Maskaradan duela 25-30 urte hasi ginen antzerkia egiten, postfrankismoan eta talde independentea ginela. Makutoduna zen orduan gure publikoa, gaztea eta bizarduna. Mutilak noski, neskak ez ziren bizardunak».

Garai haietan jo zuten lehen aldiz Ipar Euskal Herrira, «baita harrituta gelditu ere. Aretoa bete zuen herri txiki batean, eta emanaldia hastear ginela, itxaron egin beharko genuela esan ziguten, herritar batzuk ardiak jezten zirela-eta. Gurean pentsaezina zen orduan baserritar batek lanak bukatu ostean antzokira jotzea, giro kultural oso pobretik gentozen-eta [frankismoaz ari da]. Mugaz bestalde bazuten beste kultura bat, eta gorde da. Teatroak garrantzi handiagoa du han Hego Euskal Herrian baino».

Barkoxetik bueltan, Arriagan izango dira, bilbotarrak eta antzerkizaleak izanda, Telleriak eta Martinezek berezitzat duten hitzorduan. Izanak dira aurretik ere -arrakasta erdietsi zuen «Euskarazetamol»-ekin esaterako-, aste barruan beti, eta atsegina izan ohi dute bertaratzea. «Guretzat inportantea da -aitortzen du Telleriak-, baina Arriagan oso epe luzera programatzen dutenez, ez dugu `Lingua nabajorum' bertaratu arte Bilbon antzeztu nahi izan, eta obrak badarama urtebete baino gehiago martxan; itxaroten egon gara». Eta antzokia zapaldu ondoren beste esparru txikiagoetara ere jo nahiko lukete, «Bilbo handia da-eta»; Arriagara sartzea bururatzen ez zaion jendearengana heldu.

Tartean Teatrok, Ez Dok Hiru zigiluaz gain, familia osoarentzako ikuskizunak taularatzen ditu Marie de Jongh zigilupean, testurik gabeko teatro gestualaren bidez -han eta hemen «Alabatxo» antzezten dabiltza egun eta abenduan «Kibubu» estreinatzekoak dira-. Eta aipatutako bi esparruetatik kanpoko ikuskizunak ere garatzen ditu. Telleriak eta Martinezek, esaterako, Joseba Apaolazarekin batera «Pankreas» eszenaratuko dute 2014an, «euskaraz bertsoz errimatua emango den lehen komedia modernoa».


 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo