GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | BERTSOLARI Txapelketa Nagusia

Bertsoz bertso landu du bere oparia Amets Arzallusek Gernika-lumon

Txapelketako estreinako saioa bere urtebetetze egunean tokatu zitzaion Amets Arzallusi eta Gernika-Lumoko entzuleei opari txikiak utzi izanak opari ederra ekarri zion bueltan berari: bigarren itzulirako txartela.

p054_f01.jpg

p054_f02.jpg

Ane ARRUTI

Abantaila izan liteke zuzenean finalaurrekoetan sartzea, edo ez. Gainerako bertsokideek beroketako lehen saioa egina zuten jada eta Amets Arzallusek lehen aldiz kantatu zuen atzo aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusian. Bere urtebetetze egunean kantatu ere. Bernar Mandaluniz gai-jartzaileak jakinarazi zion publikoari hendaiarrak bere azken agurra bota ondotik eta Gernika-Lumoko Jai-Alai pilotalekuan bildutako 1.500 bertsozaleek kantatu zioten «Zorionak zuri». Minutu gutxira jakinarazi zuen Mandalunizek berak puntuazioa. 717 punturekin, Amets Arzallusek eskuratu zuen lehen postua, eta honenbestez, berea da Elizondon azaroaren 23an jokatuko den finalaurrekoen bigarren itzuliko lehenengo saioan kantatzeko txartela. Gainerakoek puntuazioaren zain gelditu beharko dute. Elkarren artean tarte txikiarekin bukatu zuten: 657,5 puntu eskuratu zituen Jokin Urangak, 653 puntu Jone Uriak, 640,5 Jon Martinek, 639,5 Julio Sotok eta 633,5 Nerea Elustondok. Bigarren itzulira pasa ala ez jakiteko, gaur Tolosan eta datorren asteburuan Oiartzunen eta Murgian jokatuko diren hiru saioetako emaitzen zain gelditu beharko dute.

Puntuazioak bestelakorik adierazi arren, saio orekatua izan zen atzokoa, ez zuen inork erorikorik izan eta kinielak ez zeuden batere argi. Denek utzi zituzten ale ederrak, eta kartzelako lanean ere guztiek jakin zuten hautatutako bideari eusten. Arzallusek puntuetan gainerakoei ateratako aldea ez zen hain nabarmena izan sentsazio aldetik. Gutxitan gertatzen da, bestalde, saioko azken sailkatuak hain zapore ona uztea.

Eskuei begira

Hendaiarrak ariketa guztietan utzi zuen ale ederrik eta kartzelako lanean biribildu zuen saioa. «Denbora daramazu zure eskuei begira», izan zuten hiru bertso osatzeko gaia. Lehenengoan dena airean utzi zuen Arzallusek eta bigarrenean jakin genuen bere damuaren berri. «Eskua eman eta ez gara promenan gutxi ibiltzen/ baina gau batez hasi liteke bizitza oso bat zailtzen/ hemen ari naiz nere burua madarikatzen, epaitzen/ zaplazteko bat emateraino nola ailegatu naizen», bukatu zuen, eta hauxe izan zen hirugarrena: «Berriro ere nahiko zintuzket ezpainetan musukatu/ berriro ere nahiko zintuzket beso hauez besarkatu/ gauza txiki bat esan nahi dizut begitara begiratu/ nik maite zaitut barru-barrutik nahiz izan bi esku antu/ hara hitztxo bat esku honetan idatziko dut barkatu/ nahi ez baduzu utzi ezazu eta nahi baduzu hartu».

Uria ere txukun aritu zen saio osoan zehar. Jokin Urangak eta biek bertsoaldi ederra osatu zuten seiko motzean. Hiru urte baziren banandu zirela. Azkenaldian elkarrekin asko egoten zirela-eta, Urangak berriro elkarrekin bizitzeko saiakera egitea proposatu zion Uriari. «Lehendik biok sobrante gabiltz gure eskarmentuan/ esan duzun momentuan/ aitortuko dut tentuan/ ez dut sinistu inoiz bigarren aukeren kontuan», esan zion algortarrak. «Muxukatzen hasi ahala/ eta laztantzen azala/ beste inorekin enaiz sentitu zurekin bezala», aitortu zion azpeitiarrak. «Tori pare bat apunte/ nahiz ta ez den geratu kutre/ diozun lehen aldia balitz sinistuko nuke», erantzun zion Uriak. «Utzi libre maitasuna/ alde daukagu kuttuna/ egin genitun akatsetatik ikasi duguna», insistitu zion Urangak.

Azpeitiarra zortziko nagusian ere ederki aritu zen, baita kartzelan ere, kaleratu berri zuten 55 urteko aitaren paperean. «Nagusi jaunak erreparorik izango balu gutxinez/ eta ez hain buru arinez/ jokatu ni ta ni bezelako jendea utziaz minez/ geure buruaz ahaztu ginen besteentzat lan eginez», esan zuen bigarrengoan.

Seiko motzean Jon Martinek eta Nerea Elustondok egindako bertsoaldia ere oso txalotua izan zen. Jon eskolako saskibaloi taldeko entrenatzaileari lehiakortasuna gehiegi sustatzen zuela esan zion Nerea eskolako zuzendariak. «Lehian daukazu fedea/ baina bakoitzai berea/ hau eskolako patioa da ta ez NBA», gogorarazi zion Elustondok.

«Insistituta nekean/ jarrita sasoi betean/ NBAraino irits litezke egunen batean», Martinek. «Beraiek hainbat entzute/ ahaleginaren truke/ ta ze esango ote diezu lortzen ez badute», zuzendariak. «Saiatu al zarete bai/ hori baino ez nuen nahi/ nik irabazten irakatsi dut ta galtzen ere bai», erantzun zion Martinek, poto batek ihes eginez. Baina ederra izan zen gero, azken agurrean, poto berdina eginez saioa nola agurtu zuen oiartzuarrak: «Gaurko honetan ihes egin dit enengoen lasai/ zu saiatu al zera bai/ triste nago baina alai/ nik irabazten ikasi nuen ta galtzen ere bai», bukatu zuen.

Julio Sotori kostatu egin zitzaion saioan sartzea baina bigarren ariketatik aurrera ale politak utzi zituen. Zortziko txikian Elustondorekin egindako bertsoaldian botatako lehenengoa, adibidez. Juliori, astelehenero erositako barazkiak usteldu egiten zitzaizkion astero-astero. «Ni lodi samar nago ta zu berriz flako/ barazkiak egoki gure dietarako/ baina ustelduta bada hor berdea franko/ zer erosten dituzu adornutarako», esan zion Nereak. «Postuan hiru gizon hiru emaztekin/ azenario porru etxera ederki/ baina zuk beti pizza beti spaghetti/ eta porru eginda uzten nauzu beti», erantzun zion Juliok.

Gorritiarrak, parkinson gaitzari egin zion aurre kartzelako lanean. «Eskuek dar-dar eiten didate tetxuan urak bezala/ ta txarrena da bihotzak ere dar-dar egiten didala», bota zuen lehenengoan, Gernikan momentuan ari zuen euri zaparradari erreferentzia eginez. Bigarrengoan alzheimerra aipatu zuen, lapsus baten ondorio ziurrenik, eta honakoa izan zen hirugarrena: «Parkinson artifizea/ ta ni bere konplizea/ bizitza zer da leizea/ aldiro kontran haizea/ apurka-apurka gaindituz noa hasierako batxea/ zer da bizitza nahiz ta dardarti guztia lasai hartzea/ ta holakotan gaixotasuna onena da onartzea/ ta onena dut begi parea ahaz dezadan oinazea/ eskuetatik altxatu eta aurrera begiratzea».

Jon Martinek ere dotore josi zuen kartzelakoa. «Bi esku laztu ikusten ditut nere eskuak hain zuzen/ nire eskuak direla dakit baina ez dakit nor naizen», bukatu zuen lehenengoa. «Nora ezean erabili naun bizitzaren tiobibo/ jada ez dakidan gauzarik antza sekula ez dut jakingo/ maite ditudan pertsonei kasu igual ez diet egingo/ nere bizitza bihurtu dira hiru puntu suspensibo/ nola izena duzu maitea galdetu diot astiro/ ta irriparra atera zaio nahiz etxean ez den giro/ nere laztana nere izena ahaztu al zaizu berriro/ lasai maitea esango ahazten zaizun aldiro», bukatu zuen hirugarrena.

Jone Uriak Zumaiako arraunlari baten ahotik kantatu zuen eta Elustondok, berriz, bere ametsak betetzeko aukerarik gabe etxean gelditu eta adinean aurrera egin zuen emakumearenetik. 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo