GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Bazterrak sutan

Hemen ederki ulertzen ditugu bretainiarrak, azken bi asteetan eraso bortitzenak jasan baititugu Gobernuarengandik. Alde batetik, kantonamenduen mugak zartarazi nahi dituelako eta, bestetik, Hizkuntza Gutxituen Karta ez baitu beteko

Frantses prentsari soilik kasu egiten bazaio, zaila zaigu azken asteetan Bretainian gertatzen denaren ulertzea. Hasteko, ekologiaren aldetik garraioari zergaren ezartzea ulergarria izan daiteke, bereziki frantses Gobernuan gaur egun berdeak daudelarik. Baina hori herritarren egoera ekonomikoa ez badugu begiratzen, horrez gain hexagonoko bazterretan dauden zailtasunak ez badira ezagutzen.

Hau da, hain xuxen, Parisetik politika erabakitzen dutenei gertatzen zaiena. Erabakiak Parisen hartzen direlarik, eremu mugatu batetik alderdien interesak defendituz, lobbyei askotan lehentasuna emanez, epe mugatu batendako metodologia izan daiteke, baina hori gaindituz gero, ez bada birmoldaketarik, zilborrari begirako politika horretatik ez bada ateratzen, Gobernua paretaren kontra doa. Entzungor egonez, bazterrak sutan jarri dituzte. Horren aurrean Hollande presidentea burrunba ikaragarria sortzen duen isiltasunean sartu da. Frantziak ezagutzen dituen maila guztietako zailtasunen aurrean mutu gelditzen da. Izan ere, agentzien nota jaitsi da, ekonomiaren egoera larritzen baita, eskuin muturreko jarrera indartzen ari da, Senatuan erretretaren legea ez da bozkatua izan, baina Gobernua gainetik pasako da, bost axola demokraziak antolatu dituen urratsekin konfrontazioan aurkitzen bada. Aipatu gabe, azken egunetan Guyanako unibertsitatea blokatua zela jarduera osoko konpetentzia lortzen ez duelako bere lurraldearentzat. Hots, maila handiko tirabirak arlo askotan eta eremu desberdinetan.

Gobernuaren norabide politikorik ez da ikusten, berri nahasiak hedatzen dira, Bretainiako ordainlekuen kasuan, frantsesak bretainiarren kontra jartzen saiatzen dira, ordainlekuak denen zergekin ordaintzen dituztelako Bretainian erretzen dituztelarik. Haatik, ordainleku horien kontrako protestak ez balira hasi, ez genukeen jakinen ordainsari horrendako Estatuak enpresa pribatu batekin egin zuen tratua, irabazien %20 enpresa honi utziz.

Baina, protesta horietatik abiatuz, horien antolaketari erreparatuz, urtetan eta kronikoak bihurtu ziren arazoen aitzinean zenbait boz esanguratsu aditzen hasi gara. Boz horietan interesgarriena Carhaix herriko auzapezarena dugu, funtsezko arazoak perspektiban ematen baititu eta berrantolaketaren aurrean norabide berria aldarrikatzen baitu. Birmoldaketa deszentralizazioaren haritik ikusten du. Izan ere, frantses Estatua ez baita aldatu, zentralista da. Politika nagusia Parisen eta bertako Gobernuaren arabera erabakitzen da. Mugimendu horren apustua bertan erabakitzeko eskubidearen aldekoa da, nolako ekonomia garatu behar duten, nolako herria behar duten. Bertan erabakitzeko eskubideaz ez dute Gobernutik hitz egiten.

Hemen ederki ulertzen ditugu bretainiarrak, azken bi asteetan eraso bortitzenak jasan baititugu Gobernuarengandik. Alde batetik, kantonamenduen mugak zartarazi nahi dituelako eta, bestetik, Hizkuntza Gutxituen Karta ez baitu beteko. Oinarrizkoa zangopilatzen du. Ondoko hauteskundeetarako Alderdi Sozialistak zer taktika duen ulertzea nahiko zaila da. Tokiko errealitateaz duen irakurketa erasokorra eta jokoz kanpokoa da erabat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo