GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

karakorum | Espedizioa Trangoko multzoan

«Errusiar erruleta», Uli Biahoko goi mailako sinadura berria

Eugene Bashkirtsev eta Denis Veretenin eskalatzaile errusiarrek marra berria zabaldu dute seimilakoaren eki aurpegian. Paretaren erditik doan bide zuzen hau irekitzeko zazpi egun behar izan zituzten. 26 luze ditu, eta 6c+ eta A2 zailtasunak.

p048_f01_148x136.jpg

p048_f02_184x136.jpg

p048_f03_148x204.jpg

p048_f04_148x136.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Orriotan beti esan ohi dugu errusiarren goi mailako jardueren berri ematea zaila baino zailagoa dela. Oro har, soilik zortzimilakoetan egiten dutena iristen da gurera. Baina alpinismo edo eskaladari buruz apenas jasotzen dugu berririk. Eta horren isla da Eugene Bashkirtsev eta Denis Vereteninek pasa den udan Trangoko multzoan egin zuten espedizioa. Besteak beste, Izenik Gabeko Dorrean dagoen «Esloveniarren» bidea ia era askean eskalatzeaz gain, Uli Biaho mendiaren (6.109 m) eki aurpegian bide berria zabaldu zuten: «Errusiar erruleta» (6c+, A2, 26 luze).

Esan dugun bezala, nahiz eta sokada horrek emaitza bikainak izan dituen, Europako mendebaldeko hedabide espezializatuetan ez dute batere oihartzunik izan. Bai, ordea, beste espedizio batek. Pasa den udan ere, Italiako Ragni di Lecco taldeko hiru ordezkarik, Matteo della Bordellak, Luca Schierak eta Silvan Schupbachek, 15 luze berri zabaldu zituzten seimilakoaren mendebal aurpegian. Artifizialeko luze bat izan ezik, gainerakoak 6a eta 6b artekoak dira. Eta protagonistek beraiek onartu dutenez, Uli Biahoren bide normaltzat har genezake; hots, mendiaren marra errazena.

Ragni-koen espedizioari ezin zaio meriturik kendu, baina orriotan bederen, saiatuko gara alpinista errusiarren lana jorratzen. Bashkirtsev eta Veretenin ez dira ingurumari honetan batere ezagunak. Errusian eta inguruko herrialdeetan bai, ordea. Sokada indartsua eta oso eraginkorra osatzen dute. Besteak beste, Errusiako Alpinismoko Txapelketa irabaztea jakin badakite zer den. Eta horretaz gain, Errusiako Urrezko Pioleta lortu dute.

Bigarren bidaia zuten Karakorumen. Eta berriro ere Trangoko multzora. Lehenean, 2011. urtean, ez zuten gauza handirik egiteko aukerarik izan. Arantza hori kendu nahi zuten, eta di-da batean Trangoko Dorreen kanpaleku nagusia altxatzen ari ziren. Erronka nagusia Uli Biahon sormen lan berri bat egitea zenez, errusiarren lehen lana girora egokitzea izan zen: «Kaukason hilabete pasatu genuen, 3.000 metroko garaieratik gora. Kanpaleku nagusia 3.800 metrora dagoenez, ez genuen arazorik izan. Eguraldia lagun, Trango Ri mendira (6.545 m) abiatu ginen. 5.300 metrora egin genuen lo; hobeto esanda, gaua pasa genuen, besteak beste, hotz ikaragarria egin zuelako. Biharamunean, lasai asko, gailurra egin genuen».

Errusiarren bigarren erronka Izenik Gabeko Dorrean dagoen «Esloveniar» marra izan zen: «Duela pare bat urte bide bat aukeratu baina atzera egin behar izan genuen. Oraingoan, dena ematera sartu ginen. Oso arin joan ginen, eta bi eguneko eskalada aurreikusi genuenez, soilik lo zaku bat eraman genuen. Oro har, aukeratutako bidea ederra da oso, eta oso gutxigatik bada ere, ezin izan genuen den-dena era askean igo. Artesi batzuk bustita zeuden, eta horren ondorioz, tarte gutxi batzuk artifizialean eskalatu genituen. 7a zailtasuneko artesi tenteak eta tximinia zailak gainditzeko gai izan ginen».

Paretaren erditik

Bashkirtsev eta Veretenin oso sasoiko zeuden eta girora erabat egokituta. Hala, hirugarren eta azken helburuari ekiteko prest ziren. Begirada Trango Dorreen parean dagoen Uli Biahon zuten jarrita; hain zuzen ere, eki aurpegian dauden pareta bertikaletan. Protagonistok azaldu dutenez, erronkari gogo handiz ekin zioten: «Pasa den udara arte hormatzar horretan soilik hiru bide zeuden. Irakurritakoaren arabera, jakin bagenekien oso arriskutsua eta zaila izango zela. Gu, bederen, oso motibatuta geunden geure gaitasuna indarrean jartzeko».

Kanpaleku nagusia atondu zutenetik, errusiarrek eguraldia alde izan zuten. Horren ondorioz, aukeratutako bidea garbi zegoen oso; hots, batere izotzik ez zuten ikusten. Balizko hiru marra aztertu zituzten, eta behin paretaren sarreran zirenean, marra zuzen bat, paretaren erdi-erditik doana, aukeratu zuten.

Nahiz eta argi zuten nondik joan, ezin izan zituzten hasierako dudak uxatu: «Igaro behar genuen couloir-a ez zen batere atsegina; beldur handia ematen zuen! Bestalde, eki aurpegia denez, goizeko 10-11 aldera goialdean eguzkiak elurtegiak ondo berotzen ditu, eta beraz, arrisku objektiboak biderkatzen ziren. Orduan, benetako guda hasten zen! Bost eguneko eskalada espero genuen, eta azkenean zazpi izan ziren. Abuztuaren 7an, goizeko lau eta erdietan, couloir beldurgarrian sartu ginen. Izotza gogorra zegoen, alboetan artesi piloa zituen... Beraz, erditik eskalatu genuen; hori bai, oso erritmo onean eta atsedenik hartu gabe».

Korridorean zirela komeriak pasa zituzten, besteak beste, goialdetik arroka handiak erortzen zirelako. Bost ordu geroago errusiarrek couloira atzean utzi zuten. Paretaren sarrerara iritsi, eta oraindik arrokan lau luze egiteko aukera izan zuten.

Eguraldia oraindik lagun zuten. Lehenbiziko hiru egunak ondo joan ziren. Laugarrenean, berriz, aroak okerrera egin zuen: «Elurra ari zuen, eta dendan geratzea erabaki genuen. Bederen, aurreko egunetako esfortzuak utzitako ondorioak osatzeko baliagarria izan genuen. Gauerako atertu zuen, baina biharamunean ohartu ginen pareta guztia izoztuta zegoela. Berriro elurretan, eta berriro dudak azaldu zitzaizkigun. Nahiko goian geunden, eta jaistea oso arriskutsua zela erabaki genuen. Seigarren egunean elurrak beste bisita bat egin zigun. Luze batzuk egin genituen, eta paretaren amaierara ere iritsi ginen. Gauak harrapatu gintuen, eta ohartu ginen gasik eta janaririk gabe geundela. Bat-batean, egundoko hotza! Zazpigarren eguna aurretik genuen. Benetako negua zirudien! Otsailean egiten duen elur bisutsa eta guzti. Misto arriskutsua eskalatu eta abuztuaren 8an, goizeko 8etan, gailurrean ginen».

Protagonistek argi eta garbi utzi nahi izan dute oso baldintza gogorretan eskalatu behar izan zutela: «Ez genuen batere ikusten, behe-lainoa oso itxia zelako. Uste dut Ak-su eta inguruko mendilerroetan neguan jaso dugun eskarmentuak asko lagundu digula. Jaitsiera ere gogorra izan zen oso, baina handik onik ateratzea lortu genuen. Bideari `Errusiar erruleta' deitu diogu. Aitortu behar dugu ez genekiela `pistolan' zenbat bala zeuden. Guztira, 26 luze zabaldu ditugu. Era askean 6c+ egin dugu, eta artifizialean A2. Artifizialean soilik bidearen %10 igo dugu. Artesi asko ditu bideak, batez ere offwidth-ak. Mistoan ere hainbat luze eskalatu genituen; gogorrena M4 izango zen. Izotzean ere kilometro bat, ez zen zaila (WI2) baina torloju piloa jarri behar izan genituen. Bi urte pasa dira aurreko espediziotik, eta pasa den udan egin genuenarekin pozarren gaude: «Esloveniar» bidea ia librean eta marra berria Uli Biahon».

errusiarrak

Pasa den udan, Eugene Bashkirtsev eta Denis Vereteninek marra berria zabaldu zuten Uli Biaho seimilakoan. Bideari «Errusiar erruleta» izena jarri diote.

gogorra

Zazpi egun behar izan zituzten eki paretan aukeratutako marra eskalatu ahal izateko. Laugarren egunetik aurrera eguraldi makurra izan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo