GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Arintasunaren mende

Ostiral gaua etxean ematen duzunean, aurretik bideoklubetik pasatzea ahaztu zaizula, egongelako apalategiak hornitzen dituzten liburu guztiak irakurrita, Interneterako konexioa hondatuta, bakarrik eta zeure buruarengandik deskonektatzeko premia bizian, alegia, telebista denean logura sartu arte denbora igarotzeko zure esperantza bakarra, izorratuta zaudela esan dezakezu. Telebistaren bereizgarria ez baita kalitatea, batetik, eta agian zein morbosoa izatera irits zaitezkeen ohartu ahal zarelako, zabor hutsa begiak kliskatu ere egin gabe irentsiz, bestetik.

Nori ez zaio gertatzen, ezta? Hain da erraza, eta arina. Orduan, nork bere buruarekin izan ditzakeen barne gatazkak alde batera utzita, showa ikusten duzu. Beldurtzen zara, apur bat, saio hori herrialde bateko telebistako jaun eta jabe dela dakizunean; are gehiago ikaratzen zara zer, nola eta nortzuek egiten duten zeure begi eta belarriekin egiaztatuta. Nire infernuko joan den ostiralean, eztabaida nazionala zen abeslari espainiar ospetsu baten 18 urteko alaba haurdun dagoela. Horrek berak bakarrik, bere horretan, neska horrek hain gazte umea eduki nahi izateko buruan zer duen pentsarazten dizu. Gero, kontatzen dizute abeslariak prentsa-ohar baten bidez eman duela ezagutzera berria, non, besteak beste, haurdunaldia maitasunezko harreman egonkor baten fruitua dela esaten duen. Orduan pentsatzen duzu nerabezaro eternalaren garaian, gaur egun, esaldi hori 18 urteko bi pertsonarekin lotzea, urtebetez ere ez dutenean elkar ezagutu, gainera, irrigarria dela, eta ama horrek hori azalpen nahiko eta normaltzat publikoki zabaltzea, alabarentzat munduko gauzarik onena balitz bezala, kezkagarri samarra ere badela. Eta, azkenean, ezin duzu ekidin pentsatzea neska gazte hori, ziur aski, bere bizitza hondatzear dagoela.

Beste hainbeste neska gazte bezala, neska anonimoak, arruntak. Dela presionatuta, dela ideia erromantiko bati eusten diotelako, dela besterik egiterik ez dagoela uste dutelako, baina ia inoiz ez erabaki hausnartu eta irmo baten ondorioz. Nerabezaroan haurdun geratzen dena, nahi gabe geratzen da. Neurriak hartu beharraren kontzientziarik ezagatik, bikotekide edo sexukidearengan, alegia, mutilarengan, konfiantza osoa jartzeagatik, edo alderantziz, konfiantzarik ezagatik, ziur aski. Eta, tamalez, sarri, mozkortuta egonda zertan dabiltzan ere ez dakitelako. Lotura hori, alkoholarekin, oso-oso estua da gaur egun, eta arazo askoren iturri, edo ondorio, nerabe eta gazteengan. Ezin diot utzi pentsatzeari, finean, ezagutzen duten jendartearen emaitza direla, etengabe eta ziztu bizian aldatzen ari dena, informazio iturri mugagabeak eskaintzen dituena, eta komunikatzeko era oso desberdinak, oso arinak baita, telebista bezain arina. Gertatzen dena da emozioen eremua, beldur eta nahiena, norberaren bizitza, ezin dela aspertu bezain laster itzali. Eta arrazoiek eta ondorioek hor egoten jarraitzen dutela, beti. Ez, ordea, babesa, heldutasuna eta aukerak eta bideak erakutsiko dizkizunik. Hori ere bada-eta egungo gazte askoren arazo handiena: erreferente egoki eta errealik eza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo