GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Buttons Kaluhiokalani: 70eko hamarkadan izan zen surflari berritzaileena zendu da

Surfaren historian izan den surflaririk berritzaile eta esanguratsuenetako bat joan da. 70eko hamarkadan surfa irauli zuen surflaria minbiziak eraman du, baina bere ondareak bizirik jarraitzen du eta jarraituko du. Aloharen enbaxadorea etxeko lanak eginda joan da.

p054_f01.jpg

p054_f02.jpg

p054_f04.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Azaroaren 2an, alegia Andy Irons hil zela hiru urte betetzen ziren egun berean, beste surflari handi baten heriotzaren berri izan genuen. Surfaren historian izan den surflari berritzaileenetako bat joan zen, egungo zenbait ariketa lehen aldiz egin zituen surflarietako bat: Buttons Kaluhiokalani.

Montgomery Ernest Thomas Kaluhiokalani 1959ko martxoaren 30ean jaio zen, Honolulun (Hawaii) eta zazpi urte zituela hasi zen surf egiten Waikikiko hondartzan. Hasiera batean, kortxozko paipo batekin ibiltzen zen, eta taularekin surfean hasi zenean paipoarekin egiten zituen ariketa berberak egiteko gai zela erakutsi zuen, 360 graduko birak egiten zituen (film batean bira osoa egiten agertu zen lehen surflaria izan zen), oinak trukatu eta bi aldetara surf egin zezakeen, eta ohiko ariketak modu bitxian egiteko gai zen. Surflari berritzailea zen eta garaiko surflarientzako eredu garrantzitsua izan zen.

Surfaren historian bere izena hizki handiz idatzi ahal izan duen jatorri afrikarreko surflari bakarra izan dela esan daiteke. Aita Texaseko soldatu iparramerikarra zuen eta ama, hawaiiarra. Buttons ezizena, bere amonak jarri zion, bere ile kizkurra ikusita eta buru gainean botoiak zituela zirudielako.

70eko hamarkadan, taula txikiak agertu zirenean eta txikotari esker olatu bakoitzean itsasertzera joan beharrik ez zegoenean, olatu baten gainean egin zitekeenaren ideia oraindik osatzeke zegoen eta adimena zabaltzeko LSD droga hartzen zen garaia zen.

Iraultza horren guztiaren erdian abangoardia izateko oso jende gutxik duen osagai bat behar zen, alegia, irudimena. Surflariak, ordura artekoa gainditu nahi bazuen, surf saio bakoitzean aurrez ikasitako nozioak ezabatzeko gaitasuna izan behar zuen, eta Buttonsek, ia oharkabean, naturaltasun osoz egin zuen, beste inor egiteko gai ez zena. Bere ariketa ia ezinezkoekin surf egiteko moduari beste dimentsio bat eman zion.

Dudarik gabe, 70eko hamarkadako surflariengan eragin handiena izan zuen pertsonetako bat izan zen Buttons. Bere ile orrazkera afroa, jarrera bihurria eta etengabeko irribarreak milaka jarraitzaile sortu zituen. 1973an, 13 urterekin AEBetara joan zen lehiatzera. Kalifornian bigarren geratu zen Malibuko hondartzan, amateur kategorian, eta zazpi urte geroago txapelketa hori irabazi zuen Open kategorian.

Txapelketetan emaitza onak eskuratu zituen, munduko hainbat lekutan txapela irabazi zuen, Perun, Japonian eta AEBetan kasu. Buttons ez zen surflari lehiakorra, ordea; bere surfa muturrera eramaten ahalegintzen zen eta horrek ikusgarri bilakatzen zuen, baina lehiaketarako bestelako osagai batzuk garrantzitsuagoak dira eta Buttonsi kosta egiten zitzaion bere berezkotasuna lehiaketara egokitzea.

ASPko rankingean lortu zuen emaitza onena 27. postua izan zen, 1981. urtean. Urte berean, Pipeline Masters txapelketa ospetsuko finalerdietan bertako surflari talde bat sartu zen txapelketa gunean eta lehiaketa lasai egin ahal izatea eragotzi zuten. Surflari horien artean aurkitzen zen Buttons eta horren ondorioz zigorra jaso zuen.

80ko hamarkadan txapelketek gero eta garrantzia handiagoa hartu zuten eta Buttons pixkanaka desagertu egin zen. Droga menpekotasunak harrapatuta ezkutuan bizi izan zen luzaroan. 2000. urtean agertu zen denbora luze baten ostean eta hiltzeko zorian izan zela esan zuen.

Honela mintzo zen Buttons garai hartan: «Nire ama, nire neska laguna eta Eddie Rothman lagunagatik ez balitz, orain hilda nengoke». Eddie Rothman surflari ezagunak bere etxeko zutabe bati lotuta izan omen zuen Buttons bi astean zehar.

Urte gutxiren buruan, ordea, berriz ere heroinaren atzaparretan erori zen. Droga menpekotasunak Buttons garaitu zuen eta urte batzuetan bere irribarre maitagarria desagertu egin zen, 2007. urtean berriz ere jendartean agertu eta surf egiten hasi zen arte.

Behin drogak utzita, ordea, berriz ere indartsu agertu zen, surf eskola bat ireki zuen, berriz ezkondu zen eta haur bat izan zuen. Iaz, 51 urterekin Tahitin surf egiten izan zen eta uretako moto baten laguntzaz olatu erraldoiak hartu zituen Teahupon. Azken urtea, aldiz, bizitzen jarraitzeko minbiziaren kontra borrokan pasa zuen, joan den azaroaren 2an joan zen arte.

Hawaiiarren kulturan, «Aloha» izpiritua, alaitasuna eta adeitasunaren bitartez adierazten den jarrera modukoa da. Aloharen bitartez, izpiritua eta gorputza senda omen daitezke eta zoriontasuna kutsatzen omen da. Edie Rothman eta Hawaiiko beste zenbait surflari ezagunek Aloharen enbaxadore izendatu zuten Buttons.

Buttonsek lekukoa utzi zuen. Hark olatu gainean lehen aldiz egindako ariketak egun ariketa arruntak bilakatu dira eta mugak gainditu daitezkeela ere egun oso barneratua dagoen ideia da mundu osoko surflarien artean. Hori guztia, Aloha izpirituaren enbaxadoreak utzitako ondarea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo