GARA > Idatzia > Mundua

Hildakoak eta atxilotu ugari Riaden paperik gabeko etorkinen aurkako operazioan

Langile atzerritar bat eta saudiarabiar bat hil dituzte Saudi Arabian, paperik gabeko etorkinen aurka erregimenak abian jarri duen kanporatze kanpainaren eraginez. 20.000tik gora lagun atxilotu dituzte paperik gabekoen egoera legeztatzeko operazioaren aitzakiarekin.

p022_f01_148x116.jpg

GARA |

Riad hiriburuko hegoaldeko auzo batean azken orduetan gertatu diren istiluetan gutxienez bi pertsona hil dira. Biktimetako bat etiopiar jatorriko langile bat zen, larunbat gauean atxilotu zituzten beste 68 lagunak bezala. Saudi Arabiako agintariek «legez kontrako etorkinak» herrialdetik kanporatzeko abian jarritako kanpainak eragin zituen istiluak.

Naser al Qahtani Riadeko Poliziako eledunak «Al Hayat» arabierazko nazioarteko egunkariari adierazi dionez, Al Manfuha auzoan larunbat gauean hasitako borrokek ordu asko iraun zuten. Zauritutako pertsona batzuk oso larri zeuden eta inguruko erietxe batera eraman behar izan zituzten.

Al Qahtanik emandako datuen arabera, etiopiar jatorriko langileei epe bat eman zieten beren burua entregatu zezaten. Gainera, beraientzako harrera leku bat prestatu zuten, herrialdetik kanporatu arte bertan egon zitezen.

Poliziak jakinarazi du 561 pertsona atxilotu zituela larunbatean hasitako borroketan. Kalte material garrantzitsuak eragin zituzten protestek. Esaterako, inguruan aparkatuta zeuden ehun auto baino gehiago suntsitu zituzten manifestariek.

Paperik gabeko etorkinen egoera legeztatzeko kanpaina orain zazpi hilabete hasi zen Saudi Arabian, apirilean. Orduan egoera normalizatzeko epe bat zabaldu zuten. Bisatuen Sailak joan den asteartean eskaini zituen datuen arabera, epe horretan 1,7 milioi langilek legeztatu dute beren egoera. Paperak eskatu bezala aurkezterik izan ez duten beste 951.000 etorkin kanporatu egin zituzten.

Aipatu epea bukatu zenean, errepresioaren garaia iritsi zen. Etorkinen bila ibili da Polizia egunotan, eta paperik gabe zeudenak atxilotu egin ditu. Atzo eskainitako datuen arabera, 20.743 etorkin atxilotu dituzte.

Al Manfuha auzoa Riad hiriburuko pobreenetakoa da. Bertan elkartu ziren larunbatean langile atzerritarrak, Gobernuak abian jarritako kanpaina salatzeko. Polizia bertaratu zen eta tiro batzuk ere egin zituen.

Manifestariak korrika alde batetik bestera, eta uniformedunak atzetik, lekukoek jakinarazi dutenez. Kalean topatzen zituzten objektuak erabiltzen zituzten etorkinek poliziei jaurtitzeko, beren burua defenditze aldera.

Inguruetako establezimenduetako jabe saudiarabiarrak ere kalera irten ziren, arma zuriak eskuetan, beren ondasunak babestu nahian.

Larunbateko bi hildakoei asteazkenean hil zen beste pertsona bat gehitu behar zaie.

lehen hildakoa

Joan den asteazkenean etiopiar jatorriko etorkin bat hil zuen Poliziak. «Arab News» egunkariak jakinarazi duenez, uniformedun bati bere arma kentzen saiatu zen etorkina. Beste batzuek diote ihes egiten ari zela.

lege berria

Saudi Arabian onartutako lan legedi berriaren arabera, makina bat lanpostu bertakoentzat dira soilik, eta etorkinek saudiarabiar baten abala lortu behar dute lan eta egoitza baimenak eskuratzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo