CFA
Ia galduta zeukan puntua berreskuratzea lortu du Avironek
AVIRON 1
MONTPELLIER B 1
J.L.
Ia galduta zeukan puntua berreskuratu zuen Avironek. Izan ere, arauzko denbora pasa eta handik sei minutura lortu zuen talde lapurtarrak berdinketaren gola.
Baionan gauzak gaizki doaz, eta hori baieztatzeko sailkapenean bakarrik ez da begiratu behar, baita hamaikakoan ere, azkenaldian aldaketa asko izaten baitira, eta horrek erakusten du dena. Tartean, asteburu honetan Marinari atezainak lehen aldiz jokatu du Jean Dauguerren. 37 urte ditu, eta bere eskarmentua baliatu nahi dute, atzelariek konfiantza izateko.
Gainerakoan, partida orekatua izan zen, bi taldeek ez baitzuten aukera askorik izan. Montpellierren bigarren taldea jokalari gaztez osatuta etorri zen. Kalitate handia bai, baina eskarmentua falta, eta hortxe egin zien ihes garaipenak. Avironek hirugarren urtez jarraian maila galdu nahi ez baldin badu, gauzak aldatu beharko ditu.
Genetsek, berriz, eman dio amaiera bere bolada txarrari, eta hirugarren garaipena jarraian lortu zuen Saint Alban taldearen zelaian 3-4 irabazita. Bolada oso txarra pasatu zuen talde hori-berdeak, baina azkenean garaipena lortzeko modua egin zuen, eta sailkapenean ere nabarmen egin du gora. CFA Mailara igo nahi du Angeluko taldeak, eta badirudi orain bide ona hartu duela. Orain, galdu gabe hortik jarraitzea komeni zaio.