GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | BERTSOLARI Txapelketa Nagusia

Igor Elortzak ez dauka BECen entzule izateko asmorik

Txaloetan ederki nabarmendu zen atzo Tolosako saioaren maila. Ez du inork atzean gelditu nahi eta bertsoaldi ederrak gero eta gehiago dira. Igor Elortzak Donostiako saiorako txartela eskuratu du oraingoz.

p056_f02.jpg

p056_f03.jpg

Ane ARRUTI

Indartsu dago Igor Elortza, bi saiotatik bitan nagusitu da aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusian. Gozatu egiten duela dirudi, gozaraztea lortzen du behintzat. Atzo Tolosako Usabal kiroldegian jokatutako bigarren finalaurrekoan, 722 puntu eskuratu zituen eta goitik beherainoko hainbat bertso eder utzi ere bai. Adi ziren entzuleak, 1.732 guztira -Bertsozale elkarteak zehatz emandako datua- eta adi bertsolariak ere. Lehenengo ariketetan pare bat alditan egin zieten erreferentzia aurreko bertsoaldiko ideiei eta bertsozaleek ere eskertu zuten hori. Atzoko sailkapena horrela gelditu zen: 722 puntu Igor Elortzak, 667,5 Iñigo Mantzizidor Mantxik, 649 Unai Iturriagak, 649 Etxahun Lekuek, 638,5 Jexux Mari Irazuk eta 638 Amaia Agirrek. Bezperan Gernika-Lumon izandako lehenengo finalaurrekoan nagusitu zen Amets Arzallusek (717) baino puntu gehiago pilatu zituen Elortzak eta Donostiako finalaurrekoan kantatuko du. Orokorrean egin zuen saioak gora eta puntuek ere bai.

Kartzelakoan hiru bertsotan bikain transmititu zuen Elortzak neskato txiki baten gauetako ezinegona, “Izarren hautsa” doinua erabiliz, bertso berean errima ezberdinekin jolastuz. «Pasiloko argia itzalita lokartzeak beldurra ematen dizu», izan zuten gaia. «Ikastolako ipuinak beti erakargarri niretzat/ gaur entzun ditut otsoen kontu eta basotako ertzak/ orain hemen naiz neure ohean/ ta akorduak datoz oldean/ hartz txikitxo bat kidetzat/ ahizpa bat edo neba txiki bat edukiko banu behintzat/ baina ez dakit nola etorriko zaizkidan gaurko ametsak/ ate azpiai nago begira/ agertuko al da argi dirdira/ gau ilunak eta beltzak/ arrisku dira haurrentzat», kantatu zuen lehenengoa. Bigarrenean bere aita «desastrearen» komunerako ibilerak deskribatu zituen eta hirugarrengoan gurasoen gelarako bidea hartu zuen: «nire hartzatxoa hor eraman dut pausuz pausu besapean/ sartu beraien logelan eta oraintxe nago bakean/ gustora egingo dut hemen lo-lo/ ahaztuta mamu eta mozolo/ babesleku eder batean/ aita ta amaren artean».

Aurretik ere indartsu aritu zen durangarra ariketaz ariketa. Aipatzekoak, zortziko txikian Etxahun Lekuerekin egindako bertsoaldia edo seiko motzean Unai Iturriagarekin egindakoa. Auzokideak ziren Elortza eta Lekue, katu banaren jabe. Igorrek Etxahuni katua kontrolatzeko eskatu arren,  berriro harrapatu zuen bere pototik jaten. «Hargatik bi aukera ditut baloratu/ bata da barkatu ta bestea akatu», bota zion Elortzak. «Zuen elkarrizketei egoten naiz adi/ lehengoan esan zeuntzon zeure semeari/ bokadilloa emon goseak denari/ ez kontrakorik esan zeure katuari», erantzun zion Lekuek, Elortzaren zortziko handiko ariketarekin lotuz. 

Azken agurrean esan zuen bezala, «Tolosako museoan» marka utzita eskuratu zuen Mantxik bigarren postua. Pixkanaka-pixkanaka hazten joan zen zarauztarra eta seiko motzeko ariketa gogoangarri baten ostean, kartzelakoarekin errematatu zuen saioa. Irazurekin egokitu zitzaion seiko motzean. Biloba zen Irazu eta lanik gabe geldituta, ordura arte familia kanpoko zaintzaile batek zaintzen zuen aitona Mantxi zaintzea proposatu zion. «Hasi gaitezen zentzunez/ ta gauza bat erantzunez/ ze ingo dezu diruagatik edo maitasunez», galdegin zion Mantxik. Irazuk zurikeriarik gabe erantzun zion, «nik maitasunez arreta/ zuk ere neuri fereka/ eta horrela zainduko dezu nere hipoteka», lehenengoan eta «ta zaude lasai aitona/ nagusi txarrak izaten baitu herentzia ona», bigarrengoan. Aitonaren erantzuna ere, garbia: «Hango arropaz jantzia/ peruana bat dultzia/ nahiago det zu baino nere ondora etortzia/ ta entzun azken sententzia/ agortu zait pazientzia/ bizkarreko bat izango dezu nere herentzia». 

Kartzelakoan, haur baten tokian jarri zen Mantxi ere, baina umezurztegi batetik iheska, tren batek ia hil zuenekoa gogoan zuela. «Zortzi urtekin egin ninduten famili baten bezero/ mutiko traste samar izaki pasa det mila endredo/ ama ordekoai esaten diot uztazu piztuta edo/ nik lokartzean joango zera itzalduko dezu gero/ ia bihurtzen naiz ero/ trena gainera datorkidala amesten baitet gauero», kantatu zuen bigarrenean.

Potoen gorabeheran

«Potoman» izendatu zuen bere burua Unai Iturriagak azken agurrean. Izan ere, kartzelako azken bertsoan «muxu» hitza birritan aipatu zuen erriman. Eseri orduko konturatu zen bera ere, eta publikoaren babesa jaso. Puntu erantzunetan ere zalantzazko poto bat egin zuen. Zalantzazkoa, eztabaida bazegoelako bazen edo ez ote zen. «Ehizara joaten da makina bat lagun» puntuari honela erantzun zion: «Makina bat eta bi zehaztu dezagun/ txori bat pasa orduko denak hor pin-pan-pun/ enaiz sekula izan ni arma hoien lagun». Lehenengo «lagun» hitzak «pertsona» adierazten duela eta bigarrenak «gogoko», hori atzo entzuleen artean debatea.

Potoak poto, saio polita egin zuen Iturriagak, hirugarren sailkatu zen, Lekuerekin puntutan berdinduta. Elortzarekin seiko motzean arrazoi berriak eskaini zituen bertso bakoitzean. Bikotea ziren eta Iturriagak ez zuen nahi Elortza kanpora lanera joaterik. «Hara bidai eta gastu/ nahiz ta hemen bizi estu/ joanda ere ezingo zara Igor aberastu/ maitasunak nau ni laztu/ zuk gauzarik ez nahastu/ zuk ere aukera bi dituzula etzazula ahaztu», esan zion bigarrengoan. Berarekin joateko eskatu zion Elortzak eta hauxe erantzuna: «Hara daukat gogor fama/ hau bukatzen da laztana/ ez dut nahi made in Txina izatea gure harremana».

Kartzelan, bere atxiloketa eta preso garaiaz hitz egin zuen Iturriagak. «Han beti argia pizten da beti argitik argira/ berriro etxera bueltan lasai banengon sikira/ ohitura txarrenak ere ohitura bihurtzen dira», kantatu zuen bigarrenean. Bide bertsua hartu zuen Lekuek. «Besteentzat izan leike hain egoera arrunta/ baina nik hamasei urte kartzelan pasatuta/ eta han argia beti egoten zan piztuta», esan zuen lehenengoan eta bigarrenean: «Lerratuko naz egoki izango dan bidera/ behin txarrera ohitu nintzen, ohituko naz onera».

Irazuri, berriz, haurra zela aitaren atxiloketak eragin zion trauma: «Gau beltzean etxeraino uniforme, metralleta/ oraindik ere barrua daukat beldurrez beteta/ orduko amesgaiztoa trauma bihurtu zait eta». Iturriagarekin perfume dendan zortziko txikian egindako bertsoaldia ere ederra izan zen. «Atzo zuen Hugo Bosch ta lasai gelditu/ gaur Cacharel pixka bat ta berriz segitu/ zuri egin zaizkizula neri iruditu/ belarriak hazi ta azala loritu», esan zion, hemen ere Iturriagak aurreko ariketan bere belarriei egindako erreferentzia errepikatuz.

Amaia Agirrek tratu txarrak jasaten dituen emakume beldurtu baten ahotsetik kantatu zuen kartzelan. «Dena posible ote da/ hori da nere galdera/ beti esperoan beti beldurrez hola ezin egin aurrera/ nere bizitza itzal daiteke argiarekin batera», esan zuen bigarrenean eta horrela bukatu gero: «Hara senarra hau da jipoitu nauzun azkenengo eguna/ andre huts bat ez etxe huts bat da bihar topauko dezuna». Zortziko handian eta seiko motzean ere ondo aritu zen Agirre, azkenengo horretan Lekueri ondo erantzunez.

Lehen itzuli honetako beste bi saioak asteburu honetan jokatuko dira Oiartzun eta Murgian. Larunbaterako saiorako jadanik bukatu dira sarrerak.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo