GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-03-27
«Artfombra», zapaltzeko artea
Egunotan, Donostiako Nomada dendan, Koldobika Jauregi, Marta Cardenas, Juan Luis Goenaga, Jose Luis Zumeta eta Jose Ramon Andaren lanak ikus daitezke; alfonbretan, ordea, ezohiko euskarrian, alegia. Artista euskaldunek diseinuak bertan egin eta, «alfonbragintzaren hizkuntzara itzulita», iheslari tibetarrek Nepalen egin dituzte. Emaitza «Artfombra» erakusketa da, apirilaren 17a arte Nomadan ikus daitekeena. Ekimena Nerea Agirreri eta Alaister Bairdi zor zaie. Haiek oso pozik daude, eta beste erakusketa bat prestatzen ari dira, oraingoan Gaur taldeko artisten diseinuekin.

DONOSTIA

Nerea Agirre donostiarra eta Alistair Baird eskoziarra Nomadaren jabeak dira. Alfonbretan espezializatuta daude, alfonbra zahar eta berrietan, baina betiere eskuz egindako alfonbretan. Iran, Turkia, Afganistan eta, oro har, Asiatik inportatzen dituzte.

Baird, lanbidez arkitektoa, inoiz proiektu jakin bati begira alfonbra bat diseinatu beharrean aurkitu da. Hortik sortu omen zen diseinuak artista euskaldun ezagunei espresuki eskatzeko ideia.

Lehenengo harremanak Koldobika Jauregi eta Marta Cardenas Nomadako bezeroekin izan zituzten. Biek ala biek ideiaren berri pozarren hartu zuten. Zumetak, Goenagak eta Andak ere berehala egin zuten proiektuarekin bat. Guztira, bost artista, hiru margolari eta bi eskultore, batzuek eta besteek alfonbrei norberak darabilen diziplinaren araberako ukitua emango zietelakoan.

Artistei bina diseinu eskatu zizkieten Nomadakoek. Baldintzak, berriz, oinarri-oinarrizkoak: diseinuek egile bakoitzaren «zigilua» eramatea, neurri standard ­eta kolore aukera­ jakin batzuen arabera egitea eta alfonbretan islatzeko modukoak izatea. Izan ere, diseinuak ezin dira eskuz egindako alfonbretan serigrafiak balira bezala islatu. Diseinuak, ezer baino lehen, «alfonbren hizkuntzara itzuli» behar dira, eta hori paper laukidunen bitartez egiten da. Lauki bakoitzari korapilo bat dagokio.

Bakoitzak bereari eutsi dio

Guztira, bederatzi diseinu bidali zituzten Nepalera ­Goenagaren bigarrena berandu iritsi omen zen­, eta Nomadakoek prozesua martxan jarri eta ia urtebete geroago ­alfonbra bat egiteko batez beste hiru hilabete behar direla kontuan izan behar da­ iritsi dira “Artfombra”n ikus daitezkeen lanak.

Koldobika Jauregirenetan, ekialde kutsuko kaligrafiak sumatzen dira; horietako batean, azken urteotan bere lanetan darabilen urre kolorea zetazko harien bitartez ordezkatu du.

Marta Cardenas azkenaldion oihalgintzan bete-betean sartuta dagoenak, berriz, exotismoaren bidetik jarraitu du.

Zumetak kolore biziekiko duen tira alfonbretan ere islatzen da, nahiz eta koloreen bizitasuna pixka bat apaldu duen.

Andaren diseinu geometrikoak dira beharbada «eskultorikoenak». Horietako batean lauki zuzenaren araua ere hautsi du.

Juan Luis Goenagaren diseinua ­Paleolitikoko kobazuloetako marrazkiekin nolabaiteko antza duena­ ikusgarrienetakoa da, dudarik gabe.

Diseinu bakoitzeko 21 alfonbra egin dituzte, zenbakidunak. Hots, litografia serie batekin egin zitekeen gauza bera egin dute. Prezioak alfonbra arruntenak baino garestiagoak dira; ez, ordea, askoz garestiagoak. Merkeena 850 euroan dago; eta garestia, berriz, 2.800 euroan. Bestalde, irabazien %5 Tibeten lan egiten duten Rokpa eta Rigul Foundation gobernuz kanpoko erakundeei ematea erabaki dute.

Artistak eta ekimenaren sustatzaileak oso pozik daude emaitzekin. Lehenengoek ez zuten horrelako zehaztasunik espero; eta bigarrenak, berriz, esperientziatik ur handiagotan sartzeko gogoz atera dira. Ez da gutxi. Izan ere, proiektu berri bat prestatzen ari dira, oraingoan Gaur taldeko artistekin (Amable Arias, Oteiza, Basterretxea, Mendiburu, Sistiaga, Balerdi...).

“Artfombra” apirilaren 17ra arte ikus daiteke. Nomada (Abuztua 31, 24) astearte eta larunbat bitartean dago zabalik, 10.30etik 14.00ak arte eta 16.30etik 20.00ak arte.



Jauregi: «Uste baino aukera handiagoa»
“Artfombra”n parte hartu duten artistak oso gustura geratu omen dira eta, are gehiago, gauza berriak egiteko gogoz. Horren lekuko da Koldobika Jauregik GARAri adierazitakoa: «Lanak nola geratu diren ikusita, alfonbretan guk uste baino askoz gauza gehiago egin daitezkeela ikasi dugu. Beharbada zuzenena Nepalera joatea litzateke, prozesua bertatik bertara ezagutzeko». -



«Tibeteko artilea goxo-goxoa da; latxena, berriz, gogor-gogorra»
Nerea AGIRRE | Nomadako arduraduna

Nerea Agirrerentzat, alfonbrak bizibidea dira, baina batez ere bene-benetako pasioa.

­Nondik datorkizu?

Ez dakit, egia esan. Formazioz, liburuzaina naiz, baina ikasketak bukatu bezain laster konturatu nintzen hura ez zela nirea. Bidaiak egiten hasi nintzen ­hamaika urte egin ditut atzerrian­ eta, ia konturatu gabe, alfonbrak erosten, niretzat erosten, alegia. Halako batean, Londresko zaharkin saltzaile batzuek alfonbretarako oso begi ona nuela esan zidaten, eta nire pasioa lanbide bihurtzera animatu ninduten. Eskozian ireki nuen denda txiki bat, hamar alfonbra baino ez zituena. Eta Alistair-ekin batean alfonbra bila Iranera-eta joaten hasi nintzen. Gero Donostiara itzuli eta alfonbrekin jarraitu nuen.

­Alfonbra berri eta zaharretan espezializatuta zaudete.

XIX. mendeaz geroztikako alfonbrak dauzkagu.

­Euskaldunok ba al dakigu alfonbrak estimatzen?

Bai, gazteei, esaterako, nomadek egindako alfonbrak asko gustatzen zaizkie; ez dira izugarri garestiak, gainera. Normalean, zahar edo gazte izan, jendeak ulertu, ez du ulertzen, baina gustatzen zaie jakitea zein tributako alfonbrak diren eta antzekoak.

­«Artfombra»ko lanak Nepalgo lantoki jakin batean enkargatu dituzue. Zergatik?

Tibeteko errefuxiatuek osatutakoa da. Ez dute haurrik erabiltzen eta baldintza duinak dituzte. Hori garrantzitsua da guretzat. Horrez gain, artisau apartak dira, noski, eta Tibeteko artilea erabiltzen dute.

­Artile berezia, beraz.

Gehiago irauten du, ez da zikintzen eta goxo-goxoa da. Normalean, zenbat eta gorago bizi, orduan eta ile goxoagoa dute ardiek. Aukeratu dugun lantokian bertako artilearekin lan egiten dute, baina Nepalen badira ere bai Zeelanda Berriko artilearekin lan egiten dutenak. Askoz merkeagoa da, baina ez Tibetekoa bezain ona.

­Nolakoa da gure latxena?

Oso gogorra, soka bat bezalakoa. Guk konponketak egiteko erabili ohi dugu. -

 


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Compromisos internacionales
Euskal Herria
Sufrimiento sólo igualado por la dignidad
Mundua
Los sondeos dan a los prorrusos la victoria en Ucrania
Kirolak
Cuantos más cambios, peor juego
Kirolak
Un Alavés especulador saca crédito entre el pánico a perder
Euskal Herria
Zapatero está dispuesto a negociar con ETA tras verificar el alto el fuego
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea