GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-04-02
Karmen Irizar, aurrerantzean Topaguneko lehendakari
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak urteko Batzar Nagusia egin zuen atzo. Nabarmentzeko berritasuna lehendakari berriaren izendapena izan da. Aurrerantzean Karmen Irizar azkoitiarrak hartuko du Joxemari Muxikak azken sei urteetan betetako postua. Era berean, urteko lan ildoak ere zehaztu dituzte bazkideek, atzotik 84 dira.

ABADIÑO

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko kideak Abadiñon elkartu ziren urteroko Batzar Nagusian. Atzokoan albiste nagusia elkartearen lehendakari berriaren izendatzea izan zen. Karmen Irizar Azkoitiko Maxixatzen Euskara Elkarteko lehendakariak beteko du aurrerantzean kargu hori. Modu horretan, Joxe Mari Muxikaren lekua hartuko du. Sei urtez egin ditu Muxikak lehendakari lanak, eta, epe horretan, «euskara elkarteen mugimenduak izandako izugarrizko bilakaera» nabarmendu nahi izan zuen. «Sei urtean 58 elkarte izatetik 84 federatuta egotera pasatu gara, eta, aldi berean, elkarteon jardueren kopurua hazten eta sendotzen ari dira; mugimendu honi oinarrizko egitura sendotu behar zaio, diskurtsoz eta diruz», azaldu zuen.

Alde horretatik, Muxikak euskara elkarteek euskararen erabilera sustatzen egiten duten lanak beharrezko izaten jarraitzen duela nabarmendu zuen, eta, era berean, elkarteotako kideen dedikazioa ere eskatzen duela adierazi zuen.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren lehentasuna euskararen erabileran eragitea dela berretsi zuen, eta, zentzu horretan, erabilera askeko guneetan euskara erabiltzeko zerbitzuak eskaintzea, bilguneak sortzea eta sentiberatze lana egitea lan lerro dituela adierazi zuten federazioko ordezkariek. Alde horretatik, iaz ere euskararen erabilera sustatzeko makina bat egitasmo egin zituztela gogorarazi zuten. Era berean, etorkizunean ere euskararen normalkuntzan ari diren erakundeen plangintza eta politiketan erabilerari behar duen lekua egin diezaieten lanean jarraituko duela adierazi zuen Topaguneak.

Hala, datozen urteetan ere erronka itzelak dituztela adierazi zuten. «Euskarazko kultur sorkuntza hedatzeko programak sortzen jarraitu, haur eta gazteen aisialdiko kultur ohituretan eragiten jarraitu, euskarazko hedabideak euskaldun guztiengana zalbadu, entitatean euskarazko funtzionamendua bermatzeko aukerak eman, euskaldunentzako bilguneak antolatzen jarraitu...», zerrendatu zituzten.

2006rako egitasmoak

Luzera begira jarri gabe, Batzar Nagusian aurtengo aurreikusita dituzten egitasmoak ere aipagai izan zituzten. Hartara, Kultura Sailean euskarazko kultur sorkuntza eta ekoizpena hedatzeko egitasmoak antolatzea aurreikusi dute, formatu txikiko kultur emanaldiz osatutako Kultur Errota zirkuitua eta euskarazko Film Laburren 3. Zirkuitua, besteren artean; Haur eta Gazte Sailean, Asteburuetan.com egitasmoaren bidez, Gazte Kultur Zirkuituetan gazte sortzaile euskaldunek gainerako gazteei ikastaro eta tailerrak emango dizkiete; Hedabide Atalean, bi egitasmo nabarmentzen dira: euskarazko tokiko telebistak sortzeko sustapen jarduna eta Nafarroako Euskarazko Irratien Sarea indartzea; azkenik, Mintzapraktika Sailean aurten lehenengoz, berbalagun guztiak elkartzeko I. Mintza Eguna antolatuko dela iragarri zuten.

Jada 84 elkarte batzen ditu, sei bazkide berri egin ostean

Lehendakari berria izendatzea ez ezik, elkartean federatutako sei elkarte berri ere hizpide izan ziren. Orotara 84 dira jada, Nafarroako Ultzamaldeako Ametza elkartea, Zuiako Bidebarri euskara elkartea, Bilboko Alde Zaharreko Lizardi Mintza elkartea, Zornotzako Nañon Euskaraz elkartea, Iruñeko Alde Zaharreko Zaldiko Maldiko elkartea eta Urretxu-Zumarragako Zintzo-Mintzo elkartea federatu ostean. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
No es un frente, es un país que camina
Iritzia
La hora de la verdad
Euskal Herria
1989, 1999, 2006; BAKEARI BEGIRAko hiru argazki
Euskal Herria
Manifestación histórica en favor de una solución democrática para Euskal Herria
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea