GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Jo puntua 2006-05-07
Kirmen Uribe - Idazlea
Zehatza

Arazoak izan ditut beti zehaztasunarekin. Ez naiz zehaztasunen zale. Gustuko ditut gauza zehazgabeak, muga garbiak ez ditut atsegin. Nahiago dut muga artean ibili, argiaren eta itzalaren artean. Eta hori diot esaten ari naizen hitzek norbait asaldatzeko arriskua dutela jakinda. Jakinaren gainean nago eta, txiki txikitandik zehatza izateak duen garrantziarena. Izan ere, gure herrian «zihetza» esaten zaio pertsona zuzen zintzo langileari. «Ihetza» zuzenagoak izanda. Beti zer pentsatua eman dit horrek. Zer ikusi izango ote du zehaztasunak probetxuzko pertsona izatearekin. Auskalo. Noiz edo noiz jakingo dut.

Kontua da nahiago ditudala gauza zehazgabeak datuak baino. Bat egiten dut horretan G. K. Chesterton idazle ingelesarekin. Hark ere ez zituen gauza zehatzak maite. Berak argudiatzen zuen berdin zela Napoleon 1768an edo 1769an jaio bazen, garrantzitsuena Napoleon bera zela, eta nola pertsona batek halako pisua izan zezakeen Historian. Behin, Dickensi buruzko biografia egiteko agindu zioten. Onartu egin zuen enkargua, Dickensen lana ondo baino hobeto ezagutzen baitzuen. Argitaratu zelarik, Bernard Shaw idazleak gutun bat igorri zion Chestertoni etxera. Shaw haserre zegoen, leporatzen zion hura ez zela lan serioa, toki izenak eta datak ez zirela zuzenak, eta gutunarekin zuzendu beharreko akatsen zerrenda osoa atxiki zion. Chestertonek baina ez zion kasu handiegirik egin Shawen gutunari. Eta horrela, gaur egunean, Dickensen lana aztertu nahi duenak behar-beharrezkoa du Chestertonen lana; Dickensi buruz sakondu nahi duenak ez du Chestertonena baino biografia sakonagorik aurkituko.

Izan ere, gertakizunak maite zituen Chestertonek, eta gertakizunak bata bestearekin lotzea gustatzen zitzaion. Noiz eta non gertatu ziren ez zitzaion horrenbeste axola. Gutxi gorabehera kokatzen zituen. Ezen gauza guztien gainetik kontalaria zen Chesterton. Istorioak zituen berak gustuko. Eta istorioak gertakizunak bata bestearekin lotuta sortzen dira. Istorioek ez dituzte zehaztasunak maite. Noiz edo noiz, berdin da, sakoneko gertaera da inportantea.

Beste behin idatzi zuen pertsonak beharrezkoak dituela istorioak bizitzeko. Hiru gauza direla beharrezko bizitzan: behar da solaskidea, behar da bizilekua eta behar dira istorioak. Nik beste gauzaren bat ere gehituko nioke zerrendari, bi-hiru gauza baino ez.

Horretan ere ez zen zehatza izan Chesterton. -


Kirmen Uribe - Idazlea - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Batasuna asumirá la decisión de los navarros y reclama a UPN y PSN que hagan lo mismo
Euskal Herria
«Ahora estás en las cloaclas del Estado, y aquí la tortura campa a sus anchas»
Ekonomia
Mercedes quiere negociar la eliminación de 750 empleos
Kirolak
Savoldelli da una exhibición y eclipsa al resto
Mundua
Mueren cuatro soldados británicos tras ser derribado un helicóptero en Basora
Euskal Herria
GARA recibe menos publicidad institucional que la que le corresponde
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea