GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-06-09
Erromatar garaiko multzo epigrafiko garrantzitsua aurkitu dute Veleian
·Beste testu eta marrazki askoren artean, adierazpen kristau oso goiztiarrak eta Egiptoko hieroglifikoak agertu dira

Iruña-Veleia ustekabe arkeologikoen iturri agortezin bihurtu da. Eliseo Gilek zuzentzen duen taldeak azken aurkikuntzaren berri eman zuen atzo: erromatarren garaiko multzo epigrafiko izugarri garrantzitsua; Euskal Herrian, garrantzitsuena, eta munduan ere garrantzitsuenetakoa, neurri batean bederen, Ponpeia edo Vindolandakoen parekoa. Besteren artean, kalbario bat aurkitu dute, zaharrena, eta, are harrigarriago dena, Egiptoko hieroglifikoak.

GASTEIZ

Ponpeia Valentinaren domus-a Veleian bizi izan zen sendi boteretsuenetako baten etxea zen, mila metro karratu inguru zituena. Bere hondarretan, lehen ere aurkikuntza garrantzitsuak eginak zituzten arkeologoek, baina oraingoan ustekabe ederra hartu dute, paedagogium deritzana topatu baitute, hots, irakasle batek etxeko nagusien seme-alabak hezteko erabiltzen zuen gela. Bertan, III. mendeko 270 zeramika puska aurkitu dituzte. «Puskatutako lurrezko ontzietako zatiak baino ez dira ­adierazi zuen atzo Eliseo Gil indusketaburuak­, beraz, material arrunta, zaborra, neurri batean. Baina kasu honetan zabor hori eskolako arbel gisa erabili zuten, eta horrek sekulako informazioa ematen digu».

Ostraka izeneko zeramika puska horietan eskolarekin lotutako oharrak idatzi zituzten, alfabetoetatik hasi eta buruz ikasteko mota guztietako zerrendak (autore klasiko, jainko edota pertsonaia historikoenak), “Eneida”ko gaiak eta abar. Erretratu txiki eta karikaturak ere marraztu zituzten. Aipamen berezia merezi dute kristautasunari buruzko adierazpen goiztiarrek. Horien lekuko da kalbario baten irudia, «orain arte ezagutzen den zaharrena», Gilek nabarmendu zuenez. Baina ostraka horietan guztietan gauza deigarri eta aldi berean exotikoena Egiptoko hieroglifikoak dira. «Kontuan izan behar da ­ohartarazi zuen Gilek­ III. mendean galzorian zeudela, baita Egipton bertan ere. Eta hara non topatzen ditugun Veleian; inperio haren zoko-zoko batean, alegia».

Astorga-Bordele galtzada

Ikertzaileen hipotesiaren arabera, domus-ean aritu zen irakaslea egiptoarra zen. Etxeko seme-alabei kultura grekolatinoaren berri eman zien, baina baita ­«beharbada herriminez-edo»­ bere jaioterriko kulturaren berri ere. Izan ere, hieroglifikoak ez ezik, ostrake-tan Egiptoko historia eta jainkoak ere aipatzen dira.

«Garai hartan, Iberiar Penintsulako iparraldean Astorga-Bordele galtzada zen lehorreko komunikabiderik garrantzitsuena, eta Veleia horri estu-estu lotuta egon zen. Galtzadaren bitartez, lekurik urrunenetatik ere era guztietako gauzak eta ideiak iritsi ziren. Hori bagenekien, baina orain ‘pertsona fisikoak’ ere iritsi zirela badakigu. Horra hor kalitatezko irakasle egiptoar hori», esan zuen Gilek.

Goiz da oraindik aurkikuntzak hainbat ikerketa alorretan izango dituen ondorioak zehazteko, baina dagoeneko lasai asko esan omen daiteke Veleiakoa Euskal Herriko multzo epigrafikorik garrantzitsuena dela eta, bere esparruan, munduko garrantzitsuenetako bat. Gilek berak argitu zuen zertan den garrantzi hori: «Epigrafia monumentalaz ari bagara, Veleiako aurkikuntza hutsaren hurrengoa da beste askoren aldean. Baina etxeko epigrafiaz ari bagara, berriz, Ponpeiako edo Britainia Handiko Vindolandako multzo epigrafikoekin aldera daiteke».

Baina «rankingak» alde batera utzita, zera nabarmendu nahi izan zuen Gilek: «Ponpeia Valentinaren domus-eko multzo epigrafikoak leiho ezin hobea eskaintzen digu Veleiako eguneroko bizitza behatzeko; horrez gain, garai hartako gizarte eta ideologia-erlijio giro gatazkatsua ere erakusten digu; eta hura guztia biribiltzeko, hor dugu ezagutza klasiko handiak zituen irakasle egiptoarra, bere jaioterriko kulturari buruzko aztarnak ere utzi zizkiguna. Hari esker, eskritura hieroglifiko klasikoa dugu, lehen aldiz, mendebaldeko Europako hain iparraldeko inguruan. Horrek guztiak gure arkeologian inoiz ikusi gabeko panorama erakusten digu».

Ia mila urtez, Veleia Arabako herririk garrantzitsuena izan zen. Mailarik gorena erromatar garaian lortu zuen. Inperioak porrot egin zuen, ordea, eta Veleia gainbehera hasi zen. Erdi Aroan beste loralditxo bat izan zuen, San Joan ordenak bertan eliza eta erromesentzako ospitale bat eraiki zituelako. Aztarnategi erromatarra XVI. mendean aurkitu zuten. Eliseo Gilek zuzentzen duen taldea 1994. urteaz geroztik ari da bertan industen. Aurkikuntza handiak egin dituzten arren, multzo epigrafikoa omen da orain arteko handiena. Dena dela, Ponpeia Valentinarenetik gertu dagoen beste domus batean ostraka gehiago aurkitu dituzte. Horien ikerketa burutu gabe dago oraindik, baina handiak dira arkeologoen itxaropenak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Un trofeo de guerra para los invasores
Euskal Herria
Batasuna pone en la mesa bases y calendario para el preacuerdo
Kirolak
La joven holandesa Vos bate a las grandes favoritas bajo un calor sofocante
Kultura
Erromatar garaiko multzo epigrafiko garrantzitsua aurkitu dute Veleian
Euskal Herria
Sanz cesa sin dar razones a Palacios, uno de sus consejeros más fieles
Mundua
Al Qaeda confirma la muerte de Al-Zarqawi en un ataque aéreo de EEUU
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea