GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-08-18
Ikusi bai, baina suez gozatzeko edozein lekuk ez du balio nonbait
Milaka pertsona joaten dira Donostiara egun hauetan Aste Nagusiko su festen emanaldiaz gozatzeko asmoz. Kontxako pasealekua, Urgull edota kaia izan ohi dira Gipuzkoako hiriburuan suak ikusteko jendeak aukeratutako leku preziatuenak. Ondoren, ohitura denez, izozki gozoa dastatzen dute lekuko izan direnek. Batzuk gozatzen ari diren bitartean, hainbat langilek guztien segurtasuna bermatzen du.

Urtero-urtero milaka pertsona joaten dira Aste Nagusian Donostiako Kontxa badiaren inguruetara, su festak ikusteko asmoz. Izan ere, ospe handia hartu du nazioartean hiriburuko jaietan urtero antolatzen duten ekimen horrek. Gaueroko egitaraua: su festak ikusi, eta ondoren izozki gozoa dastatzera.

Donostiarrez gain, Gipuzkoako hiriburura bertaratzen diren hainbat eta hainbat turista ere suen lekuko izaten dira egun hauetan. Horren ondorioz, Alderdi Eder ingurua jendez gainezka egoten da gauero, eta zaila izaten da bultzada edo mota horretako bestelako eragozpenik gabe su festaz gozatu ahal izatea. Hala ere, donostiarrek ­baita donostiar ez diren askok ere­ suak ikusteko hirian zehar txoko bereziak dauzkate; hala, Kontxako pasealekuan biltzen den jende andana nolabait ekiditen dute.

TXOKO BEREZIAK

Gogotsuenak Urgull mendira igo ohi dira suak ikustera. Bertara igotzeko dauden aldapa neketsuei aurre egin ostean, suak leku ezin hobean ikusteko aukera izan ohi da bertan. Klasikoenek, ordea, nahiago izaten dute Kontxako pasealekutik ikustea. Nahiz eta hor ikuspegia oso ona izan, toki guztietatik jendez inguratuta egotea halabeharrezko gauza da. Gainera, suak bukatutakoan, inguruko izozki dendetara abiatzen da jendea, egun hauetan ohitura den izozki gozo hori jatera. Erdigunean suak ikusten dituzten familiek beste zeregin bat ere izaten dute horiek amaitutakoan. Haur askok, ­eta ez hain haurrek ere­, suzko zezenaren aurrean lasterka egin nahi izaten dute-eta.

Ondarretako pasealekuaren bukaeran ere hainbat donostiar biltzen dira suak ikusteko; haien toki kutuna den Haizearen Orrazian, hain zuzen ere. Hor, itsasoko olatuen soinuarekin bat egiten du suen burrunba indartsuak. Aste Nagusiaz gozatzen duen jendeak ere badu Donostiako portura joateko joera. Hango terrazetan afari gozoa dastatu ostean, askok mugitu gabe beste perspektiba batetik suak ikusteko aukera edukitzen dute. Badian parez pare etxea dutenek ere inoiz baino probetxu handiagoa ateratzen diote bizi diren tokiari. Hala, jende asko ikusten da etxeko balkoietatik suak ikusten. Beste batzuk, etxetik pare bat toalla hartu, eta hondartzara abiatzen dira su festak ikustera. Eta, itsasotik, nola ikusiko dira? Galdera horren erantzuna badute Aste Nagusiko gauetan barkuan irla ingurura ateratzen direnek. Udan txalupa portuan dutela aprobetxatuz, eguraldi oneko gauetan itsasora ateratzen dira su festaz gozatzeko asmoarekin.

Nabaria da donostiarrek gero eta jakintza zabalagoa dutela su festen inguruan, Aste Nagusiko gau batean Kontxako pasealekura joan besterik ez dago. Eta ez da harritzekoa, izan ere, 43. nazioarteko lehiaketa da aurtengoa. XVI. mendeaz geroztik, ospakizun garaietan erregeen bisitaldiak edo hainbat ospakizunetan, Donostiako Kontseiluak, Nafarroako Erresumako eskulangileei su artifizialen sorta oparoak erre zitzaten agindu ohi zieten. Beraz, aspaldidanik errotuta dagoen ohitura da.

Lehenengo suekin batera honako azalpenak entzuten dira gaur egun jendearen artean: «Gaurko joera nabaria da, atzo baino pixka bat estatikoagoa da». Jendea adi-adi egon ohi da suak ikusi bitartean; izan ere, isiltasuna orokorra da lekukoen artean. Baina, bat-batean, «ooooo» eta «aaaaa», eta antzekoak entzuten dira. Suak ikusi bitartean, jendeak iritzia beldurrik gabe azaltzen du. Suak lekukoen oso gustuko izan badira, oihu eta txalo zaparrada entzungo da. Bestela, bertakoek ez dute desilusioa ezkutatzen, eta txistu zorrotzak egiten dituzte. Hala ere, noizean behin kaleargiaren argiaz kexatzen denik ere bada. Su festak gustatu ezean, etxean sartu, edo, guztiei aurrea hartuta, izozkia gerorako prest eduki. -

DONOSTIA



Segurtasuna, ezbeharrak ekiditeko
Urtetik urtera Donostiako Aste Nagusian gero eta segurtasun neurri zorrotzagoak hartzen dituzte suak direla-eta. Aurreko urteetan zenbait ezbehar izan ziren, eta hainbat pertsonak sorospen taldeen beharra izan zuten. Hori dela-eta, aurten, piroteknia talde bakoitzarekin lantalde bat arituko da trepetak jarri eta ondoren guztia txukuntzen laguntzeko. Istripuak ekiditea izango da langile horien helburua. Gainera, egunero iluntzeko 22.15ean suak botatzen dituzten eremuan pertsonarik ez egotea ziurtatuko dute. Bertan bizi den jendea ere ezin izango da etxean sartu 22.30etik su festak bukatu bitartean. Sorospen taldeek protagonismo berezia izango dute, beraz. Alderdi Ederren suhiltzaileak, Gurutze Gorria, SOS Deiak eta Udaltzaingoa arituko dira lanean, ezbeharrik egonez gero, segituan konpontzeko. Haurrekin tentuz ibili behar dela gogora ekarri dute, lurrera erortzen diren suziriek asko erakar baititzakete txikienak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
De los prolegómenos a los compromisos
Euskal Herria
Lakua y la AN no silencian el recuerdo en Morlans
Mundua
El Gobierno de unidad nacional palestina podría nacer este mes
Kultura
Rock musikak eta dantza klasikoak bat eginen dute gaur eta bihar Kursaalean
Kirolak
Astillero no estará en la Bandera de La Concha
Euskal Herria
ETA: «El proceso está inmerso en una evidente situación de crisis»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss