GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-09-10
Gutxi falta da jada Urepeleko ura edateko
Urepelen 35 lanpostu sortuko dituen ur industriaren egitasmoari gero eta gutxiago falta zaio errealitate bihurtzeko. Herritarrak egarri diren arren, oraindik urtebete itxaron beharko dute lantegiaren ateak irekita ikusteko. Denbora gutxi, proiektua duela 30 bat urte mahaigaineratu zutela ikusirik.

Urepeleko ur industriaren proiektua azken fasean sartu da, lantegi berria irekitzeko oraindik urtebete inguru falta bada ere. Horixe da, behintzat, Nafarroa Behereko herri horretako auzapez Marie Antoinette Etxebarrenen aurreikuspena. Proiektua duela hogeita hamar bat urte mahaigaineratu zutela kontuan hartuz gero, eraikuntza lanak hasteko gutxi gelditzen dela esan daiteke, beraz.

Hain zuzen ere, ur industriaren egitasmoa 1970eko hamarkadaren erdialdean sortu zuten, eta ideiaren aitzindaria 1990. urtean hil zen. Baigorriko bailarako batzordeak hartu zuen orduan egitasmoaren ardura, eta erakunde horretako Lehendakaritza Urepeleko Udalaren esku egon zen urte askoz.

2000. urtean proiektuak lehen urrats sendoa egin zuen, Estatu frantseseko Osasun Ministerioaren ikerketak Urepeleko uraren edangarritasuna eta osasungarritasuna baieztatu baitzuen urte horretan. «Hori handia izan zen guretzat», ekarri zuen gogora Urepeleko alkate Etxebarrenek. Eta ez zen gutxiagorako, urtebete iraun zuen ikerketa horren ondorioz, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefetak baiezkoa eman baitzion egitasmoari.

Izapide hori beteta, lantegiaren eraikitze lanaren ardura hartuko lukeen elkarte bat agertzea falta zen. «Ez da horren erraza izan. Askok agertu zuten interesa, baina iturria erosi nahi zuten. Kontua da hori ez dugula aurrez ikusten. Bestalde, egitasmo honetarako diru asko behar zen eta batzuek, diru hori izango zutela esan bazuten ere, azkenean ezin izan zuten bildu», azaldu zuen.

Arazoak arazo, elkarte hori osatu da azkenean eta behar dituen baimenak eskuratzen ari da memento honetan. «Elkartea departamenduko jendez osatuta dago. Nik dakidala ez dago euskaldunik. Bordele inguruko arkitekto bat dago, Akitania eskualdeko hidrologo bat eta jadanik bi lantegi dituzten bi enpresari, besteren artean», laburtu zuen.

Elkarte horrek esku artean dituen izapideak konpontzeko zailtasun handiegirik izango ez duenez gero, hemendik aste batzuetara proiektua azken fasean sartzea litekeena dela aurreratu zuen Etxebarrenek. «Ikusirik Estatu frantsesean zenbat denbora pasatzen den txosten bat bulego batetik bestera igarotzeko eta kontuan izanda inkesta publikoak hiru hilabete iraungo duela, ez dut uste hurrengo urteko bigarren seihilabetekoa baino lehen ur lantegia irekiko dutenik. Inkesta publikoaren ondotik, gainera, komisarioak hilabete behar du ondorioak ateratzeko eta prefetak beste aste batzuk azkeneko erabakia hartzeko», esan zuen.

Nabarmentzekoa da inkesta publikoa iradokizunak aurkezteko baliabidea dela. Azarorako edo abendurako irekitzea litekeena dela aurreratu zuen alkateak.

Aspalditik amestutako lantegia behin irekita, 35 bat pertsona egongo dira lanean, guztiak eskualdekoak.

Gau eta egun lanean

«Egitasmoa dela-eta sinatutako hitzarmenean baldintza hori aurrez ikusia dago: langileek Baigorriko bailarakoak izan beharko dutela, hain zuzen ere», nabarmendu zuen auzapezak, eta lan baldintzak nolakoak izango diren iragarri zuen. «Zortzi orduko hiru txandatan egongo dira lanean. Zazpi edo zortzi pertsonako taldeak arituko dira gau eta egun. Gainerakoak bulegoetan eta bestelakoetan ibiliko dira lanean», adierazi zuen.

Urepeleko eragileen ustez, ur industriaren proiektuak herriari emango dion bultzakada ekonomikoak eskualdean nagusi diren sektoreetan ere eragina izango du: nekazaritzan eta abeltzaintzan, alegia.

Dena dela, auzapezaren iritziz, lantegi horren ezarpena ez da inolaz ere industrializazioaren hasiera izango. Izan ere, herritarrak ez lirateke ados egongo herrian industria anitz sortuz gero, Urepeleko izaera ekonomikoa eta fisikoa kolokan jarriko bailitzateke horrekin. «Gure herriaren erroa sostengatzea da helburua eta, horretarako, gure ingurunea dagoen bezala mantentzea ezinbestekoa dugu», erantsi zuen. -

UREPELE


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Herriarenak, herriarentzat
Euskal Herria
De Juana cumple hoy 35 días en huelga de hambre
Mundua
La OTAN pide a sus miembros que envíen a Afganistán todas las tropas prometidas
Kultura
La película china «Sanxia Haoren» gana el León de Oro contra todo pronóstico
Kirolak
Idéntico resultado, pésima apariencia
Euskal Herria
Reclaman en Altsasu el impulso del proceso y la autodeterminación
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss