GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-09-10
Amalur ARTOLA
Herriarenak, herriarentzat
·Zarauzko euskal jaiak

Goiztiarrek ireki zituzten ospakizunak, eta pilotaleku txikian herri kirolak eta bertsolariaknagusitu ziren; txosnetan, berriz, txapeljaurtiketa, irrintzi lehiaketa eta sagardoapurketa egin zituzten. Herriak herriarentzat antolatu zituen Zarauzko Euskal Jaiak.

Gipuzkoarrentzat aski ezagunak dira Zarauzko Euskal Jaiak, eta gutxi izango dira behin edo behin bertatik pasatu gabeak direnak. Jendeari galdetuz gero, gehienek Zarautzera joatea urteroko ohitura dutela ziurtatzen dute eta, bertan sortzen den giroa ikusita, atzo lehenengoz izan ziren horiek hurrengo urtean berriz izango direla baieztatu zuten.

Goizean goizetik antzematen zitzaion festa usainari. Goiztiarren kalejiren artean nahasirik zebiltzan, hara eta hona, sagardo eta jakiz beteriko gurditxoak zeramatzatenak. Batzuek lan ederra hartua zuten gurditxoak kolorezko paperez apaintzen, eta beste batzuek musika-aparailu eta guzti zeramaten barnean. Soinean baserritar jantzia zutela zebiltzan zarauztar eta bisitari gehienak, eta, Euskal Herriko ospakizun askotan gertatzen ez den bezala, atzo baserritar jantzia ez zeramaten horiek bereganatzen zituzten guztien begiradak. Hala eta guztiz ere, jantzia zeramatenek zapia kendu eta ez zeramanari lepoan lotuz ematen zioten buelta egoerari. Apurka-apurka, txosnagunea ere «baserritarrez» betetzen joan zen, harik eta eguerdi-partean lehiaketak hasiko zituztela esan zuten arte. Edalontziak eskuetan eta jairako gogoa gorputzean, eguzkitik babesten zuen itzaletik irten eta parte-hartzaileen inguruan bildu zen jendetza.

Euskal jokoak txosnetan

Eguerdiko ordu bata aldera hasi zituzten txosna batzordeak antolatutako jolasak, denak ere euskal kulturarekin hala-holako lotura mantentzen dutenak: irrintzi lehiaketa, sagardo apurketa eta txapel jaurtiketa. Parte-hartzaile kopurua murritza izanagatik, ez zen gainbeherarik izan giroan, eta txosnen inguruetan zebilen ororen inplikazioa bereganatu zuten jolasek. Tartean, izena eman gabe egon arren parte hartu zuenik edota apusturik egin zuenik ere izan zen.

Irrintzi lehiaketari heldu zioten lehendabizi. Bateren batek arnasarik gabe geratu artean eutsi zion irrintziari; besteren batek esperientzia txiki samarrarekin baina gogoz ekin zion lehiaketari, eta denek jaso zituzten txosnetatik irrintzilariengana joan zirenen animo eta txaloak.

Taula gainera igota, estiloz hasi zuten parte-hartzaileek bigarren lehiaketa ere, baten batek sagardoarekin beharrean proba txakolinarekin egin zuen arren. Tartean, belauniko bata bestearen gainean jarrita sei laguneko talde bat egon zen, eta modu horretan sagardoa hausteari ekin zion. Dorrearen goiko muturrean zegoenak sagardo botila zeraman eskuen artean, baina edalontzirik gabe hasi zuten proba, eta oharkabean, sagardoa taula gainean hautsi zuten. Zipriztinek eragindako barre algarengatik, ez zituzten besteek baino txalo gutxiago jaso.

Horiek hala, txapel jaurtiketaren txanda heldu zen. Antolatzaileek garbi azaldu zutenez, hankak zabaldu eta txapela bi hanken artetik pasaz ahal bezain urrutien ­aurrez zein bizkarrez­ jaurtitzea zen jolasaren oinarria. Gona azpitik txapela jaurtitzearen zailtasun erantsiagatik agian, ez zuten gutxik aintzat hartu oinarri hori, eta sormena erabiltzearen aldeko hautua egin zuten gehientsuenek. Hartara, txapela bizkarrez bota edota bi eskuen gainean zutituta ahal zuten moduan jaurti zutenak izan ziren. Amaieran, txapelak beltz baino zuriago geratu ziren lurreko hautsaren ondorioz.

Hiru lehiaketa horiek eginda, jolasak amaitutzat jo zituzten askok, baina ustekabeko probarik ere izan zen: bertso txapelketa. Gai nagusitzat sagardoaren «kualitateak» eta presoak izan zituzten, eta sari banaketa amaitutakoan bukatu ziren lehiaketak. Hiru txapeldun nagusi izendatu zituzten, eta guztiek Euskal Jaietako txapelketaren oroigarri bana eraman zuten etxera.

Herri kirolak pilotalekuan

Bien bitartean, Zarauzko pilotaleku txikian Goiztarren ekitaldiak egin zituzten. Haiek izan ziren ­daramaten izenak adierazten duen gisara­ Zarauzko Euskal Jaiei hasiera ematearen arduradunak, goizeko zortzietako kalejiraren bidez. Laster batu zitzaizkien txistulari, trikitilari, dultzaina- jotzaile eta Iturengo ttuntturroak, eta, herri mezaren ostean, 11.30 aldera hasi zuten ekitaldi nagusia.

San Frantziskon zuten hitzordua, herriko pilotaleku txikian, eta bertan ere euskal giroa nagusitu zen. Pilota partida eta herri kirolak izan ziren. Goiztiarren taldeko kide batek azaldu zuen: «Herritarrek antolatutako ekitadia da, eta herritarrek parte har dezaten saiatzen gara, herria girotzeko eta lehengo ohitura horiek berreskuratzeko helburuarekin, baina, batez ere, ondo pasatzeko asmoarekin».

Besteren artean, sokatira proba egin zuten, eta dozena erdi bertsolari ere batu ziren Goiztiarren ekitaldietara. Horietako batek honakoa esan zuen: «Gure atzetik jarrai ezazue, hortxe geldi ez dadin». -



«Aspaldian galdu zen giroa berreskuratzen gabiltza»
A. A.

ZARAUTZ

Goiztiarrak arduratu ohi dira Zarauzko Euskal Jaiei hasiera emateaz. Dagoeneko hamasei urte daramatzate ardura horrekin, eta euren helburu nagusia aspaldi galdutako zenbait ohitura berreskuratzea dela esaten dute. Goiztiarretariko batek honako hau azaldu zuen: «Gu halako historiak gustatzen zaizkigun talde bat gara. Urteetan galduta zeuden ekimenak berreskuratzeko asmoarekin sortu ginen, eta garai bateko alkate, apaiz, herriko jauntxo... Azken batean, lehengo autoritate horiek irudikatzen ditugu». Honakoa gaineratu zuen: «Orain zenbait urte, giroa goizean goizetik egoten zen, baina, urteen poderioz, goizeko giro hori galtzen joan zen, eta hutsune handia sumatu genuen. Herriko hiruzpalau koadrila batu eta ekimenak antolatzen hasi ginen duela zenbait urte ­jarraitu zuen­ eta, orain, hori berreskuratzen saiatzen gabiltza: goizean goiz irten eta herrian buelta bat egiten dugu eta, egun honetan zurruta ere dezente egiten denez, hamaiketakoa egiten dugu bederatziak aldera, edaria ondo asentatzeko. Arratsaldean ere aritzen gara, eta beti izaten da guretzat jaiegun zoragarria».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Herriarenak, herriarentzat
Euskal Herria
De Juana cumple hoy 35 días en huelga de hambre
Mundua
La OTAN pide a sus miembros que envíen a Afganistán todas las tropas prometidas
Kultura
La película china «Sanxia Haoren» gana el León de Oro contra todo pronóstico
Kirolak
Idéntico resultado, pésima apariencia
Euskal Herria
Reclaman en Altsasu el impulso del proceso y la autodeterminación
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss