GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-09-10
Zarautzek independentziaren aldeko mezu ozena hartu du
Segiren deialdiari erantzunez, manifestazio jendetsua egin zuten atzo arratsean, Zarautzen. «Harresiak bota ta independentzia irabazi» leloa izan zuen ekimenak, eta 1.500 lagunek bat egin zuten mezu horrekin. Nolanahi ere, hitzorduan bestelako mezurik ere nabarmendu zuten: ertzainek gazte erakundearen aurka duten jarreraren kontrakoa.

ZARAUTZ

Urtero legez, Euskal Jaietan bete-betean sartuta zegoen atzo Zarautz, baina festak aldarrikapenerako tarterik ere eskaini zuen arratsean.

«Harresiak bota ta independentzia irabazi» leloa hautatu zuten, hain zuzen ere, 1.500 lagun inguruk manifestazioa egiteko. Hitzordua Segi gazte erakundeak jarri zuen, eta aurrez ikusita zegoen bezalaxe, 19.00etan abiatu zen Musika plazatik.

Hala, Zarauzko hondartza aldeko eta erdiguneko kale nagusiak zeharkatu zituen hainbat adinetako herritarrek egindako manifestazioak, eta independentziaren aldeko mezuak ez ezik, EAJren Poliziaren kontrakoak ere nabarmendu ziren une oro. «PNV español» esaldia maiz entzun zen.

Izan ere, Segi gazte antolakunde independentistak berak jakinarazi zuenez, atzoko hitzorduak honako hauxe ere zuen helburu: «EAJren eta Balzaren armadak gazte erakundearen aurka» egindako erasoak salatzea.

Segik esan zuenaren arabera, Ertzaintza udara guztian bere ekimenen aurka «etengabe» oldartu da. Arlo horretan, gazteek gogorarazi zuten, esaterako, Segiren pankartak jartzeagatik «bi irundar gazteri pistolak buruan»jarri zizkietela, manifestazioen aurka oldartu izan dela, atxiloketak eta identifikazioak egin dituela eta antolakundearen elastikoak kenarazi izan dituela. Gainera, Lezoko Gazte Eguna zapuzten saiatu zela aipatu zuten besteren artean. Beste alde batetik, joan den astelehenean Intxaurrondoko Letaman gaztetxea bi orduz miatu zuten poliziakideek, bertan Segiren propagandarako materiala zegoelako susmoa zutela argudiatuta.

Agertu bai, baina istilurik gabe

Horiek hala, atzoko hitzorduak jarrera hori gogor aurpegiratu zion Ertzaintzari. Manifestazioa txosnetara iritsi zen eta bertan egindako ekitaldi politikoan mezu hori argi asko helarazi zuten eledunek. Ibilbidean zehar, pare bat tokitan Ertzaintzaren Talde Mugikorreko kideak agertu zirela azaldu zuten, nahiz eta ez zen inolako oztoporik edo istilurik sortu.

Bildutakoek Segiren banderolak edota ikurrin ugari soinean zeramatzatela iritsi zen mobilizazioa txosnagunera. Bertan, bertsolariek saioa egiteaz gain, Mikel Larrañaga preso politiko zarauztarrak igorritako gutun bat irakurri zuten oholtzan. Ekitaldia agurtzeko, berriz, «Eusko gudariak» abestu zuten bertaratutakoek.

Udako kanpaina

Segi gazte erakundeak «Harresiak bota eta independentzia irabazi» leloko kanpaina eraman du aurrera udara honetan. Iragan den ekainaren 25ean eman zion hasiera ekimen berriari Hernanin manifestazio bat eginda ­gerora hainbat mobilizazio egin ditu­, eta orduan kanpainaren oinarria zein zen ongi argitu zuen erakundeak: «Independentzia behar du Euskal Herriak, eta independentzia behar dugu gazteok aske izan gaitezen».

Beste alde batetik, horretarako jarraitu beharreko bidea borrokarena delakoan dago Segi. Honakoa adierazi zuen: «Borrokaren bidez baino ez dugu lortuko aske izateko behar dugun independentzia».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Herriarenak, herriarentzat
Euskal Herria
De Juana cumple hoy 35 días en huelga de hambre
Mundua
La OTAN pide a sus miembros que envíen a Afganistán todas las tropas prometidas
Kultura
La película china «Sanxia Haoren» gana el León de Oro contra todo pronóstico
Kirolak
Idéntico resultado, pésima apariencia
Euskal Herria
Reclaman en Altsasu el impulso del proceso y la autodeterminación
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss