GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Mundua 2006-09-15
M-11ko presoen egoera eta Guantanamokoena, parekoa
«Baliabide aldetik, Guantanamon eta martxoaren 11ko prozesuan gertatzen ari denaren artean desberdintasun bakarra dago; hemen uniforme laranjarik eta oinetan katerik ez eramatea», azaldu dute Madrilgo atentatuaren ostean inputatuen abokatuek. Epaiketa bi urtez atzeratzea exijitu dute, bestela, Estrasburgoko auzitegira joko dutela.

MADRID

2004ko martxoaren 11n Madrilgo trenetan izan ziren atentatu odoltsuen ostean Polizia espainolak atxilotu zituen auzipetuen ofiziozko abokatuek epaiketa bi urtez atzeratzeko eskatuko diote Auzitegi Nazionalari. Auzitegi berezi horrek iragarri duenaren arabera, epaiketa urtarrilean hasiko balitz, abokatuek Estrasburgoko Europako Auzitegira joko lukete, babes eske. Madrilgo Abokatuen Elkargoaren aldetik jaso ez duten babesa nahi dute.

«Baliabide aldetik, Guantanamon eta prozesu honetan gertatzen ari denaren artean desberdintasun bakarra dago; hemen uniforme laranjarik eta oinetan katerik ez eramatea», azaldu zuen Eduardo Garci Peñak, auzipetuta dauden 29 presoetatik 21en abokatuen ordezkariak.

Beste abokatuak alboan zituela, beren bezeroak defendatzeko duten baliabide falta «eskandalua eta adarra jotzea» dela azaldu zuen Peñak prentsaurrean.

Justizia Ministerioak abokatuekin lortutako akordio baten berri eman zuen abuztuaren bukaeran. Ustezko akordio horren arabera, ofiziozko abokatu horien ordainsaria hirukoizteko eta arabieraz itzultzaileak jartzeko konpromisoa hartu omen zuen PSOEren Gobernuak.

Abokatuek salatu zutenez, egun ez dute itzultzaileen inolako berririk. Peñaren esanetan, abokatu batzuk ezin izan dira oraindik bezeroarekin harremanetan jarri, arabieraz ez dakitelako.

Ordainsariari dagokionez, Gobernuak erabakia ezkutuan hartu zuela salatu zuten. Halaber, igoera ez dela nahikoa salatu zuten, bakoitzak 20.000 euro soilik jaso baititzake. «Huskeria hirukoiztuz gero, artean huskeria», esan zuen abokatuak. Epaiketaren garrantzia eta bolumena kontuan hartuta, abokatuen denbora osoa behar duela gogora ekarri zuen.

Zer prozesu noiz

«Amaierara iristeko baliabide guztiak mahai gainean jarriko zituela iragarri zuen orduan Justizia ministroak. Prozesuan edota mendean, batean edo bestean nahastu egin da», esan zuen Peñak; «agian fiskaltzak eta epaileak izan dituzte nahikoa baliabide», gaineratu zuen.

Duela hiru hilabete eskaera berbera egin zuten abokatuek: «Baina ordutik hona gauzek okerrera egin dute», salatu zuten. «Epaiketa atzeratuko balitz, presoak kalean utzi beharko dituzten arren, gure asmo bakarra zera da, beren defentsa-eskubidea bermatzea».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kirolak
Se resiste un triunfo que estuvo cerca
Ekonomia
Fallece un transportista navarro y una explosión en la ACB hiere a cuatro obreros
Mundua
Israel paraliza la liberación de secuestrados y detiene otra vez a más cuadros de Hamas
Kultura
Amurizaren hitzez osatutako kanta berriekin dator Anje Duhalde «Sorminetan» lanean
Euskal Herria
Batasuna recalca que la clave para el desbloqueo es la mesa política
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss