GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > zirikazan 2006-10-16
Josebe Egia
Edonola ere, erabaki pertsonala

Lagun batek lehengoan jakin zuen haurdun dagoela. Hiru egun pasa zituen «umea edukitzea ez da broma» esanez. Ziur nago egun horietan inongo ordenarik eta lotura logikorik gabeko mila gauza pasa zitzaizkiola burutik. Erditze unetik hasita eta lehen porroa erretzen harrapatuko duen arte.

Erabaki horrek ezin dio mementoko kapritxo bati erantzun, ezin du puskatuta dagoen harreman batean inkomunikazioak sortzen duen espazioa bete eta inondik inora ezin du beste batzuen gozamenerako izan. Erabaki hori oso pertsonala da, bereziki emakume batentzat.

Pertsonala eta askea izan beharko luke kontrako erabakiak ere. Emakume baten barnean iraultzen den guztia haurdunaldiari amaiera jartzeko erabakia hartzen duenean egoera hori bizi izan duenak soilik uler dezake. Nahiz eta munduko emakumerik aurrerakoiena eta independenteena izan, emakumeon autonomia eta askatasun osoaren kontra jardun direnen eta ari direnen lana ez da alferrikakoa izan, ez horixe. Jendartean arnasten den demonizazioa eta presioa erreala da, kulpazko sentimenduaren eragile ankerra. Inoiz ez da izaten erabaki erraza, munduko inongo emakumerentzat.

Baina gertatzen da, gainera, erabaki horrek ondorio psikologiko eta osasunarentzat erabat kaltegarriak ekartzen dizkiola milioika emakumeri, legez kanpokoa baita emakumeak bere gorputza gobernatzea, legez kanpoko izatera gizonek eraman dutelarik. Haurdunaldi batek dakarren guztiari buruz ideiarik ere ez dutenek, alegia. Ez naiz mun- duan horren ondorioz erabiltzen diren metodoei eta baldintzei buruzko deskribapenak egiten hasiko, beldurrezko istorio horietarako beste bi orrialde gutxienez beharko nituzke-eta, baina hemen ere betiko kontua: zenbat eta pobreago orduan eta okerrago, zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago. Gainera, emakumeok soilik sufritzen dugun zerbait izanik, beti geroko uzten den gaia da. Noiz arte?

Dakizuen moduan, estatu espainolean lau kasu konkretutan bakarrik onartzen da. Ez dago horien artean emakumearen borondatea, erabakia. Estatu frantsesean, berriz, 2000. urtean lortu zen legezko epea hamar astetik hamabira luzatzea, iskanbilak zirela medio, noski. Ahaleginak egon dira legea zabaltzeko, errealitateak dituen beste egoera batzuk besarkatzeko. Baina alferrik, badirudi hemen geldotasuna dela politika egiteko modan dagoen estiloa. Ikusi besterik ez dago «bake prozesua», ikusi ahal baldin bada.

Despenalizazioaren aldeko plataformak, ekimenak eta lege proiektuak, Portugalen, Nikaraguan, Euskal Herrian... badaude. Ezberdinak izanik berdintasunaren alde eta emakumearen garatzeko eskubidearen alde lan egiten dugunok aurrera eraman nahi ditugun aldarrikapenak. Gauzatzeraino. Baina erresistentzia gogorra da, ondo artikulatua boterea, dirua, fededunen zaintza eta halako arazorik ez dituztenen artean. Eta edukitzekotan, aizu, kontzientzia provida hori ordu laurdenez ahaztearekin eta txeketegia ateratzearekin klinika pribatu garbi-garbi batean, kito. Gizonarentzat, noski, emakume hori ez nago hain ziur lasai biziko denik.

Bitartean, konponbideak atzeratzeari edo atzera botatzeari ohitzen ari garen urteen joan-etorri honetan, emakumeek umeak ekartzera behartuak izaten jarraitzen dute, euren bizitzen gain beste batzuek erabaki dutelarik. Kontrola beste batzuek daukatelarik. Beste kasu askotan, ordea, bizia galtzen jarraitzen dute, irtenbide bat aurkituko zutelakoan desesperazio hutsez euren gorputzak batek daki noren eskuetan edo zelako lekuetan utzi zituztelako. Eta egoera horri ez zaio amaiera jartzen nahi ez delako. Sinplea da.

Behin liburu bat irakurri nuen, historiaurrean kokatua. Bertan tribu bateko emakumeek eta gizonek hainbatekin edukitzen zituzten sexu harremanak. Ez zuten ezagutzen ekintza horren eta haurdun geratzea- ren arteko harremana, beraz, emakumeen bizia sor- tzeko ahalmena zela-eta, errespetatuak eta entzunak ziren tribuko gidari izateraino. Baina denborarekin gauza jakina bihurtu zen gizona beharrezkoa zela bizia sortzeko, eta gizon batzuk horretaz jabetu zirenean emakumea jabetzatzat hartu zuten, EUREN umeen ama, EUREN emakumea. Bizia sortzeko ahalmena bakarrik gauzatu ezin zutela ikusirik, hain boteretsuak ez zirela ikusirik, nagusiki gizonak izanik ehiztariak eta elikagaiak lortzen zituztenak, beraiek gabe emakumeak ez zirela ezer sinetsi zuten. Eta orduan, dena okertu zen.

Batzuetan pentsatzen dut ez gaudela hain urrun historiaurretik. -

jegia@gara.net


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Interpretaciones dispares para explicar los ataques de buitres al ganado
Euskal Herria
«Reivindicamos autodeterminación y amnistía total para Euskal Herria»
Euskal Herria
Libres los jóvenes detenidos el fin de semana en Gasteiz
Mundua
Los sondeos prevén una segunda vuelta en Ecuador entre Correa y Noboa
Mundua
Apelan al juego limpio en la campaña catalana
Kirolak
El Athletic coge el tren de la victoria y casi descarrila
Euskal Herria
Mucho calor y masiva afluencia de euskaltzales a Nafarroa Oinez
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss