GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-10-16
Egoitz Askasibar eta Martxel Toledo - ESAITeko kideak
Aldarrikapenaren garaipena

Urriaren 8an, igandean, Camp Nou zelaian Katalunia eta Euskal Herriko selekzioek jokatutakoa ez zen beste partida arrunt bat izan, Espainiako Futbol Federazioak egindako presioagatik, Katalunia eta Euskadiko federazioek horrela izatea aurrez ikusten eta onartzen bazuten ere. Guztion artean lortu genuen aipatu federazio horiek partida honi begira diseinaturiko desitxuratze estrategia hankaz gora jarri eta, selekzio propioak amestu eta aldarri- katzen dituzten bi nazioen arteko partida bati zegokion itxura ematea eta ondorioz, ofizialtasunaren debatea mahaian ipiniz, gizartera zabaltzea. Eta hori da artikulu honekin lortu nahi duguna, gertatutakoa kontatzea, gure ikuspegitik, jakina.

Astebete atzera egitea besterik ez dago hasierako panorama hura nola aldatu den ikusteko. Hasiera batean eta Kataluniako eta Euskadiko Futbol Federazio eta Parla- mentuko presidenteak, besteak beste, Bartzelonan norgehiagoka aurkezterakoan, “Denok elkarrekin bakearen alde” leloa ezarriz, partidaren zentzua zeharo desitxuratzen zela ikusita, horri nola buelta eman aztertzen hasi ginen. Lehenik, idatzi baten bitartez gure haserrea azaltzeaz gain, Euskadiko Futbol Federakuntzari ofizialtasuna aldarrikatzeko guk proposatutako asmoari erantzuteko eskatu genion. Argi utzi ziguten antolatzaile nagusi modura Kataluniako Federazioak partida bultzatzeko hartutako leloarekin bat egiten zutela eta «partidaren izaeraren ingurutik kanpo dauden jarduera eta aldarrikapenak bete nahi zituenak, zelaitik kanpo egin beharko zituela». Hor ikusi genuen EAEko federazioaren aldetik, ez zegoela borondaterik eskatutakoa onartzeko eta bederen, euskal jokalariek ofizialtasuna aldarrikatzen zuen pankartarekin zelaira ateratzeko arazoak izango zituztela, baita prentsau- rrekoan egoteko ere. Beraz, presaka eta korrika, aukera desberdinak jorratzen hasi ginen eta hau erabaki genuen: zaleekin hasieratik hartutako konpromisoa mantenduz, Bartzelonara joatea eta bi ekimen antolatzeko ahalegina egitea; bat euskal jokalariekin larunbat goizean eta entrenamendu ostean, prentsaurrekoa bat ematea ofizialtasunaren beharra aldarri- katzeko eta bi, zaleekin batera igande arratsaldean Camp Nou zelaian ofizialtasun pankarta ateratzea. Trantze horretan abiatu ginen ostiral goizean Bartzelonara. Baina bertan aurkitutako panorama ez zen hobea. Kataluniako plataformak Espainiako Federazioak jarritako leloa ez partekatu eta gurekin harreman sendoa izan arren, Kataluniako Federazioaren arrastoa jarraitzea erabaki eta bederen, ESAITen planteamendu aldarrikatzaileari babesik ez ematea erabaki zuen. Beraz, eragile modura, bakarrik ginen eduki aldarrikatzaile bat defendatzen genuenak. Baina jakina da atzetik babes handia genuela, bai euskal jokalarien aldetik eta bai zaleen aldetik ere, bestela ezinezkoa izango zelako bi ekimen horiek gutxieneko berme batekin antolatzea, are gehiago Euskal Herritik kanpo egin behar genituenean. Zentzu horretan esan, aldarrikapenaren aldeko gure burugogorkeria hori ez zela leku guztietan hain ongi ikusia izan eta Kataluniako eta Espainiako hainbat hedabide etsaien aldetik, ikusmira puntuan ere jarri gintuztela, eta kritika asko ere jaso ditugu. Baina beste hedabide batzuek, gehienek, gure aldarrikapenak eta argudioak ezagutu nahian ateak ireki eta aldarrikapenaren ahotsak lekua izatea ahalbidetu dute. Ondorioz, apurka-apurka, Katalunian ere eztabaida piztea lortu genuen.

Baina den-dena guztiz irauli zuena Euskal Selekzioko jokalarien jarrera eredugarria izan da. Ez da erosoa, larunbatean gauzak zeuden moduan jokalariek prentsaurrekoan emandako irakaspena. Jokoan ez ezik, duintasun eta koherentzia mailan, eredugarriak eta maisuak direla erakutsi ziguten. Ofizialtasunaren alde gurekin prentsaurrekoan jokalari bat edo bi ateratzea planteatu eta haiek talde osoa irtengo zirela esan zigutelako. Benetan txalogarria. Jokalariek haien agiria irakurri ostean ikustekoak ziren han bildutako kazetarien aurpegiak: sinetsi ezinik ikusi eta entzundakoaz. Eguerdi eta arratsalde horretako komunikabide gehienak, gutxi batzuk ezik, euskal jokalariek eginiko urratsa eta hartutako konpromisoa goraipatu eta nabarmendu zuten. Horrek entrenamendu ostean katalan jokalariak “Una nació una seleccio” lelopeko pankarta ateratzera bultzatu zituen. Handik aurrera galdera bat izango zen errepikatuena kazetarien aldetik: Ba al daki inork euskal jokalariek ofizialtasuna aldarrikatzen duen pankarta aterako dutela partidaren hasieran? Ordurako, beraz, aldarrikape- naren inguruko eztabaida zegokion parametrotan zentratuta zegoen.

Igandean kaleratutako egunkari gehienek, euskal selekzioko jokalariek gure prentsaurrekoan azaldutako konpromisoaz eta Kataluniako selekzioko jokalariek entrenamendu ostean ateratako pankartaz hitz egiten zuten. Baina partidan bertan zer gertatuko zen esatea ez zen inor ausartzen. ESAITek zaleekin batera partida aurretik antolatutako elkarretaratzea arrakastatsua izan zen. Eta horren lekuko dira bertaratu ziren zale eta hedabide guztiak. Horien artean, ikusmina gorantz zihoan eta partida hasi aurretik euskal jokalariek zer egingo zuten itxaroten zeuden. Eta beste behin, euskal selekzioko jokalariek beraien duintasuna azalduz ofizialtasunaren aldeko pankarta atera zuten zelaira bertan ziren 56.000 zaleen aurrean eta telebistaz ikusten ari ziren ehunka mila ikusleen aurrean. Memento historikoa benetan, ofizialtasuna jartzen zuen pankarta zuriari heltzearekin batera koherentzia, konpromisoa eta kontzientzia azaldu zutelako. Horrela baloratzen dugu guk behintzat jokalariek egindakoa. Hortik aurrera gertatutakoa denok dakigu, batetik, ofizialtasuna aldarrikatzen dugun guztion aldetik, poza eta bestetik, horren aurka dauden guztien aldetik, izugarrizko haserrea. Eta horren lekuko, “Espainia eta askatasuna” deituriko espainiar plataformak Kataluniako eta Euskadiko Federazioaren aurka ezarritako salaketa. Esan gabe doa, bi federazio hauek gure elkartasuna dutela horrelako jarrera faxista baten aurrean.

Beraz, argi dago euskal jokalarien ekimen horrekin eta aurretik aldarrikapenaren inguruan egindakoekin, ofizialtasunaren partida irabaztea lortu dela. Eta argi dugu garaipen horren «errudunak» euskal selekzioko jokalariak eta zaleak izan direla, erakutsi duten zintzotasun eta konpromisoagatik. Partida hau hasi aurretik, argi genuen hutsik ez zigutela egingo. Beraz onartu behar dugu abantaila txiki batekin hasi ginela ofizialtasunaren aldeko partida hau jokatzen. Asko zegoen jokoan. Horregatik, erabaki genuen Kataluniako eta Euskadiko Federazioei azken mementoan hordago bat botatzea. Ez dagoelako aurrera egiterik geldirik egonez gero. Eta asmatu egin dugu. Aldarrikapenak aurrera egin du, ausardiaz jokatu dugulako. Eta horregatik gaude pozik. Baita, oraingo hau, etorkizunari begira, ikasgai ona bihur daitekeelako. Ez baita partida honekin, oso berezia izan arren, ezer bukatzen, alderantziz esango genuke. Denon artean, ofizialtasunaren aldarrikapena non hasten den marraztu dugu. Etorkizunari begira, marra horrek erreferentzialtasuna markatuko du. Horregatik, gertatutakoa ongi aztertu ondoren, balorazio oso positiboa egiten dugu. Pena bakarra, Tiko jokalariak berak hainbat maite duen euskal selekzioarekin ari zenean zelaian izan zuen lesio larria. Berriro, laster, ahalik eta azkarren, joko zelaietan ikustea opa diogu. Beste guztiak bezala, hori eta gehiago merezi duelako. Beraz, jokalarientzat, zaleentzat, gizartearentzat... txaloak eta zorionak. Eta federazioei, berriz, mezu bat positiboan: ofizialtasunaren aldarrikapena zintzotasunean egitea merezi izan du eta aurrerantzean ere, berriro egitea mereziko du. Hori uste dugu behintzat. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Interpretaciones dispares para explicar los ataques de buitres al ganado
Euskal Herria
«Reivindicamos autodeterminación y amnistía total para Euskal Herria»
Euskal Herria
Libres los jóvenes detenidos el fin de semana en Gasteiz
Mundua
Los sondeos prevén una segunda vuelta en Ecuador entre Correa y Noboa
Mundua
Apelan al juego limpio en la campaña catalana
Kirolak
El Athletic coge el tren de la victoria y casi descarrila
Euskal Herria
Mucho calor y masiva afluencia de euskaltzales a Nafarroa Oinez
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss