GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-10-16
Elena ODRIOZOLA | Ilustratzailea
«Hemen hiru aste ematen dituzte lana egiteko, kanpoan urtebete»
Irudimena pertsonaia literarioz beterik du eta aski du akuarela edo tinta apur bat pertsonaia horiek paperean jartzeko. Txikitandik izan du adur hori, baina orain bederatzi bat urte hasi zen profesionalki egiteko horretan. Sariak eta txaloak bildu ditu. Azken urteotan ez omen du oporrik izan. Orain geralditxoa egin nahi luke eta bien bitartean erakusketa zabaldu du Donostian.

Idazle batek neke handiz bi orrialdetan esaten duena lau marrarekin adierazten daki berak. Hirurogei bat liburutan jarri ditu bizitzen bere pertsonaiak eta liburu horietatik milaka gazte eta haurren bihotzetara igaro dira honezkero. Joan den urtean Esta- tu espainoleko Gazte eta Haur Literaturako Ilustrazio Onenaren bigarren saria eman zioten Carmen Gilekin batean egin zuen “La princesa que bostezaba a todas horas” lanagatik. Pertsonaia hori eta azken urteotan egin dituen beste zenbait zintzilikatu ditu Donostian, Amarako Ernest Lluch kultur etxean, “Harrikadak” izenburua daraman erakusketan. Erakusketa urriaren 21 arte egongo da bertan eta egilearen asmoa ondoren beste zenbait herritara mugiaraztea da.

­Nolakoak izaten dira idazlearen eta ilustratzailearen arteko harremanak?

Batzuetan ez dugu harreman pertsonal handirik izaten. Testua ematen didate eta neure gisara egiten dut nire lana. Baina sintonia handia duten idazleekin egiten dut lan gehienetan, Juan Kruz Igerabide, Patxi Zubizarreta edo Mari Asun Landarekin, esaterako. Daniel Nesquensekin ere oso ondo konpon- tzen naiz. Anayan argitaratzen ditu bere lanak. “Euria” izeneko lan bat egin dut berarekin oraindik orain eta beste bat daukat orain esku artean. Beste hainbat aipa ditzaket. Horietako askorekin mundu ikuskera bat partekatzen dudala esango nuke, ikuskera poetiko bat.

­Andersenen ipuin bildumako ilustrazioak jarri dituzu erakusketan. Opari handia izan al zen enkargu hori?

Anayak atera zuen bilduma hori eta Anayarentzat lan asko egin dut. Antonio Ventura da editorea eta berari esker hasi nintzen hemendik kanpo lan egiten. Orain zortzi urte hasi nintzen lan honetan. Elkar argitaletxearentzat egin nuen nire lehen lana: Mari Asun Landaren “Ahatetxoa eta sahats negartia”. Euskal argitaletxe gehiagorekin ibili nintzen eta Anayako Venturari esker egin nuen Londresera jauzia. Oso tirada ezberdinak dira hemengoak eta kanpokoak. Eta lan egiteko modua ere bai. Hemen hiru asteko epearekin etortzen zaizkizu. Londresen, esaterako, urtebete lehenago esaten didate zer nahi duten. Pare bat urteko lana badut orain kanpoko enkargu horiei esker.

­Zein izan dira zure maisu kutunenak?

Arthur Rackham ingeles klasikoa eta Lisbeth Zwerger suediarra izan dira nire maiteenak. Bigarrenari lehenaren eragina nabari zaio eta niri bigarrenarena, hasieran batez ere. Ari naiz eragin horretatik alde egiten. Ez zait gustatzen eragin hori gehiegi nabaritzea, baina hasieran ezinbestekoa da. Suediar horrek 50 urte izango ditu. Orain 15 urte egin nuen topo bere liburu batekin eta bere guztiak ditut etxean, noski.

­Badirudi idazlearen itzalean bizi zaretela beti.

Hori esan ohi da, beste baten itzalean gabiltzala, gurea bigarren mailako artea dela, baina ez dut horrelakorik sentitzen. Egia da garai batean gure izena ez zela agertu ere egiten, baina aldatu dira gauzak. Ez dut sentitzen nire lanak idazlearenak baino gutxiago balio duenik.

­Txikitandik izan al duzu marrazkietarako eskua?

Txikitandik landu dugu marrazkia etxean. Aitak ere marrazkia lantzen zuen eta amaren aldeko aitonak ere bai bere garaian. Zurriola ikastolan ibili nintzen eta Santo Tomas lizeoan gero. Publizitatean lan egin nuen zortzi bat urtez, baina barren-barrenean banekien egunen batean marrazkira itzuliko nintzela.

­Ba al du zerikusirik publizitateak ilustrazioarekin?

Nik ilustrazio bat egiten dudanean testuingurua izaten dut kontuan eta ahal dudan neurrian liburuaren maketazioa ere neuk egitea gustatzen zait. Neuk maketatzen ez dudanean ere, irizpide batzuk ematen ditut. Publis publizitate etxean ere ideia bat edo irudi bat ematen zidaten eta horri buelta ematen saiatzen nintzen eta ilustrazioan ere antzera funtzionatzen dut orain ere, zerbait neurea jartzen saiatzen naiz.

­Nola da sortze prozesu hori?

Batzuetan eseri eta lehen kolpean ateratzen dira gauzak, beste batzuetan neke handiz. Askok besterik uste badute ere, ez ditut nire marrazkiak haurrengan pentsatuz egiten. Nik nire marrazkiak egiten ditut eta haurrei normalean gustatu egiten zaizkie.

­Oso zeure antzekoak al dira pertsonaia batzuk?

Denek dute zerbait niretik. Askok esaten didate marrazkiak ni bezalakoak direla. Neuk eginak dira eta normala da. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Interpretaciones dispares para explicar los ataques de buitres al ganado
Euskal Herria
«Reivindicamos autodeterminación y amnistía total para Euskal Herria»
Euskal Herria
Libres los jóvenes detenidos el fin de semana en Gasteiz
Mundua
Los sondeos prevén una segunda vuelta en Ecuador entre Correa y Noboa
Mundua
Apelan al juego limpio en la campaña catalana
Kirolak
El Athletic coge el tren de la victoria y casi descarrila
Euskal Herria
Mucho calor y masiva afluencia de euskaltzales a Nafarroa Oinez
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss