GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-11-01
«Nongoa naiz? Jaioterrikoa, bizi naizen tokikoa, maite ditudan lekuetakoa?»
Elkarreko Mitxel Muruaren ustez, ezin da literatura adinaren arabera sailkatu. Baina umeei begira kaleratu dituzte «Nire herriak ostadarraren koloreak ditu», «Karabana batean bizi naiz», «Pako fakirra eta Zokomokordo» eta «Graak!». Nortasunaren inguruko gakoak, abentura, bizimodu nomada eta umorea dira liburuen ardatzak.

DONOSTIA

Garrantzitsua da Ana Urkizarentzat sustraiak, oinak, burua eta bihotza non dituen jakitea. Bilbon jaio zen, Ondarroan eman zuen haurtzaroa eta gaztaroaren zati bat, Bilbon, Londresen, Tolosan (Estatu frantsesa) eta Mutrikun ere bizi izan da eta orain Donostian dago. Sarritan galdegin dio bere buruari ea nongoa den eta azkenean aurkitu du erantzuna: leku guztietakoa. Horregatik saiatzen da denei zerbait ematen eta bakoitzetik onena jasotzen.

Burutazio edo kezka horrek bultzatu zuen Ana Urkiza “Nire herriak ostadarraren koloreak ditu” idaztera. Ijito bat ezagutuko du Marem protagonistak eta hark emanen dizkio nortasunaren inguruko gakoak. «Niri osaba Julenek eman zizkidan ­ekarri zuen gogora idazleak prentsaurrekoan­. Nahiz eta Vienan bizi eta gurera urtean behin bakarrik etorri, oso gertu sentitu izan dut beti. Gutun bidezko harreman luzea izan genuen eta Goetheren eta Straussen berri eman zidan, literatura eta musika erakutsi zizkidan. Bi arte horiek ere lagundu zuten hurbiltasuna lortzen». Ondorio bat atera zuen Urkizak orduan: «Garrantzitsuena ez da nongoa zaren edo non bizi zaren, herria eta pertsonak hurbil sentitzea baizik».

Nortasuna da istorioaren hari gidaria eta osatzeko hainbat baliabide dago idazlearen aburuz: «Irudimena, musika, literatura eta koloreak. Ideologiak, zaletasunak eta ametsak dira koloreak». Jokin Mitxelenak paratu dio irudia narrazio irekiari, «bizitasunez, umorez eta sentiberatasunez jarri ere», Mitxel Murua editorearen hitzetan.

Xabier Mendigurenen eta Patxi Gallegoren “Karabana batean bizi naiz” liburuan ere badu lekurik “Nongoa naiz?” galderak, nomaden bizimodua baita protagonista.

«Badira idazleak arrakastaz idaztea lortu dutenak hizkuntzaz, nazioz, kulturaz, herrialdez, kontinentez aldatuta, baita zibilizazioz ere. Badakit haien sormenak erbestearekin edo immigrazioarekin irabazi duen bezala nire kasuan halako egin nauena etxe berari loturik egotea izan dela, kale berari, paisaia berari, hiri berari». Orhan Pamuk Nobel saridunaren solas horiekin hasi zuen Xabier Mendigurenek mintzaldia.

Bera ere leku berari lotua egon dela aitortu zuen, baina beti piztu izan diola jakin-mina batetik bertzera ibiltzeak. Horregatik ageri da liburuan familia nomada baten bizimodua. Karabana batean bizi da Daniel gurasoekin, arrebekin eta aitonarekin, eta toki batetik bertzera dabiltza beti. Aitzakia hori hartuta, hainbat kontu papereratu du Mendigurenek.

«Oso pozgarria izan da niretzat istorioa irudietan ikustea. Berriz deskubritzea bezala izan da. Maisutasunez zaindu ditu Patxi Gallegok xehetasunak eta plazerra izan da, esate baterako, biñetaz biñeta pertsonaia bakoitzaren jantziak nola aldatzen diren konturatzea», azaldu zuen idazleak.



Bidaiarik handienak, etxetik atera gabe

DONOSTIA

Umorea eta abentura gailentzen dira Xabier eta Martin Etxeberria anaien istorioan, «Pako fakirra eta Zokomokordo»n. Pako pertsonaia azaltzen den bigarren liburua da, baina egileek bertze testuinguru batean jarri dute oraingoan: jaioterrian, Pakistanen.

Etxera ailegatu bezain agudo jabetu da egoeraz: errekako ura kutsatua dago mendian bizi den Zokomokordo erraldoiaren erruz, eta nahastuta daude herriko sabel guztiak. Fakirrak hartuko du bere gain arazoa konpontzeko ardura eta kankailuaren bila abiatuko da tontorrera.

«Bi pertsonaia xelebre elkartu ditugu: iltzeen gainean lo egiten duen eta jaki zorrotzak atsegin dituen Pako, eta ipurditik jaten duen Zokomokordo», azaldu zuten bi anaiek atzo. Eskema tradizionalari eutsi diotela ere aipatu zuten: «Pertsonaia mendira joaten da deabruaren edo basajaunaren etxera. Hiru egun ematen ditu bertan eta proba batzuk gainditu behar ditu etxera itzuli baino lehenago. Eskema hori berreskuratu eta omendu nahi izan dugu guk».

Jose Belmonte marrazkilariaren lana goraipatu zuten azkenik. «Fakirra lehenagotik sortua zuen, aurreko libururako. Orain, ondo marraztu du Zokozomorro, gutako baten antz izugarria emanda, gainera», erran zuten txantxetan.

Laugarren liburu bat ere aurkeztu zuten Elkar argitaletxekoek, Anjel Lertxundiren eta Antton Olariagaren “Graak!”. Duela zenbait urte “Berria” egunkarirako osatutako bilduma batetik berreskuratu duten lanak honako ideia aldarrikatzen du: literaturak aukera ematen du etxetik atera ere egin gabe bidaiarik handienak irudikatzeko.

Etxeko lanak egiten ari da Niko protagonista eta asper-asper eginda dago. Baina mapaz, lumaz eta irudimenaz baliatuz abentura zirraragarriak biziko ditu. Piraten istorio batean murgilduko da.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Primeras elecciones en Catalunya tras la aprobación del nuevo Estatut
Mundua
El fin de los Bloques H, nuevo principio para Irlanda
Iritzia
Derribar la prisión, guardar la memoria
Ekonomia
Los trabajadores fallecidos en accidente laboral en Euskal Herria suman ya 107
Jendartea
Etxebizitzaren arazoari aurre egiten dion herri-egitasmoa sortu dute Garazin
Euskal Herria
Garzón mantiene la imputación de «integración» contra las mahaikides
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss