GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-11-01
Etxebizitzaren arazoari aurre egiten dion herri-egitasmoa sortu dute Garazin
Etxebizitzaren prezioaren igoerari eta Garaziko kantonamenduan gazteek etxe bat aurkitzeko duten arazoari konponbidea emateko Euskal Gazteria elkarteak etxe bat erosiko du. Bertan apartamentuak egingo dituzte eta gero gazteei alokatuko dizkiete. Etxea erosteko eta eraberritze lanak egiteko jendeari 180 euroko parte sozialak erosteko eskatuko diote. Egitasmoa plazaratzeko bilkurak antolatu dituzte; lehena Donibane Garazin izango da azaroaren 10ean.

BAIONA

Herri-egitasmoa jarri du martxan Euskal Gazteriak elkarteak. Etxebizitzen inguruan gazte taldeak bost urtez egindako lanaren ondorio da Barnekaldean Bizi egitasmoa. Erakunde, hautetsi, profesional eta biztanle askoren sostengua jadanik jaso duen egitasmoaren lehen pausoak azaroaren 10ean emango dira Donibane Garaziko herriko etxean egingo den lehen bilkura publikoarekin. Bertan jendeari egitasmoan parte hartzeko eskatuko diote. Diru ekarpenez gain, bestelako laguntzak ere lortu nahi dituzte elkarteko kideek. Egitasmoa urtebetean bukatu nahi dute. Etxearen barnean lau edo sei apartamentu txiki egin nahi dituzte, erosten duten etxearen arabera.

300.000 euro inguruko aurrekontua izango du egitasmoak, 150.000 euro etxea erosteko eta beste hainbeste eraberritze lanak egiteko. Aurrekontua egiteko Donibane Garaziko etxe baten benetako prezioan oinarritu dira, eta orain Garaziko kantonamenduan etxe baten bila ari dira.

Hastapeneko kapitala lortzeko jendearen laguntza eskatzen du Euskal Gazteriak-ek. 180 euro balioko duten 200 akzio jarriko dituzte salgai, eta urtebetean hilabetero 15 euro ordaindu beharko dira. Bildu nahi dituzten 36.000 euro horiekin gazteen elkarteak Barnekaldean Bizi elkartasunezko Higiezinen Sozietate Zibila sortuko du. Parte bat erosten duten pertsonek «elkartasunean inbertituko dute», etxeak noizbait mozkinak lortzen baditu ere ez baitira akziodunen artean banatuko.

Egitasmoa aurrera ateratzeko gestioak eginak dira jadanik eta behin dirua lortuta Crédit Coopératif bankuak 220.000 euroko mailegua egingo diela adierazi du. Diru-laguntzak ere eskatuko dituzte eta horiei esker eraberritze lanen %30 estaliko dutela kalkulatzen dute, hau da, 45.000 euro.

Egitasmoa aurkezteko eta laguntzak jasotzeko hurrengo bilkurak Baigorriko, Aldudeko eta Lekunberriko herriko etxeetan egingo dituzte azaroren 17an, 24an eta abenduren 1ean, hurrenez hurren.



«Etxebizitza mailan horrelako proiektu bat egiten den lehen aldia da»
Peio JORAJURIA | Euskal Gazteriak elkarteko animatzailea.

Egitasmoa sortu duen Euskal Gazteriak elkarteko animatzaileak egindako lanaren nondik norakoak aipatu dizkio GARAri.

­Nondik etorri zen ideia?

Ideia lanarekin etorri zen, etxebizitzaren gaia aztertu ondoren. Kolektiboki zerbait egin behar zelako ideia argi gelditu zen eta adibide asko ikusi genituen; Hazparnen ostatu bat erosteko lagunen artean egin zutena edo laborantzan lurrak erosteko egiten dutena ikusita sortu zen ideia.

­Beraz, horrelako egitasmorik ez duzue inoiz ikusi.

Etxebizitza mailan horrelako proiektu bat egiten den lehen aldia da. Alde horretatik berrikuntza bat da.

­Laguntza asko izan al duzue?

Laguntza toki askotatik jaso dugu, horretan ikusten da gure egitasmoa memento onean heldu dela. Norbaiti ekimena aurkezten diogunean berehala laguntza eskaintzen digu, bai hautetsiek, bai profesionalek eta bai lekuko eragileek ere. Sostengu ederra izan dugu.

­Euskal Herriko erakundeei laguntza eskatzeko asmorik al duzue?

Ikusiko dugu, mementoz ahal dugun guztia Garaziko eskualdean lortzen saiatuko gara eta gero pixkanaka zabalduko dugu eta ikusi beharko dugu noraino joan beharko garen diruaren xerka. Mementoz arrakasta ederra dugu eta espero dugu eremu aski ttipi batean lortuko dugula laguntza. Gure proiektuak lekuko jendea lagunduko du eta nahiko genuke lekuko jendeak proiektuan parte hartzea.

­Zenbat gazte ari zarete lanean?

Taldean hamar gazte dira, baina laguntza asko jaso dugu. -

 


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Primeras elecciones en Catalunya tras la aprobación del nuevo Estatut
Mundua
El fin de los Bloques H, nuevo principio para Irlanda
Iritzia
Derribar la prisión, guardar la memoria
Ekonomia
Los trabajadores fallecidos en accidente laboral en Euskal Herria suman ya 107
Jendartea
Etxebizitzaren arazoari aurre egiten dion herri-egitasmoa sortu dute Garazin
Euskal Herria
Garzón mantiene la imputación de «integración» contra las mahaikides
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss