GARA > Idatzia > Gutunak

Kutxa: dirua, pertsonen zerbitzura

aitor leiza alberdi

Mutriku, Zumaia eta Arkamurkako natur taldeak eta Inda-mendi mendi elkartea

Horrela zioen duela gutxira arte gipuzkoarron aurrezte-erakunde kuttunaren leloak. Poztekoa da horrelako erakunde bat guztion ongizateaz arduratzea. Pozgarria da ere bai finantza jardueratik lorturiko mozkinak, bere Gizarte-Ekintzaren bitartez, XXI menderako ditugun erronkei aurre egiteko erabiltzea: Ditugun lau erronketatik bat, Kutxaren beraren esanetan, ingurumenarena da: atmosfera, ura, bioaniztasuna, desertifikazioa, aldaketa klimatikoa...baina hitz antzuak alde batera utzi eta ekintzei ekiten ere badaki gure erakunde maiteak, besteak beste bere oihaneztatze programa bultzatuz, Gipuzkoako basoen aberastasuna babestu eta sustatzea xede duena.

Konpromiso horren adibiderik argiena Ernio mendiaren magalean, Erdoizta auzoan, Kutxak bereak dituen mendietan egin berri duen triskantza du-gu: ziento erdi hektareako (500.000 m) pinadia matarrasan moztu eta ondoren, bulldozerrak modurik basatienean erabiliz, azalera hori guztia harrotu du. Non geratzen da bioaniztasunaren konpromiso hura, lur dena gorri, belar bat bera gabe, utzi denean? Zer zen desertifikazioaren aurkako ekintza hura, ehunka tona lurren higadura eragin denean? Eta uraren erabilera arduratsuaren kontua, higatutako lur guztia Granada-Altzolaraz errekara isurtzen denean?

Bidenabar, lurra, aniztasuna, ura eta horren izaera sozial/ publiko nabarmena duten beste hainbat ondare ere kaltetuak izan direla ikusirik horien babesle behar lukeen Foru Aldundia zertan dabilen galdetu beharrean gara. Beldur gara hori guztia baimentzeaz gain ez ote duen, gainera, guztion diruz lagunduko, ezaguna baita bi erakundeetako Kontseiluak talde bertsuen esku daudela. Laster ikusiko ditugu erakundeotako buruak, hauteskundeak edo Zuhaitz Eguna dela eta basogintza eramangarria, garapen iraunkorra eta antzeko iruzurrekin bueltaka.

Astakeria honen arduradun arduragabeak salatzea izan da gure asmoa eta, bestetik, galdera bat planteatu: Ikusirik Kutxak bere ondasunak zaintzeko zein seriotasun eskasa duen, bertan dauzkagun sosa urriak irizpide bertsuekin kudeatzen ote ditu?..badaezbada, sukurtsala zabaldu orduko bagoaz bertara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo