GARA > Idatzia > Zorroztarria

Auzilanaren auzolana

Julen MURGOITIO

Gero eta gehiago kostatzen zait goizeroko kafea hartzea, urte askoan taberna aldatu ez badut ere. Kikara eta koilaratxoa aldatu ez baditut ere; garbitu baino ez, pentsatzen dut. Tabernaria bera ere betikoa dut. Eta eskumako eskuaz heltzen diot, aitor dut, kikarari jakina, ez tabernariari, betiko moduan. Beharbada kafea aldatuko zuten tabernan, edo azukrea ote? ez dut galdetu, baina gero eta gehiago kostatzen zait. Eta ez nago prezioaz, gehiago kostatzen bazait ere orain lehen baino. Egunkariaz nago. Gure GARAz. Goizean ez dakit kafea hartzen aurrean egunkaria ez badaukat; eta hor ibiltzen naiz, koplariak kantuan bota zuenaren bidetik, aurrera papera atzera papera periodikoa letuz ilustratzen gera. Ilustratu? bai zera! kaka zaharra! haserrea, haserre bizian paratzen naiz, sutan, kolerak hartuta ere epelago egongo nintzateke, zin dagit. Azkenean zalantzan egoten naiz kioskoan hartu dudanaz, egunkaria ala auzikaria? Auzitegi nazionalekoa handik, instrukzio auzitegikoa hortik, auzitegi gorenekoa hemendik, lurraldeko auzitegikoa... baina zenbat auzitegi eta auzitegi oste dute beheko horiek han eta hemen? Eta diren guztietatik pasatu behar euskaldunok? Ez al da hori mobbing horietarikoa? Tira! hobeto ikutu ez, badaezpada, mobbing den ala ez erabakitzeko auzitegiren batetik pasatu erazi beharko gintuzten eta. Beste behin ere. Ene, ene! Ez nau harritzen euskaldunon ohiko auzolana gaur gaurkoz auzilana izateak. Eta pentsatzen hasita, auzitegi horietan auziak bideratu ala sortu, zein demontre dute benetako funtsa, hor funtsik balego behinik behin?

Hiztegiek jada ez dute ezertarako balio, mahaiaren hanka bat berdintzeko ez bada. Hitz jatorrek aspaldian erabaki zuten hortik ospa egitea. Auzitegia, auziak sortzeko tegia. Zerbitzu sekretuak, agerian diharduten zerbitzuak. Salbuespen legeak, ordura arte salbu zegoena auzitegira eramateko legeak. Zuzenbidea, okerreko bidea. Estatua, oraindik ere diktadoreak hainbat plazatan duena. Justizia, justu-justu horren gabezia. Burdina-aroa, oheari luze burdinaz lotuta igaroa. Gauzak horrela, normala da GARAk zuzentzaileak eskatu izana, egun osoz aritzekoak gainera!, ulertzekoa da. Ez dute lan makala izango, gero! Total, sutan egon ondoren barraren aldean lasaitu eta epeldu naizenerako kafea hotza dago. Atzo bezala. Herenegun bezala. Eta horrelaxe goizero. Bai, gero eta gehiago kostatzen zait goizeroko kafea hartzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo