GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Ainara Rodrigez eta Gorka Zozaia Ikasle Abertzaleak

Hizkuntzaren «balore demokratikoak"

Ikasleoi eskubideak ukatuz gure desaktibaziorako bidea irekitzen bada, zein puntutaraino da hau ondorio ala helburu?

Ez da gauza berria ikasleok kolektibo berezitu bat osatzen dugula esatea, baina maizegi ahazten zaigunez gogorarazi beharrean gaude.

Ez gara gainera nolanahiko kolektiboa. Jean Paul Sartrek 68ko maiatzean esan zuen bezala, «posible denaren abanikoa inork baino zabalagoa izatea» da ikasleon ezaugarri iraultzailea. Horrek eragiten gaitu sakoneko aldaketak planteatuz, egungo hezkuntza grisa kolorez anitzez pintatzera. Azken adibide esangura- tsuenetakoa da egutegi propioaren aldeko borroka.

Kolektibo izateagatik eskubide batzuk dagozkigu, eta eskubide horien jabe izan behar gara kolektibo gisa jardun eta errealitatea eraldatzen jarraitzeko. Tartean, oinarrizko eskubide demo- kratikoak ezinbestekoak zaizkigu. Baina logika demokratikoa inondik topatzen ez den herri batean, bertako eskolek errealitatea berproduzitu besterik ez dute egiten, Euskal Herriko luze-zabalean ikastetxe eta fakultateak egoera antidemokratikoen paradisu dira.

Azken bolada luzean, ikasleon eskubide demokratikoen egoeran atzerapauso izugarrien testigu izaten ari gara. Batzartzeko, adierazteko edo grebarako eskubideak ukatzen zaizkigu, kontrol soziala eta poliziala areagotzen diren bitartean. Adibideak ehunka ditugu. Hasteko, gero eta ikastetxe gehiagotan, kartelak jartzeko zuzendaritzak aurrez ikusi eta onartu izatea ezinbestekoa da. Dagokion hitzekin esateko, adierazpen bitarteko orok zuzendaritzaren zentsura pasa behar izaten du. Era berean, ikasleak antolatu ahal izateko ikastetxeko aginte markoen baimena behar izaten da sarri. Baimen hau, oro har, taldearen funtzio edo helburuei dagozkien irizpideen arabera ematen da, eta ez bestelako arrazoiengatik.

Era berean, heldutasun falta sumatuta kasu batzuetan, edo beste edozein aitzakia erabilita, grebarako eskubidea ukatzen digute ikasleoi. Bistakoa denez, ustezko irtenbideak arazoa areagotzen du, infantilizazioa bultza- tuz: heldutasuna eta erantzukizuna ezin dira garatu autonomia izpirik gabe. Kontuak kontu, ikasleok ondo dakigu aitzakia eta arrazoia desberdintzen, badakigu kausa eta ondorioa desberdintzen. Badakigu, era berean, segurtasuna eta kontrol polizia ez direla sinonimoak. Ildo honetatik, onartezina da ikastetxeetan uniformezko zein kalezko jantzitako polizien edo «segurtasun» enpresen presentzia. Antza denez, errespetua poliziaren presentziaren bidez ikasi eta barnera dezagun nahi dute hezkuntza agintari, zuzendari eta dekanoek. Gauzak horrela, hezkuntza egoera betikotzeko tresna baino gehiago hura aldatzeko bitarteko izan behar da. Era berean, ikasleak aske hezi eta hazi behar dira, polizia baten kontroletik libre.

Demokratikoki erabat defizitarioa den egoera honek ondorio zuzenak ditu ikasleongan. Zuzenean, ikasleak ezin garelako bildu errealitateaz hausnartzeko, ez dugulako errealitatearekiko desadostasuna adierazteko biderik, ezin garelako mobilizatu. Baina, eta batez ere, zeharkakoak dira, denboraren poderioz, mingarrien gertatzen direnak. Izan ere, ikasleak subjektu bezala jokatzeko aukerarik ez izateak, honen kritikotasuna, sormena eta ikasle autokonszientzia hilzorian jartzera darama, zuzen-zuzenean.

Momentu honetan derrigorrezko galdera egin beharrean gaude: ikasleoi eskubide demokratikoak ukatuz gure desaktibaziorako bidea irekitzen bada, zein puntutaraino da hau ondorio bat ala helburu bat? Gure partetik ez dago zalantzarik. Herri honetako agintariek, kanpokoek eta bertakoek, ikasle mugimendua ito nahian mila neurri hartu dituzte. Tontxu Campos, Luis Campoy eta Gilles de Robienek zuzenduta, ikastetxe eta fakultateetako zuzendari eta dekanoak kartzelari bihurtu dira, eta hauetako askok, gehiegik, lan zikin hori gustu osoz egiten dute gainera.

Baina ikasleak ez gaituzte oraino ito. Aitzitik, berriz ere entzun beharko gaituzte, eskubide urraketa bat dagoen bakoitzean gurekin egingo dute topo. Gure eskubideak eskuratu artean, haien amets gaiztoenetan ikusi beharko gaituzte. Ikasle borrokaz lortuko dugu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo