GARA > Idatzia > Ekonomia

ELB enkantean saldutako Axeriborda etxaldea SAFERek har dezan ahaleginduko da

20 hektareako baserria saldu zen Baionako epaitegian, enkantean. ELBk eta Lur Hatsek salmenta hori salatu zuten, «espekulazioa areagotu eta laborariek bere lan-tresna halako prezioetan erosterik ezin dutelako".

Maria AIZPURUA | BAIONA

Baionako epaitegian, enkantean saldu zuten atzo Axeriborda etxaldea, eta SAFER nekazaritza lurrez eta laborarien instalazioaz arduratzen den erakundeak eros dezan ahaleginduko da ELB.

Senideen arteko gorabeherak direla-eta, iazko otsailaren 21ean Amikuzeko eskualdeko Bithiriña herrian dagoen baserria enkantean saltzeko erabakia hartu zuen epaitegiak.

Etxaldeak 20 hektarea ditu, eta badira bi laborari eskuratzeko interesa eta proiektua azaldu dutenak. Batak barazkintza egingo luke; besteak, berriz, ahuntzaintza. Bi laborari horiek nekazaritza familiatik kanpokoak dira; hau da, berez ez datoz inguru baserritar batetik, eta horiek, bereziki, zailtasun handiak izaten dituzte etxalde bat eskuratzeko eta laborantza jarduerari ekiteko. Lur Hats elkartea laborari horiek laguntzen saiatzen da, besteren artean, eta atzo ere epaitegian zen «landa-lurren espekulazioa» salatzeko.

Lurrok enkantean ezarrita prezioa garestitu eta eskuratu ezingo zituzten beldur ziren, ELBk eta Lur Hats elkarteak deituta, epaitegira joan ziren laborariak.

Hain zuzen, hori gertatu zen, 122.000 euroan hasitako enkantea 300.000 euroan amaitu baitzen. Edouard Exilard ELBko ordezkariak adierazi zuen: «Prezio izugarria da hori laborari batentzat. Abere aziendan edo nekazaritzan ari den laborari oso onek ere ezin dute bere lan-tresna horren garesti ordaindu».

Exilardek azaldu zuen gaur egun nagusi den merkatu legearen mendekotasunaren ondorioz gertatzen direla horrelakoak, eta salneurriok hurrengo salmentetarako erreferentzia bilakatzeko arriskua dagoela uste du.

Politikari eta hautetsiek beren ardurak hartu behar dituztela gehitu zuen, «finean lurren merkatua horrela funtzionatzen uzten dutelako».

Lehentasuna baliatu

ELBk SAFERen daukan ordezkaritza baliatuko du erakunde horrek Axeriborda eros dezan. Izan ere, SAFERek erosteko lehentasun-eskubidea du, eta etxaldea eskura dezake hilabeteko epean gero, alokairu-salmenta sistemari esker, bi laborariei bideratzeko. Etxaldea eskuratzeko diru-laguntzak eman ditzatela eskatuko diete erakundeei.

Bestalde, gaur egun Axeribordan dagoen maizterra beste zazpi urte gera daitekeela jakinarazi zuen ELBk: «Nekazaritzan jarraituko duen norbait instalatzen bada, jubilatzeko asmoa du baina, bestela, berak segituko duela adierazi du. Hori ere oztopo bat izan daiteke laborantzan aritzeko asmorik ez duten erosleentzat».

EZINEZKOA
Lurren prezioa garestia izateaz gain, Axeriborda etxea berritu egin behar da. Lan-tresneriaren eta makinen kostua gehituta, laborari batentzat gastu guztiei aurre egitea ezinezkoa dela esan dute ELBk eta Lur Hatsek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo