GARA > Idatzia > Kultura

Griñonen eginiko IX. Abesbatzen Sari Nagusiko hiru sariak irabazi ditu Ordiziako Oroith-ek

GARA | DONOSTIA

Joan den asteburuan, IX. Abesbatzen Sari Nagusia egin zuten Griñonen (Madril). Bertan izan diren sei abesbatzetatik bi euskal koruak ziren, eta horietako batek, Ordiziako Oroith abesbatzak, lehiaketako hiru sariak eraman zituen.

Hain zuzen ere, Estatu espainolean egiten duten lehiaketa garrantzitsu bat da, eta urtean Estatuan egiten dituzten sei lehiaketetako irabazleen arteko lehia izan da joan den asteburukoa. Bertan ordiziarrek irabazitako sariak folklore modalitatekoa, polifoniari dagokiona eta abesbatzen sari nagusia dira. Horiek guztiak igandean bertan banatu zituzten -saritzat, dirua ez ezik, garaikurrik ere eman zieten-.

Griñongo sariketan parte hartu duen beste euskal korua Doinuzahar ganbera abesbatza izan da, Durangokoa. Parte-hartzaile orori diploma eman zioten.

Ibilbide oparoko taldea

Oroith abesbatza 1985. urtean sortu zuten, Ordiziako zenbait gazteren musikarako zaletasuna zela-eta.

2000. urteaz geroztik, Katrin Iturralde Izuzkiza da abesbatzako zuzendaria. Eta, bere aginduetara, abesbatzak hainbat proiektutan hartu du parte; horien artean, beste koru batzuen ondoan «Beethoven 9. Sinfonian» ere esku hartu du. 2001. urteko abenduan, gainera, Avileseko lehiaketan parte hartu eta han ere lehenengo saria irabazi zuen.

Gaur egun abesbatzak hainbat musika esparru lantzen ditu; besteren artean, polifonia klasikoa eta gaur egungoa, bai eta folklorea ere. Abesbatza 20 abeslarik osatzen dute; 16 eta 36 urte bitartean dituzte, eta ahots nahasiak daude. Umeen abesbatza ere badu, gainera, Oroith-ek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo