GARA > Idatzia > Euskal Herria

Epaitegiak Ikas-Biren administrazio-errekurtsoari ezezko borobila eman dio

Maiatzaren 22an Paueko Administrazio Epaitegian aztertu zen Ikas-Bi elkarteak Hezkuntza Nazionalaren kontra aurkeztu administrazio-errekurtsoa. Tribunalak atzo goizean jakitera eman zuen epaiean elkarteak agerian jartzen zituen hiru puntuak atzera bota dituela.

Idoia ERASO |

«Interesgarriena gaur hasiko da, zeren eta espero genuen bezala gure helegitea errefusatua egin dute eta orain afera plaza publikoan dago», adierazi zuen Ikas-Biko presidente Thierry De- lobelek. Hezkuntza publiko elebiduneko gurasoen elkartea da Ikas-Bi eta Hezkuntza Nazionalaren kontra «botere gehiegikeriagatik anulazio helegitea» aukeztu zuen 2004ko abenduan, eta atzo eman zen jakitera epaia. Paueko Administrazio Epaitegiak helegitean agertzen ziren hiru puntu nagusiak atzera bota ditu.

Administrazioak sail elebidunak irekitzearen kontra daraman politika salatzen zuen helegitearen lehen puntuak. Horren aurrean epaitegia 2003ko dekretuan oinarritu da, non «hezkuntza elebiduna abian jarri daitekeela» esaten den. Elkarteko abokatu Violante jaunaren esanetan epai honen bitartez Hezkuntza Nazionalaren eskumeneko boterea gelditzen da agerian. «Estatuak ikasketa elebidunak sor baldin baditzake ere, ez die gurasoei botererik ematen hezkuntza hori eskatzeko» adierazi zuen Gilles Violante abokatuak.

Elkarteak eskaera zehatzak egin izan ditu azken urteotan ikasgela eta sail elebidun berriak irekitzeko eta Hezkuntza Nazionalaren errefusarekin aurkitu dira askotan. «Ikas-Biren eskaera zehatzei erantzun orokorra ematen die epaiak. Ez etorri kexatzera orain arte egin duguna ez dago gaizki, esaten digu administrazioak», azaldu zuen abokatuak.

Zirrikituak

«Hezkuntza Nazionalaren eskumenezko boterea nagusi bada ere, epaiak argi adierazten du administrazioak ezin duela alde batera utzi egoera sozialaren ikerketa egiteko betebeharra», esan zuen Gilles Violantek. Betebeharrak aipatzean beste errekurtso bat abiatzeko zirrikituak irekitzen direla nabarmendu zuen Thierry Delobelek.

Ikas-Biren helegitearen bigarren puntuak ordutegiaren parekotasuna zuen jorratzen. Atzo ezagutzera eman zen dokumentuan «epaileak esaten du Hezkuntza Nazionalak eginahalak egiten ari dela bi hizkuntzen arteko parekotasuna lortzeko, baina gu ez gaude ados. Ez dituzte beharrezkoak diren baliabideak jartzen, horregatik borroka honekin aurrera jarraituko dugu», jakinarazi zuen Delobelek.

Irakasleen ordezkapena prestakuntza maila bera duten profesionalen eskutik etortzea eskatzen du helegitearen hirugarren puntuak, hots, euskarazko irakasleen ordezkapena euskaldunek egitea. Ikas-Biko presidenteak honakoa azaldu zuen: «Gai hau aztertuko dutela esan dute behin baino gehiagotan. Akademiako inspektoreak esan zidan gai hau sentibera eta korapilatsua zela, baina guk ez dugu gaiaren konplexutasuna non den ulertzen». Elkartearen abokatuak administrazioaren «borondate txarraren» kontra daudela jakinarazi zuen; eta gehitu zuen «gertatzen den gauza bakarra baliabide ekonomikoak falta direla da».

Gilles Violante abokatua testu osoaren gaineko errekurtsoa aurkeztearen alde agertu zen. Elkarteko presidentea ere apelazioaren aldekoa zela jakinarazi zuen, nahiz eta lehen puntua zehaztasunik gabeko testu batean oinarritua dagoenez behar bada alde batera utzi beharko litzatekeela uste duen. Erabakia Ikas-Biren administrazio kontseiluaren esku dago orain.

Elkarteko kide Mixel Estebanek helegite honen garrantzia nabarmendu zuen, Estatu frantseseko hizkuntza gutxitu guztientzako hezkuntzentzat.

Ez kexatu

«Ikas-Biren eskaera zehatzei erantzun orokorra ematen die epaiak. Ez etorri kexatzera egin duguna ez dago gaizki, esaten digu administrazioak», azaldu zuen abokatuak.

apelazioa

Elkartearen abokatua eta presidentea atzoko epaiaren apelazioa aurkeztearen alde agertu ziren. Erabakia orain Ikas-Biren administrazio kontseiluaren esku dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo