GARA > Idatzia > Euskal Herria

Selektibitatea dela-eta, IAk «ikasle sailkapen injustu» horri aurka egitera deitu du

GARA |

Datozen egunetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan selektibitate proba egin beharko dutela-eta, Ikasle Abertzaleak «milaka euskal ikasleren etorkizuna kolokan» izango dela ohartarazi zuen. Azterketa hori salatu eta horren kontra mobilizatzeko deia egin zuen. Aipatutako herrialdeetan gaurtik ostiralera bi- tarte izanen dira probak eta Nafarroan datorren astean. Selektibitatea eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egin behar izaten duten baxoa «ikasleon eskubideen aurkako eraso bidegabea dela» uste du IAk.

Azterketa sisteman oinarritutako hezkuntza gaitzesten dute, selektibitatea «sistema horren adierazpen gorena» dela-eta, euren hitzetan. Hainbat eskubide urratzen zaizkie proba hori aintzinera eramaterakoan; euskal ikasleak diren aldetik, kultur eskubidea urratuta ikusten dute: «espainiar eta frantses historia, hizkuntza eta geografia barneratzera behartzen gaituzte eta tresna hori, `desnazionalizatze' prozesuan ezinbesteko papera betetzen duten gai horiek barneratzen ditugula ziurtatzeko erabiltzen dute».

Ikuspegi pedagogikotik, «azterketa sistema basati» horrek, ikasitakoa baino «azken egunetan memorizatutakoa eta hori azterketan azaltzeko gaitasuna neurtzen ditu. Kritikotasuna, sormena eta parte-hartzea balioak, besteren artean, alboratzen ditu». Ikasleon «sailkapen injustu eta onartezina» egiten dela eta «notaren arabera mailakatu eta ikasketa batzuetako ateak ixten zaizkigula» salatu zuten. Horren kontrako, eta Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko deia egin zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo