GARA > Idatzia > Txokotik

Floren Aoiz Idazlea

Abiapuntu akatsak

Espainiako komunikabide digital batek argitaratu zuen aspaldi, su-etena baino askoz ere lehenago, bazekitela zergatik Rodríguez Zapatero hain baikor agertzen zen ETAri buruz. Nonbait, espainiar Gobernuak ziurtzat ematen zuen ETAK borroka armatua behin betiko uztea erabaki zuela. Hala esaten zioten inteligentzia informe batzuek nonbait, eta beste hainbat iturburutatik jasotako datuek horixe bera berresten zuten. Batek daki nondik ateratzen zituzten datu horiek, baina komeni zitzaien sinestea eta ontzat eman zituzten.

Diseinatu zuten estrategian, prozesuaren funtsa ETAk hartutako erabaki horren zehaztapenean zegoen. Horregatik esan zuten hasieratik ez zela ordain politikorik izanen: zertarako ordaindu debalde lor daitekeena? Finean, Aljer zein Lizarra-Garaziko saioen porrotak aski kaltegarriak gertatu ziren ezker abertzalearendako, eta pentsa zitekeen prozesua hautsiz gero antzeko zerbait gertatuko zela.

Arrazoia zuen Rodriguez Zapaterok neurri batean, egia baita ETAk aspaldi hartu zuela borroka armatua alde batera utzi eta bere helburuak beste bideetatik defendatzeko erabakia. Franco hil zenean nabarmendu zen, jadanik. Duela 30 urte hori lortzeko saioa egin zuen ezker abertzaleak Txibertan, eta ordutik hona etengabean errepikatu dira saioak. ETAren ibilbide historikoa aztertzen badugu, antzemanen dugu denbora gehiena negoziazioa bilatzeko saioetan eman duela.

Bazituen arrazoiak espainiar lehen ministroak ETAk gatazka armatua gainditzeko determinazioa zuela esateko. Baina okertuta zegoen, ETAren erabakia ez baitzen hori edonola egitea: Euskal Herriak bere etorkizunaren jabetza eskuratuko lukeen agertokia bermatu behar zen.

Prozesuaren garapenak erakutsi du ETAren etsipena ez dagoela aukeren artean. Argi gelditu da, bestalde, jendarteak gatazka politikoaren konponketa nahi duela, badakielako hori dela erabaki libreak hartzeko bide bakarra. Zer ikasi du Zapaterok, berriz?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo