GARA > Idatzia > Musika

Laguntza eskasa dela eta kolokan da Lekeitioko Intermusika jaialdia

A. A. | LEKEITIO

Lekeitioko Intermusika soinu berrien jaialdiak ez du, aurtengoan behintzat, bosgarren ediziorik izango. Halaxe azaldu dute 2003. urtetik hona antolatzaile lanetan ibili diren Aurkene Elordietak eta Berni Dollmanek eta, arrazoi modura, baliabide ekonomikoak aipatu dituzte. Sortzetik, jaialdiak musikari berriak ezagutaraztea izan du helburu eta, pentsaera horri eutsita, antolatzaileek sarrera doakoa izatea erabaki zuten. Elordietak azaldu duenez, aurten «atsedenaldia» hartzea erabaki dute eta datozen hilabeteetan egingo dituzten batzarretan hartuko da jaialdia hurrengo urtean berreskuratzeko erabakia: «Hurrengo urteetakoa nola proiekta daitekeen ikusteko tarte bat behar baitugu, jaialdia gehiagotan egingo dugun ala ez erabakitzeko. Guk jarraitu nahi dugu, jakina, baina beste planteamendu bat eskatzen du».

Euskal Herriko erakundeetatik jasotako laguntza «benetan eskasa» izan dela nabarmendu eta «interes gutxi» erakutsi dutela uste du Elordietak: «Jaialdia bertako taldeek kanpokoa ezagutzeko eta kanpokoak hona ekartzeko planteatu genuen eta Eskoziako Gobernuarekin harremanetan jarri ginen. Hemendik bertatik ere laguntza jasoko genuela uste genuen baina, Eskoziatik gehiago lagundu digute, Lekeitioko Udalak, Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak, hirurak batera baino gehiago», ziurtatu du. Alde horretatik, Eskoziako Gobernua «erretxindua» dagoela azaldu du.

Gisa horretan, jaialdiak jarraitzekotan beste kokaguneren batean izan beharko duela eta sarrera ordaindu egin beharko dela agertu dute, «Lekeition ez baitago halako jaialdi bat hartuko duen lekurik». Go Festival jaialdi-katearen barruan, Lekeitioko Intermusikak lau edizio izan ditu eta, kanpoko taldeak jasotzeaz gainera, Euskal Herriko taldeak atzerrira joatea bideratu du, Mikel Urdangarin eta Split 77 tartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo