GARA > Idatzia > Arrauna

San Miguel Liga

Urdaibai eta Orioren arteko lehiaren beste atal bat gaur arratsaldean Hondarribian

Bizkaitarrak dira faborito jokatu dituzten azken bi probak aise irabazi baitituzte

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Hondarribiak hartuko du gaur arratsaldean (ETB-1, 18.45) abuztuan jokatuko den San Miguel Ligako lehen estropada: Hondarribiko XX. Ikurrina Caja Madrid saria. Ligako bederatzigarren proba puntuagarria izango da gaurkoa, eta, horrenbestez, lehiaketaren lehen erdia betea izango dute parte hartzen duten hamabi traineruek.

Txanden egiturari dagokionez, aldaketarik ez Castron jokatutako azken estropadarekin alderatuta. Lehen txandan, Arkote, Cabo da Cruz, Mecos eta Zumaia irtengo dira. Bigarren txandan, San Pedrok, Laredok, Pedreñak eta Zarautzek egingo dute arraun. Eta hirugarren eta azken txandan, Castro, Hondarribia, Orio eta Urdaibai arituko dira nor baino nor.

Orain artekoak ikusita, begi guztiak Urdaibairi eta Oriori begira egongo dira. Bien artean puntu bakarreko aldea dago sailkapen nagusian -86 eta 85 puntu dituzte, hurrenez hurren-, eta orain arte jokatu diren zortzi probetatik zazpitan bietakoren bat izan da irabazle. Bizkaitarrek, gainera, Euskadiko Txapelketa irabazi berri dute aste honetan bertan.

Hala ere, eta ez gara esateaz aspertuko, parekotasuna ikaragarria da eta ezustekoren bat eman dezaketen ontzi asko daude. Batetik Hondarribia aipatu behar dugu. Etxekoen aurrean lan ona egin nahiko dute Orbañanosenek, eta iaz lortu zuten garaipena errepikatu. Bestetik, Pedreña ere kontuan izan beharko da. Castron bigarren izan zen eta Kantabriako Txapelketa irabazi berri du.

LEHEN TXANDA

Beste borroka polit bat lehen eta bigarren txanden artekoa izango da. Zumaiak bi puntura du San Pedro sailkapenean, eta bigarren txandan sartzeko aukera baliatu nahiko dute zumaiarrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo