GARA > Idatzia > Kultura

Txuma Murugarren soinu naturaleko kanta berriekin dator

Txuma Murugarrenek «Marjinalia» izenburuko disko berria kaleratu du. «Organikoa eta naturala» da bere bosgarren lana, elemento sintetikorik gabe eta, aurrekoarekin konparatuta guztiz bestelakoa. Musikari gipuzkoarra urrian hasiko da kontzertuak ematen.

p052_f01_148x104.jpg

Karolina ALMAGIA | BILBO

»Marjinalia» disko «organikoa da, naturala». Hala definitzen du Txuma Murugurarrenek bere lan berria, Gaztelupeko Hotsak zigiluak kaleratua. «Premisa izan da grabatu dugun guztiak bere soinu naturala izatea. Ez dugu erabili elemento sintekikorik, aurreko diskoan egin nuen bezala; beraz, guztiz bestelakoa da lan hau».

Aldatzeko asmoa izan du Txuma Murugarrenek (Errenteria, 1964) hasieratik, etengabeko metaformosia bilatzen baitu. «Musika asko entzuten dut nik, eta ez zait gustatzen gauza berdinak entzutea. Azken bolada honetan askotan entzun ditut abesti sinpleak, oinarrizkoak, Lisa Germano kanta-egilearen ildotik. Beste alde batetik, oso engantxatuta nago Ekialdeko musika banden soinuarekin. Influentzia hori potentziatu dut disko honetan. Nik uste dut kantak eginda daudela, zuk bakarrik hartu eta bide bat ematen diezu». Eta, disko honetan, bide hori ez daki Txumak «komertzialena edo ederrena» izango den, baina bai da «zintzoena. Abesti horiek soinu hori eskatzen zuten: soinu terrenal bat».

Aurreko diskoetan eta zuzenekoetan lagundu duen talde berarekin grabatu ditu Murugarrenek hamabi kantuak: Natxo Beltran (bateria), Rafa Aceves (teklatuak), Ekaitz Hernandez (baxua) eta Mikel Ramirez (gitarrak). Gainera, Asier Ituarte (tronboia) eta Rafa Rueda (gitarrak eta ekoizpena) kolaboratzaileak izan ditu alboan.

«Marjinalia»

«Marjinalia» izenburua Gotzon Uribe GARAko kolaboratzaileak proposatu zion. «Zer den `Marjinalia' niretzat? Gure zirku partikularra. Guztiok daukagu barruan ekilibrista, malabarista edo artista izan nahi duena. Kanpoan geure `gu' ofiziala agertzen da. Baina barruan geratzen diren beste horiek agian izango dira gure benetako `gu'. Zeren gu benetan histrionikoak gara, ergelak edo oso azkarrak batzutan, ixilak edo garrasika ibiltzen gara... Gehienetan geure barneko zirko horrekin lotsatzen gara. Marginatuta daukagun guzti horiek, niretzat Marjinalia dira».

Alde horretatik, Murugarrenentzat musika ihesbidea da. «Musikak gauzak esateko balio du. Gauza horiek kantatzerakoan, zerbait berezi bihurtzen dira; hitzek beste dimentsio bat hartzen dute. Hori harrigarria da, baina hala gertatzen da».

Txumaren «gai errekurenteak» aurkituko ditu entzuleak «Marjinalia» horretan. «Egun batean lagun batekin nihoan kotxean gaueko ordu txikitan eta ikusi nuen etxe handi bat, bertan argi bakar bat lehio batean. `Nor biziko da hor?, galdetu nion. Lagunak barre egin zidan, baina ni konturatu nintzen hori dela nere kexkarik handiena: zer egiten du gizaki horrek hor isolatuta? Zertan ari den, zer pentsaten duen? Kexka hori dago nire disko guztietan».

Horretaz gain, diskoan badaude Xabi Bordaren eta Angel Erroren poemak. «Erro poeta hunkigarria da, tonu eta erritmo berezia du idazten eta irudi txundigarriak erabiltzen ditu lau hitzekin. Eta Bordak poema oso txiki eta xume batekin azaltzen du oso ongi zer den pasatzen uzten dugun guzti hori».

Orain, Murugarren entseatzen ari da bere musikariekin. «Patxadaz egin dugu prozesua, baina urrian zuzenekoekin hasiko gara. Gogoa badago, behintzat».

BIDEA AURKITU

«Nik uste dut kantak eginda daudela, zuk bakarrik hartu eta bide bat ematen diezu. Nik ez dakit hemen bide hori komertzialena edo ederrena izango den, baina bai zintzoena. Abesti horiek soinu hori eskatzen zuten».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo