GARA > Idatzia > Kultura

Dar-Dar-ek «Eguneko menua» estreinatuko du Urnietan

GARA | DONOSTIA

Dar-Dar konpainiak helduentzat sortu duen lehenengo obra estreinatuko du igande honetan Urnietako Sarobe aretoan, gaztelaniaz. Francisco Montesen zuzendaritzapean eta «Menú del día» izena hartuta -lanak euskarazko zein gaztelaniazko bertsioak ditu-, Ane Gabarain eta Lierni Fresnedo igoko dira agertokira Txelo eta Peparen istorioa antzezteko. Bi emakume hauek lapiko artean igaro ohi dituzte eguneko ordurik gehienak, harik eta, bizitzari zuku gutxi atera diotela iritzita, atzera bueltarik ez duen bidaia bati ekitea erabakiko duten arte.

Komedia formatuan eta drama puntuarekin, 75 minutuko antzezlanak bi emakumeen arteko elkarrizketak ditu oinarri.

Euskarazkoa, urrian

Igandeko estreinaldiaren ostean, lantaldeak urriaren 18an estreinatuko du euskarazko bertsioa, Hernanin. Bea Zabalondo eta Jose Luis Arangurenek euskaratu dute Marilia Samperrek gaztelaniaz idatzitako obra eta antzezleak hurrengo astean bertan hasiko dira euskarazko egokitzapena prestatzen. Montes zuzendariak azaldu duenez, euskarazko eta gaztelerazko bertsioak egitearen helburua «leku gehiagotara iristea» da, eta Euskal Herritik kanpora ere ariko direla aurreratu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo