GARA > Idatzia > Zinema

Ez ditugu ahantzi behar oroimena galdu duten haiek

«¿Y tú quién eres?»

«¿Y tú quién eres?» filma Montrealgo Zinema Jaialdian aurkeztu duten arren, Antonio Mercero-k bertan lortu baitzuen arrakasta aurretik «Planta 4ª» filmarekin, Alzheimerraren Mundu Egunaren ospakizunarekin bat egingo du estreinaldi ofizialak. Ez alferrik, filmak medikuen aholkua izan baitu gaitzaren sintomak erakusteko, gaitza pairatzen dutenengan nahasmendu handiagoa eragin gabe senide eta zaintzaileek nola lagun dezaketen azaltzeaz gainera.

p062_f01_203x116.jpg

Mikel INSAUSTI | DONOSTIA

Antonio Merceroren profesionaltasuna, berak duen ofizio frogatua, ez da goiz bateko lorea. Bost hamarkada daramatza ikus-entzunezkoen munduan, telebistan eta zineman biak ala bietan arrakasta lortuz. Oso garatua du ikus-entzuleen gustuen ezaguera, oso ongi daki urte hauetan zehar gustu horrek nolako bilakaera izan duen, eta horrek haiengana iristea ahalbidetzen dio, haiek giharrean ukitzea. Bere lehenengo film luzea egin zuenetik, 1963an «Se necesita chico» izenekoa, neskato edo mutiko bat duten filmetan espezialista bihurtu zen, eta genero herrikoi honetan mugarri izatea lortu zuen «La guerra de papá»-rekin. Kritikariek ezti-jarioa izatea egotzi izan diote beti, barre eta malko erraza bilatzea. Eta ideia hori bere telesailetara ere hedatu da, «Crónicas de un pueblo»-tik hasi, «Verano azul» eta «Farmacia de guardia»-tik pasatu eta «Manolito gafotas»-era iritsi arte. Baina ez da bidezkoa bere aurpegi sortzaileena ahaztea, lasartearra ideia bitxi ugari izan dituen morroi asmotsua izan baita eta baita oraindik ere. «La cabina» filma pantaila txikiaren mugak gainditu zituen gizarte fenomenoa eta jarraibide da oraindik askorentzat. Psikologia suspentse ildo horretan berean oroitzekoak dira «Manchas de sangre sobre un coche nuevo» edo Paul Naschy bere gizotsoaren hezurmamitze mitikoaren karikatura eginez azaldu zeneko «Buenas noches, señor monstruo» beldurrezko haur-zinema filma. Baina bere sortze lan berezi eta miresgarriena Pepe Soriano antzezle handiak Franco diktadoreari aplikatuta doblearen irudiaz gogoeta gazi-geza hura egin zuen «Espérame en el cielo» komedia izan da. 36ko Gerrara hurbiltze despolitizatua izan zen «La hora de los valientes» filmean ere azaldu zen parodiazko tonu berbera, bestalde.

Oroiminak Mercero baztertuko zuela zirudienean iritsi zen «Planta 4ª», Montrealgo Zinema Jaialdian Ikus-entzuleen saria eta Zuzendari Onenari emandako saria irabaztean gaurkotasunaren lehenengo planora itzuli zuen Albert Espinosaren antzerki-lanaren egokitzapen gazi-gozoa. Gaixotasuna eta heriotza bezalako gai larriez larritasun gabeko umorez hitz egiteko duen abilezian datza filmaren xarma. Patuaren edozein errebeskadaren aurrean nerabeek duten oneratze indarraren kantu bitalista izaten bukatzeko punturaino. «¿Y tú quién eres?» bere film berrian errepikatu duen tratamendua da, oraingoan pertsonaia nagusiak Alzheimer gaitzak jotako agureak badira ere. Egunetik egunera jende kopuru handiagoak pairatu eta gero eta jende gazteagoa erasaten duen gaitz honen mundu egunaren ospakizunarekin bat etorrarazi dute estreinaldia. Oroimena galtzea dakarren neurologia-nahasmendu hau denen ahotan dabilen gaur egungo izurri bilakatzeko bidean dago, hainbeste denbora ez bada ere denek dakiten gauza bihurtu zenetik, Reagan kasuaren kariaz hasi baitzen gai honen gainean erresalburik gabe hitz egiten.

Alzheimerrak bere belaunaldiko lagun baten bidez kolpatu du hurbiletik Antonio Mercero, eta arrazoi honengatik sentitu du bere burua zuzenean nahasia «¿Y tú quién eres?» hau idatzi eta zuzentzean. Erien senideak destatu ditu bere hatz salatzaileaz, aitona Madrilen utzita uda igarotzera Donostiara etorri diren Alvaro de Luna eta Angeles Macua senar-emazteak aurkeztu baitizkigu gertabideak. Manuel Alexandrek hezurmamitu duen agure utzietsia zahar etxe batean sartu dute eta, hasieran papera Barbara Goenagak hezurmamitu behar bazuen ere, azkenean Cristina Brondok antzeztu duen ilobaren bisitak bakarrik jasoko ditu. Elkartasuna agertu duen neska hau, Amparo Morenok nortu duen erizaina, eta baita Jose Luis Lopez Vazquez erregaitzaren lagunartea ere, izango dira agureak erasan duen gaitzari aurre egiteko izango dituen euskarri bakarrak.

GAIXOTASUNA

Gai minbera dela uste izan arren, Mercerok Alzheimerraz hitz egitea erabaki zuen «gizarteko errealitate honen lekukotasuna eman behar dugulako, milioika baitira gaitz honen kariaz hiltzen ari direna pertsonak».

Estreinaldia

Zuzendaria eta gidoia:

Antonio Mercero.

Ekoizpena: Miguel Menendez.

Argazkia: Gonzalo Berridi.

Musika: Diego «El Cigala».

Antzezleak: Manuel Alexandre, Jose Luis Lopez Vazquez, Cristina Brondo, Amparo Moreno.

Herrialdea:

Estatu espainola, 2007.

Iraupena: 90 minutu.

Generoa: Melodrama.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo