GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Oker dabiltza gu egurtuta Bologna aplikatuko dutelakoan badaude»

p017_f01_111x111.jpg

GORKA ZOZAIA
IKASLE ABERTZALEEN ELEDUNA

Ikasle mugimendua hezkuntzaren egungo egoerara egokitu behar dela deritzo Ikasle Abertzaleetako bozeramaileak. Etorkizun «beltza» datorrela ere ohartarazi dio GARAri, baina beldurrik ez du, euskal ikasleriak halako egoerei aurre egiteko gaitasun handia duela sinestuta baitago.

Manex ALTUNA |

Datozen urteetako lan lerroak eztabaidatu eta finkatu berri ditu IAk, larunbatean amaitu baitzuen bere V. Kongresua. Orain, borrokarako garaia dute eta etzi bertan, manifestazio nazionala egingo dute Leioako campusean, «hezkuntza sistema kapitalistari» galga emateko.

Hezkuntza alorrean aldaketa ugari gertatzen ari dira. Zein da egungo egoera?

Bai, halaxe da. Gaur egun Euskal Herriko hezkuntza esparrua desberdina da, eta IAk horren inguruko hausnarketa egin behar du ikasle mugimendua Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzeko bidean berriro kokatzeko. Bestalde, ikasle mugimendua bere horretan izaten ari den bilakaera ere aztertu dugu, batez ere azken hamarkadakoa. LOGSE garaian, infantilizazioari bide emango ziola esaten genuen, hau da, ikasleak gero eta umeago izatera behartu, eta heldutasuna atzeratu. LOGSEk, duela hamar urte, ordu arte BBB eta UBI zena banatu, eta DBH eta Batxilergoa ezarri zuen. 14 urtetik 16ra. Hamar urte geroago, gure irakurketak hein handi batean asmatu genuela baieztatu du, tamalez, egungo ikasleriak heldutasun maila baxuagoa baitauka. Aldaketa honekin, ikasleek ez daukate inolako erantzukizunik, dena eginda ematen diete, ume bezala tratatzen dituzte. Gure ustez, aldaketa hau estrategia bat izan da, etorkizuneko gizartea horrelakoa izan dadin, sumisoa eta akritikoa.

Egoera horri aurre egiteko ikasleriak sujektu iraultzaile izan beharko du?

Irakurketa hau ez da berria, baina orain beste faktore bat ere badugu: Bologna prozesua. Unibertsitatean ezarri nahi duten prozesu honek ikasle profil berri bat bultzatzen du, guk full time izena eman diogu, eguneko ordu orotan ikasle izatera behartu nahi gaitu Bolognak. Faktore hori berria da. Orain arte ikasle mugimenduak bazuen bere burua antolatzeko eta borrokatzeko gaitasuna, baina infantilizazioaren auziarekin eta ikasle profil berri horrekin, ikasle mugimenduaren antolatzeko eta borrokatzeko gaitasuna mugatzen ari dira, alde guztietatik gainera. Horregatik ikusten genuen hausnarketa egiteko beharra. Etorkizuneko ikasle borroka bermatze aldera, ikasle mugimenduaren osasuna zaintzeko horma baten beharra ikusi genuen. Kongresu honetan, ondorio nagusienetakoa hori da, ikasleria sujektu iraultzaile bilakatze horretan horma batzuk eraikitzea.

Emaitzak ikusita, baduzue ikasleen babesa unibertsitateetan egiten diren bozketetan?

Guk instituzio horiei ez diegu inongo zilegitasunik ematen, eta are gutxiago instituzio horiek aukeratzeko sistemari. Modu arinean antolatzen dituzte hauteskundeak, inolako lanketarik gabe eta instituzio horien eginbeharra azaldu gabe. Gainera, instituzioetan egonda ere, ez dute ikasleen hitza aintzat hartzen. Egia da guk hauteskunde horietan parte hartu eta irabazten dugula, baina ikasleok ez diegu zilegitasunik aitortzen marko horiei; guretzat borro-karako esparruak dira instituzioak eta apustu horretan egiten dugu lan.

Bologna prozesuan murgilduta daude unibertsitateak, Klaustroko protestak, ikasleria kanporatzeko legislazioa... Beldurra al diote eztabaidari?

EHUk kurtso hasieratik hartutako jarrera da hori, orain neurri berriak dauden arren. Identifikazioak, Ertzaintzaren kargak hainbat campusetan... Badirudi EHUk disidentzia kolpatzea erabaki duela. Hasieran, Bologna prozesua ezezaguna zen, zalaparta gehiegi atera gabe onartzen saiatu ziren. Baina bai IAk, bai beste eragile batzuek egindako lanaren ondorioz, ikasleria eta komunitate unibertsitarioa jakinaren gainean jartzera behartu genuen EHU. Urte osoa ema zuen ikasleria informatu nahian Bolognarena galdu ezineko trena dela azalduz... Urte beteren ostean, ordea, EHU kolpeka eta mehatxuka hasi da. Beren propagandak ez du lortu ikasleria eta komunitate unibertsitarioa konbenzitzerik.

Dena dela beraiek badute egiteko argia: kosta ahala kosta Bologna prozesua aplikatzea. Informazioarekin lortu ez dutena orain egurra emanda lortu nahi dute. Unibertsitateko agintariak gu egurtuta isildu edo kikilduko garelakoan daude; horrela, Bologna arazo gabe ezarriko dutela uste dute. Baina oker daude.

Bologna prozesuak hezkuntza enpresen esku utziko duela diozue.

Hezkuntza merkatuaren mesedetan egotea ez da kontu berria, baina orain arte ezkutuan egin izan den praktika da hori. Alta, Bologna prozesuarekin, argi eta garbi, mozorroa kendu dute. Bolognak dakarrena izugarria da; ezer ezkutatu gabe, orain unibertsitatea enpresen esku utziko dutela esatea da. Instituzioek atzerapauso nabarmenak eman dituzte. Euskal Herriaren beharren eta euskal ikasleriaren beharren kontrako norabidean gainera.

Alabaina, gauza guztiek dute alde positiboa. Bolognak zalaparta egiteko aukera ematen du. Agintari guztien maila zein den argi geratu da, eta nahiz eta egoera okerragorantz eraman, jendea ohartarazteko balio izan du. Horrek, azkenean, gure alde egiten du. Euskal Herriaren beharrak aseko dituen euskal curriculuma eta euskal unibertsitatea gero eta ezinbestekoak dira eta orain jende gehiagok sinesten du horretan.

Aurrera begira baikorrak al zarete? Gogotsu al zaudete lanerako?

Oso baikorrak gara zentzu horretan. Egia da panorama beltza datorkigula, Bologna ezarri izana, eskubide demokratikoen araberako afera ezberdinak... Baina herri mugimenduak herri hau eraikitzeko izan duen gaitasuna ikusita, baikorrak gara. Panorama beltzak lehen ere izan dira, baina herri honek baita ikasleek ere, egoerei buelta emateko izugarrizko gaitasuna daukatela erakutsi dute beti eta orain ere erakutsiko dute. Hori da Itzartu prozesuaren muina, ikasleok hitza hartzeko eta defendatzeko momentua da.

hitza

«Euskal ikasleei hitza hartzeko eta hitz horren alde egiteko unea iritsi zaie. Orain da gure garaia»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo