GARA > Idatzia > Kirolak

AUTOMOBILISMOA Berri onak

Arrateko Igoera, Espainiako Txapelketarako puntuagarria

Datorren urteko uztailaren 25, 26 eta 27 gorde dituzte egutegi ofizialean

p047_f01_148x96.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Albistea, orain arte zurrumurrua baino ez zena, ofiziala da jada. 2008ko Arrateko Igoera Espainiako Mendi Txapelketarako puntuagarria izango da. Hala dago aurreikusita Espainiako Automobilismo Federazioak joan den abenduaren 13an sinatutako akordioan. Hain zuzen, datorren urteko egutegi ofiziala onartzen du akordioak.

Escuderia Eibar antolatzaile taldeak jakitera eman duenez, XXXVII. Arrate-Arrate Igoera datorren urteko uztailaren 25, 26 eta 27an egingo da eta denboraldiko bosgarren proba izango da Espainiako Igoera Txapelketaren egutegian, nahiz eta oraindik beste hiru lasterketa geratzen diren data zehazteko.

Antolatzaileek espero zuten izendapen hori, izan ere, Arrateko Igoerak puntuazio bikaina jaso baitzuen iaz Espainiako Federazioak egin ohi duen aurre inspekzioan. Diotenez, «inpresio oso onarekin joan ziren bai lasterketa antolatzen duen giza taldeagatik, bai kirol probaren emaitzagatik».

Kontuan izan behar da Arrateko Igoerak historia luzea eta emankorra duela. 1968an sortu zen Eibarko automobilismo proba hau eta, ordutik, euskal egutegiko probarik garrantzitsuenetako bat izan da beti. Zenbait urteko hutsunea eta gero, azkenean, Escuderia Eibar taldeak bere helburua lortu du: Arrateko lasterketa Espainia mailako proba garrantzitsuenen artean sartzea berriz ere.

Aurtengo denboraldia Moratalla, Ubrique, Fito, Santo Emiliano, Arrate, Marmol, Coll de Rates, Totana, Ibiza eta Trassierrak osatuko dute. Azken hiru probek ez dute oraindik data zehaztuta eta, guztira, hamar proba izango dira. Dakigunez, lehenengoa Moratallakoa izango da, Murtzian, datorren martxoaren 21, 22 eta 23an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo